Euskaldunatik irten da

Euskaldunatik irten da

Ibai Maruri Bilbao

Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms eta Mahler. Batzuk, Austrian jaioak; besteak, atzerrian. Baina guztiak elkartu ziren Viena inperialean, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran. Hil ere, hantxe hil ziren seiak. Gaurtik domekara, XX. Musika-Musica jaialdiak musika klasikoaren hiriburuko konpositore haien doinuak ekarriko ditu Bilbora. Agertoki berrietan egingo da aurten: Euskalduna jauregian ez ezik, Azkuna zentroan, Elkarte Filarmonikoaren Auditoriumean eta EHUren Bizkaia aretoan ere izango dira musika emanaldiak.

“Bilbo musikaren Europako hiriburua izango da berriz ere, eta aurten omentzen dugun Vienak bezala musika bizi duen hiri batek zer sentitzen duen erakutsiko dugu. Vienako musikan aukera paregabea aurkituko dugu, ordu batzuetan bada ere, egoera zail eta luze honetatik ihes egiteko”, esan du Joan Mari Aburto Bilboko alkateak. Lehen, Bilbao 700 fundazioak antolatzen zuen jaialdia, baina, hura desegin zenetik, Bilboko Udaleko Kultura Sailak hartu du zuzenean ardura hori. Gonzalo Olabarria Kultura zinegotziak azpimarratu du udalak bere programazio kultural osoan tokiko talentuaren aldeko egiten duela: “Musika-Musicak beti egin du kalitatearen aldeko apustua, eta harrotasunez esan dezakegu orkestra sinfonikoa, elkarte korala eta artista garrantzitsu ugari dituela jaialdiak. Musikari gehienak Euskal Herrikoak dira”. Izan ere, pandemia dela eta, aurten murriztu egin behar dute beste urte batzuetan Europa osotik etorri izan diren artisten presentzia.

Orkestrak eta abesbatzak

Osotara, 36 kontzertu eskainiko dituzte hiru egunetan. Goi mailako hasiera izango du gaur jaialdiak. 19:00etan, Euskaldunako auditoriumean, Beethovenen Bederatzigarren sinfonia re minorrean opus ezaguna entzuteko aukera egongo da. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du, Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean. Musikariekin batera, Bilboko Koral Elkartea, Mirel Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Mikeldi Lopez tenorea eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa ariko dira kontzertuan.

Era berean, nabarmentzekoa da domekan, 19:30ean, Euskaldunan izango den beste kontzertu bat. Iker Sanchezek zuzendutako Bilbao Sinfonietta orkestrak lehenengoz joko du Musika-Musican. Horretarako, Mozarten Requiema re minorrean obra aukeratu dute. Bilboko Koral Elkartea, Vanessa Goikoetxea sopranoa, Maite Maruri mezzosopranoa, David Alegret tenorra eta Christopher Robertson baritonoa izango dituzte bidelagun.

Bihar eta etzi, Elkarte Filarmonikoaren auditoriumean, Frantziako Les Dissonances orkestrak Mozarten biolinerako kontzertuen integrala interpretatuko du, David Grimalen gidaritzapean. Azkuna zentroan, berriz, ]W[ Ensemble orkestra suitzarrak Mozart eta Beethovenen haizerako kintetoak joko ditu. Beste emanaldi aipagarri bat bihar izango da, 19:30ean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Euskaldunan eskainiko duena: Gustav Mahlerren Laugarren sinfonia sol maiorrean, Serena Saenz sopranoarekin, Semyon Bychkoven zuzendaritzapean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.bilbao.eus/musika-musica/2021/