“Bitxia da Barakaldotik euskal rap talde ospetsuak atera izana”

“Bitxia da Barakaldotik euskal rap talde ospetsuak atera izana”

Natalia Salazar Orbe

Katana bideoklip berria argitaratu du Maria Lopez Laize MC rap abeslariak (Barakaldo, 2000). Gaur Santutxuko (Bilbo) Karmelan egongo da, eta, bihar, La Bernarda Fest jaialdian. Artearen inguruko emakumeak elkartuko dira han, Bilboko Zawpen.

“Ez dut haiek bezalakoa izan nahi. Ez dut haien jokoan sartu nahi. Arima jarriko lukete salgai”, diozu zure azken abestian, egungo musika komertziala kritikatzeko. Zergatik kritika hori?

Azken urtean oso zaila izan da musika ateratzea eta musikaren alorrean pertsona aktibo izatea. Neure burua gauza batzuk egitera behartuta ikusi dut. Esaterako, Instagramen edo Youtuben zuzenekoak egin behar genituen, argazkiak atera, bideoak bidali… Konfinamenduaren ostean kalera itzultzean, jendea gauzak egiten hasi zen berriro. Ni oraindik ez nengoen prest. Egoerari buruz hausnartzen eta inguruko musikariei erreparatzen hasi nintzen. Ondorioztatu nuen batzuetan behartuta sentitzen garela gauza batzuk egitera. Ez badituzu egiten, badirudi ez zarela kulturaren parte. Badirudi aktibo egon behar dugula egunero, eta sare sozialak egunero elikatu. Nahiz eta musikaria izan eta neure burua musikari moduan ikusi, batzuetan sentitzen dut era horretako gauzak ez egiteagatik ez naizela horren parte. Banaiz, ordea. Izan gaitezke artista eta kulturaren parte gaur egun egin behar diren gauza horiek egin gabe.

Erraza al da musika komertzialaren mundu horretatik kanpo lekua aurkitzea?

Ez da oso erraza. Erraza da musika egin eta sare sozialen bidez eta teknologia berriei esker musika hori zabaltzea. Baina zaila da kontzertuak aurkitzea eta elkarrizketak lotzea telebistan edo irrati saioetan. Badirudi eskema batzuei jarraitu behar diegula mundu horretan sartzeko. Eskema horretatik ateratzen bazara, zaila da.

“Itxurakeria; kulturaren zikinkeria; beti doaz diruaren bila”, diozu. Eta, horren aurrean, aldarrikapena: “Ni naiz Taupaka, kultura duina”. Zer da kultura duina, eta zeintzuk helburu ditu Taupaka elkarteak?

Kultura duina egiten dute gauzak euren modura egiten dituzten musikariek.Taupakan txikitatik ikusi ditudan artistek hala egiten dute. Ez dituzte bete nahi gizartean dauden musikarien eskema horiek. Gure bidea sortzen dugu, eta sare bat osatzen dugu. Batak besteari lagunduta eta elkarlanean arituta lor ditzakegu kontzertuak edota elkarrizketak. Sortzaileek beren lana zabaltzeko behar duten guztia lor dezakegu eskema horiei jarraitu gabe.

Euskarazko raparen erreferente asko Ezkerraldean sortu dira. Kasualitatea al da, ala bertako egoera sozioekonomikoaren ondorio?

Ez dakit kasualitatea den. Oso bitxia da Barakaldotik oso euskal rap talde famatuak atera izana: 121 Krew talde erreferentea izan da, eta Barakaldo ez da oso herri euskalduna. Ezkerraldean hainbeste talde ateratzea bitxia eta oso polita da. Hunkitu egiten nau. Oso berezia da. Babestu eta bultzatu behar dugun gauza bat da.

Ba al duzu erreferenterik?

Norte Apache eta 121 Krew taldeak izan dira beti nire erreferentzia. Ni haiekin hazi naiz. 12 urterekin hasi nintzen haien musika entzuten. Haiei esker hasi nintzen rapa egiten. Haiek erakutsi zidaten mundu hau guztia. Gaur egun ere elkarlanean ari naiz haiekin. Haiek dira nire mentoreak. Ia familia ere badira. Haiek barik, ez nukeen rapa egingo.

1970eko hamarkadan hip-hopa sortu zenean, Bronxen (New York, AEB), emakume askok parte hartu zuten bizilagunen protestetatik sortutako kantu inprobisatuetan. Baina ikusgaitasuna gizonek bakarrik hartu zuten. Erraza eta erosoa egin zaizu mundu horretan murgiltzea?

Zaila da emakume izatea, baina Euskal Herrian, oro har, oso ondo zainduta daude emakume musikariak. Diskriminazio positiboa ere sentitzen dut. Babes handia sentitzen dut, baina gertatu zait kontzertu batera joan eta kontratatu nautenek nire musika inoiz entzun ez izana, eta ia ez jakitea nor naizen. Bakarrik emakume izateagatik deitu izan naute. Horrek kontraesanak sortzen dizkit. Zaila da. Hala ere, gero eta emakume gehiago gaude; baita elkarlanean aritzen ere. Polita da. Nik uste dut hemendik oso urte gutxira nahiko parekatuta egongo garela. Hori espero dut.

Diskoa ateratzea aurreikusten duzu, ala tarteka bideoklipak egiten jarraitzea da zure asmoa?

13 urte nituenetik ari naiz rapa egiten, eta inoiz ez dut sentitu behar hori. Heldutasun artistikoa eta pertsonala lortzean, gustatuko litzaidake lan bat ateratzea: sorkuntza kohesio eta heldutasun artistiko batekin egitea. Uste dut ez dudala oraindik nire potentzial artistiko osoa askatu.