Ikastetxetik kanpoko hezkuntza

Ikastetxetik kanpoko hezkuntza

P. Azpillaga Diez

Ikasturte honetan, ikasleek inoiz baino gehiago ikusi dituzte beren buruak ikastetxetako hormen artean harrapatuta. Besteak beste, ezarri diren osasun neurriek harremantzeko dituzten aukerak murriztu egin dituzte. Hala ere, hezkuntza baldintza berezietan garatzen ari den urte honetan ere, badira bestelako eredu pedagogiko baten alde egiten jarraitzen duten hezkuntza zentroak. Bizkaiko Hitza haietako batzuekin mintzatu da.

“Aurten kanpoan ahalik eta ekintza gehien egiten saiatzen ari gara”, nabarmendu dute Erruki Aberasturi eta Alaitz Ajuria Natxituko Haizeder eskolako zuzendariak eta ikasketa buruak. “Batzuetan helburua ludikoagoa da, besteetan pedagogikoa, baina, betiere, gure ingurua baliatzen saiatzen gara”, erantsi dute. Landa eremuan dagoen ikastetxe bat da haiena; kontrakoa egitea “bekatua” litzatekeela uste dute.

Urtaro aldaketak eta zomorroak aztertu, ortua landu… Azaldu dutenez, hainbat dira ikastetxetik kanpo egiten dituzten ekintzak. “Berotegietan landatzen duguna jantokian jaten dugu; umeei prozesu guztia irakasten diegu horrela. Esperimentazioa eta manipulazioaren bidez, gauzak bizitzeko aukera izatea da helburua”, esan du Ajuariak. Eguraldi txarra dagoenean ere kanpora ateratzen dira: “Ez dago eguraldi txarrik, arropa eskasa baizik”.

Mungiako Larramendi ikastolan ere baserri giroa oso presente dagoela azpimarratu dute. Ikastetxean bertan sasoiko produktuak lantzen dituzte. Haur Hezkuntzako ikasleek auzoko baserriak eta bisitatzen dituzte: bertako animaliak ezagutu, ortua landu, ohiturak ikasi… Horrekin batera, baserritarrak ere ikastolara hurbiltzen direla azaldu dute, Nekazariak Eskolan proiektuaren barruan, euren bizimoduari buruz hitz egitera. Nagusiagoak baserri eskolara joaten dira.

Getxoko San Nikolas ikastolan, ostera, hasi berriak dira halako proiektu bat lantzen. Ikasle ohi batekin harremanetan jarri ostean, inguruan dagoen baserri batekin elkarlanean hasi dira. Josu Elortegi ikastolako zuzendari pedagogikoak azaldu du ikasketa prozesua “baserriko esperientzia bizitzearekin batera” uztartu nahi izan dutela, baserriko esparru guztiak ikasleen artean ezagutzera emateko asmoarekin. Lehen baserri eskola batera “noizbehinka” joaten ziren, baina proiektu berriari esker, etengabe landu ahal izango dute aurrerantzean. “Oinez hogei minututan heltzen gara baserrira. Orain hango urte osoko gertaeren berri izan dezakegu, eta jasotako irakaspenei jarraipen bat eman”. Aurten, artoaren prozesua landu dutela kontatu du: landatzeko momentutik errotara irina egiteko eraman eta taloak egiteraino. “Era horretan, prozesuak hasieratik amaierara arte ezagutu ditzakete ikasleek”.