Azal gorridunok

Oso azkar hitz egiten dut; eta eguzkiak, haize hotzak edota tenperatura aldaketek aurpegiko azala gorriarazten didate. Bi gauza horiek oso presente ditut, baina bada aldiro-aldiro gogorarazten dizun jendea. Neguan berogailua martxan duen taberna batera sartzen zara zure bufanda eta zure jaka, eranzten dituzu denak eta korrora gerturatzen zara. Bat-batean parean duzunak harriduraz esaten dizu: “Zeinen gorri zauden!”. Zuk baietz erantzuten diozu, badakizula. Benetan sentitzen ez duzun irribarre batekin ematen dizkiozu azalpenak eta berak buruarekin baietz egiten dizu. Amaitzen duzunean: “Eske pasada bat da; ze gorri…”, eransten dio elkarrizketari. Amorratuta zaudela uste duzu, baina lotsatuta zaude. Amorratzeko zure buruarengan bestelako segurtasun bat behar zenukeela pentsatu duzu, eta zaila zaizu berez txarretik ezer behar ez lukeen hori natural bizitzea.

Nik ikasi dut nire aurpegiko azal sentibera maitatzen, baina oraindik ere kosta egiten zait, nire aurpegi gorritua sarri ikusi arren, ikusten duen aldiro zerbait esan beharra duen horren aurrean hamar zentimetro ez txikitzen. Antzeko zerbait gertatzen zait azkar berba egitearekin ere. Uler dezaket prozesatzeko azkarregi berba egiten badut, norbaitek errepikatzeko eskatzea. Baina nik ez dut azkar hitz egiten inoren buruak katramilatzeko. Nik azkar hitz egiten dut, azkar hitz egitea ateratzen zaidalako. Marc Girok esandakoak ere izango du zerikusirik, ziur, baina gaur ez nahiz analisi horretan sartuko.

Aste honetan bertan gogorarazi dit aspalditik ezagutzen dudan batek azkar hitz egiten dudala. Arin hitz egiten dudala esan zidan, baina azkarregi hitz egiten dudala adierazi zidaten bere azalpenek. Barruan ziztada bat sentitu nuen: ez naiz egoki ari, ez naiz zuzen ari, ez naiz ondo ari. Baietz erantzun nion, banekiela, sarri esaten didatela. Esan zidan ez dagoela zertan pentsatzen den guztia esan, eta berak ezin duela nik esaten dudan guztia prozesatu. Barrenak krak egin zidan. Gaiarekin jarraitu zuen, eta zahartzaroan antzeko zerbait gertatu zitzaion ezagun baten istorioa kontatu zidan; alegia, esan beharraren esan beharrez ezer argirik esaten ez zuen norbaiten istorioa. Helburua parte-hartzailea zuen bilera baten ostean esan zidan hau guztia. Giro onean eta irribarrez eman zidan bere iritzia beste hainbaten aurrean. Nik ez nion esan txarto sentitu nintzenik; irentsi egin nuen.

Ez dut inoren asmo onik zalantzan jartzen; izan ere, badira asmo onez esaten hasi eta bidean desitxuratzen diren mezuak. Askotan, zure ustez kuriosoa edo deigarria den hori zurrunbilo bat izan daiteke parean duzunarentzat. Kalibratzen ikastea ere garrantzitsua iruditzen zait; norbaiti zerbait esan aurretik, esan behar duzun hori norentzat edo norengatik esaten duzun pentsatzea. Esaten duzun horretan zenbat den konparaketa, zenbat den botere lehia, zenbat duen norbere buruarekin bakean ez egotetik… Esatea libre da, baina baita ez esatea ere. Azala gorritzen ez zaionari barrua belztuko zaio, eta hitz egiteko abiadurarik ez duenak gauez ezingo dio buruari isiltzeko eskatu. Bakoitza bereak bizi du, zain dezagun elkar gehiago (zaindu adiera bakarrean ulertuta).