Eragiteko topagunea

Eragiteko topagunea

Natalia Salazar Orbe

Langilea, langabea, erretiratua, gaztea, adinekoa, kirolaria, bertakoa, migrantea… Izaera eta mota guztietako emakumeei konfiantzazko eremu batean elkartu, saretu, hausnartu eta euren jabekuntza prozesuan eragiteko espazioak eskainiko dizkieten etxeak sortzen ari dira hainbat herritan; besteak beste, Portugaleten eta Galdakaon. Toki abegikorrak sortzea da asmoa; kultura artekoak, integratzaileak eta belaunaldi artekoak. Bizkaian hainbatek egin dute jada bide hori: Durangoko Andraguneak, Basauriko Marieneak, Ondarroako Etxelilak, Ermuko Emakumeen Topalekuak eta Balmasedako Emakumeen Etxeak, kasurako.

Portugaleten bi urteko prozesua egin dute jada. Aurreikusi dute datorren urterako izango dutela etxea. 25 emakume ari dira egitasmoaren talde eragilean. Itsaso Palacio Rodriguez da horietako bat. Kontatu du mugimendu feminista —bertako kidea ere bada— eta beste talde batzuk emakumeen etxearen beharra aldarrikatzen hasi zirela aspaldi, Portugaleteko Udaleko Berdintasun Batzorde Mistoan. “Udalak herrian antolatzen diren Berdintasun jardunaldiak baliatu zituen emakumeen etxea eratzeko hausnarketa prozesua egiteko”. Urtebetetik gora pasatu da orduz geroztik. Dagoeneko ibilbide orria finkatu dute, nahiz eta lan asko duten oraindik egiteko.

Oinarriak ezarri dituzte. Rodriguezek azaldu ditu: “Argi izan genuen gune feminista bat izan behar zela; emakumeen ahalduntzea eta beharrak, interesak eta pairatzen dituzten zapalkuntzak ikusteko espazio bat. Han, ahizpatasuna eta ahalduntzea izan behar dira helburu nagusiak”.

Ez hori bakarrik. Portugaleten bizi diren emakumeen arteko sarea handitzeko eta denen artean eragin politikoa egiteko asmoa ere badu proiektuak. Rodriguezek ikusten ditu horretarako zailtasunak: “Portugaleten aniztasun handia dago, eta gure arteko sareak eta harremanak izatea ez da hain erraza. Emakumeok, gainera, zapalkuntza eta zailtasun handiagoak pairatzen ditugu, eta zailagoa egiten zaigu elkartzea. Etxeari esker, aukera bikaina ikusten genuen emakume askotarikoen sare bat sortzeko”.

Prozesua oso aurreratuta dute. “Hausnartu dugu edukiei buruz; espazio fisikoari buruz; kudeaketa eta gobernantza nola izan nahi ditugun; zeintzuk izan behar diren helburuak, eta zeintzuk diren gure printzipioak. Hori adostuta daukagu”. Idatziz jaso dituzte helburuak: emakume guztiak hartuko ditu; emakumeen aniztasun osoa onartuko du; bide emango die jabekuntzarako eta euren burua eraikitzeko; sareak ehunduko dituzte, eta politika publikoei eragingo die.

Etxeak izango dituen printzipioak ere jaso dituzte: etxe feminista izango da; dinamikoa eta irisgarria; parte hartzailea eta aktiboa; eraldatzailea; ekologikoa eta jasangarria; bertan seguru sentitzeko eremua eskainiko du.

Aniztasuna helburu

Herriko emakume guztiengana iritsi nahi dute orain. “Ikusi dugu partaidetza partziala dela. Oso emakume gazte gutxik hartu dute parte. Emakume gazteak falta dira, baina baita disidenteak ere: aniztasun sexualeko emakumeek ez dute parte hartu etxeari buruz hausnartzeko prozesuan. Beste kulturetako oso emakume gutxi daude, gainera”.

Hori dela eta, proiektuari jarraipena eman aurretik lantaldeak sortzea erabaki dute. Talde horietako baten lana da sareok ehuntzea, era askotako emakumeei proiektuan parte hartzera animatzea. “Euren aldarrikapen guztiak ezagutu nahi ditugu. Eta zapalkuntzen berri jaso. Horiek guztiak ikusarazi eta aldarazi nahi ditugu, benetan alternatiba sakonak egiteko. Ikuspegia erabat aldatzen baita emakumeen parte batek bakarrik egiten badugu lan hori: klase ertainekoak, zuriak eta euskaldunak. Beharrezkoa dugu hainbat zapalkuntza eta interskzionalitate pairatzen dituzten emakumeak batzea. Gainerakoan, ez dugu aldatuko sistema. Eta, horretarako, aniztasuna behar dugu”.

Urdibai enparantzan euskaltegi zaharra zegoen eraikinean egingo duten etxeari Bidatzenea izena jarriko diote: “Herriko festarik ezagunena da Andra Mari Bidatzekoa. Oso identitate boteretsua du guregan. Bestalde, emakumeen borrokaren eta eraldaketaren gidari gisa planteatzen dugu. Bi elementuok batzen ditu”.

Hasiberriak

Galdakaon, berriz, bidea hasi berri dute. Han ere beharrezko ikusten zuten “leku bat emakumeak elkartzeko, esperientziak partekatzeko eta eroso eta libre sentitzeko”. Hala azaldu du Janire Markina Gilek. Momoak talde feministako presidentea da, eta emakumeen etxea sortzeko talde eragileko kidea. “Guretzat oinarria hurbileko eta konfiantzazko etxea izatea da. Emakumeak eroso sentitu behar dira”.

Erabide emakume taldeko kide Miren Alapont ere antzera mintzatu da. Galdakaoko Berdintasun kontseilua sortu zenetik ikusi zuten beharrezko emakumeen etxea eratzea. “Erreferentzi puntu bat ere izango da emakumeen ahalduntzea lortzeko”, adierazi du. Haren esanetan, “banakako ahalduntzea eta talde osoarena ere lortzen da” proiektuon bidez.

Orain arte batzar gutxi batzuk egin dituzte, eta proiektua herri osora zabaltzea dute helburu. Ahalik eta emakume gehien elkartu nahi dituzte, herriaren aniztasun guztia jasotzeko. Markinak esan duenez, han ere hainbat esparrutako ordezkariak falta dituzte. “Guk ezin dugu erabaki migratzaile batek zer behar duen; edo auzoko batek, emakume alargun batek edo kirolari batek. Emakume bakoitzak bere beharrak ditu. Aniztasun hori batu behar da, eta proiektu amankomun bat egin. Hori da asmoa”. Alaponten ustez, emakumeen etxeak emakumeen parte hartzea lortu behar du, inplikazio handiagoa izan dezaten. “Parte hartzea bilatzen du, ahalduntzea bultzatzeko eta emakumeen protagonismoa sustatzeko”.

Etxea non eraikiko duten erabaki gabe dago. Hausnarketa prozesuan ateratzen diren beharren arabera erabakiko dute zer egin eta non, udalaren babesarekin.