Profesional bat

Han ikusten dut goizaldean, ehizara ateratzen naizenean. Berdin iluntzean, etxera esku hutsik bueltatzen naizenean. Hiriko sarreran dagoen semaforoan egoten da. Aproposena bere kadentzia luzeagatik, neska gazte horrek semaforo gorrian geldi dauden auto gidarientzako egiten duelako lan. Kagoendioska hasten naiz ikusi orduko.

Mazoekin egiten du saioa: hirurekin hasi, konturatu orduko lau mazo kudeatu, eta, gutxira, bostekin jolastera iristen da, zirkuan bezala, are zailago. Ezina ekinez egina. Auto gidarien arreta lortzen du. Ez bakarrik trebeziagatik, saioari irribarre zabal eta kutsakor batekin aurre egiten diolako, eta, azken traka iristen denean, neskak seigarren mazoa gerripetik ateratzen duenean, hiri bazterreko semaforo batean ez, Parisko Folies Bergere, edo New Yorkeko Radio City Music Hallen daudela amesten dute ikusleek.

Dirua batzeko ordua iritsi da. Artilezko txano gorria eskuan duela ilaran dauden autoetara hurbildu da gaztea, sekula galtzen ez duen irribarrearekin, eta, orduan, lehenengo kotxeraino ere iristeko ia denborarik gabe, semaforoa berde jarri da, eta auto guztiak irteten dira abiada bizian.

Neskak ez du, haatik, kemena galtzen: argi berdearekin hurrengo saiorako prestatu, eta argia aldatu bezain pronto hor dago berriro ere, kotxeen aurrean, bere mazoak eta bere irribarrearekin. Semaforoaren kadentzia luzea da, baina neskaren saioa ere luzea, eta egoera bera errepikatzen da egun osoan. Neskak ez du dirurik batzeko astirik, eta, okerrena, badirudi bost axola zaiola.

Atzo eztanda egin nuen. Aste osoan harrapakinik lortu barik nengoen, eta neskak ordainduko zuen ostia txarra. Esan nion ea ezin ote zuen saioa laburragoa egin, dirua batzeko astirik izateko, ala ze arraiotara etortzen ote zen egunero-egunero semaforo alu horretara; amorru bizitan jartzen nintzela ikusten nuen bakoitzean eta ez jarraitzeko ergel jokatzen, ostia.

Neskak irribarrez erantzun zidan asko kostatuta lortua zuela sei mazorekin aritzea, harro zegoela, eta, saioa laburtuz gero, akaso diru gehiago lortuko zuela, baina ez ziola bokazioari traiziorik egin nahi, eta bla, bla, bla. Hitza oraindik ahoan zuela alde egin nuen, kagoendioska.

Gaur goizean, lanera atera naizenean, hurbildu egin zait, eta irribarrea galdu gabe esan dit arrazoi dudala, pentsioko jabeak kalera botatzeko mehatxua egin diola zorrak kitatu ezean, eta badela garaia burua zentzatzeko. Artista izateko ametsa baztertu, eta saioa laburtuko duela; kale gorrian ez geratzearren bost mazorekin egingo duela gaurtik aurrera.

Orain, lanetik bueltan nator, esku hutsik, nola ez, eta neskaren saioa ikusten geratu naiz. Agindu bezala, bost mazorekin aritu da, baina saioa bukatu orduko, dirua batzen hasi, eta ziztuan semaforoa berde jarri zaie gidariei.

Harritu egin naiz, eta kioskoan egunkariak saltzen dituen morroiak argitu dit kontua: “Ez al zara enteratu udalak semaforoen kadentzia bizkortu duela, trafikoa arintzeko asmoz? Orain gorriak gutxiago irauten du”.

Neskak, urrundik ikusi, eta diosala egin dit. Irribarrez, kagoendios! Saioa lau mazorekin egin beharko zuela esatekotan egon naiz, baina isilik geratu naiz. Konturatu naiz badudala harrapakina aste honetarako. Hor duzue pertsonaia. Nahi nuke harengatik merezi dudana kobratu, baldin eta artikulua oso-osorik irakurtzeko astirik baduzue.