Biki Pozo: “Marieneak batu gaitu herriko plazak batuko ez gintuzkeen eran”

Biki Pozo: “Marieneak batu gaitu herriko plazak batuko ez gintuzkeen eran”

N. S. O.

2012ko maiatzean sortu zuten Marienea Basaurin, emakumeak elkartzeko, hausnarketak egiteko eta jarduerak dinamizatzeko espazio gisa jarduteko. Biki Pozo (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980) Marienea emakumeen etxea kudeatzen duen elkarteko kideak kontatu du etxearen ibilbidea.

Ia bederatzi urteren ondoren, zer da Marienea?

Marienea feministon eta ideien fabrika bat da, eta feminismoaren laborategia. Gauza asko mamitzen dira han. Batez ere, jakinduria. Guretzako gune segurua ere bada geure gauza, aldarrikapen eta beharrei buruz hitz egiteko eta trebatzeko. Marieneak, nahiz eta COVID-19aren garaiotan egon, bizitza handia du. Mugimendu itzela dago. Formazio handia dago. Beti dago zerbait. Etengabeko mugimenduan dagoen gune bat da, eta emakume guztiek dute lekua bertan. Berdin dio nongoa zaren edo zer koloretako azala duzun. Etxea da, eta gure etxe bezala sentitzen dugu.

Urte guztiotan aldatu egin al da?

Aldatu da, bai, hazi egin delako. Agian, helburua ez da aldatu, baina aldatu da, bizitza eta emakumeen beharrak aldatu diren heinean. Aldatu dira aldarrikapenak eta bertan eskaintzen diren gauzak. Saiatzen gara gizartearen erritmoarekin batera joaten.

Zer eskaintzen du Marieneak?

Marienean udaleko berdintasun teknikaria dago. Beraz, Berdintasun Saila, hein batean, hor dago. Hori estrategikoa da. Marienearen birika den Jabekuntza eskola bertan dago. Bertan egiten diren ikastaro eta trebakuntza eskaintzak marko horren barruan kokatzen dira. Sexu informaziorako bulegoa ere han dago. Emakumeen informazio bulegoa ere bai, eta beste programa batzuk ere markatzen dira bertan. Besteak beste, gazteei bideratutako egitasmo bat Marienetik kudeatzen da. Bestalde, emakumeen informazio bulegoan, harrera egiteaz gain, aholkularitza zerbitzua ere badaukagu. Bertan psikologo eta abokatu bat daude. Etxeak baino urte gehiago ditu zerbitzu horrek. Guretzat lorpen bat da zerbitzu hori Marienea barruan egotea. Dena dago estrategikoki pentsatuta. Marienea zirkularra da. Era horretan diseinatu zen. Sexu formaziorako bulegora joateko pasa zaitezke, nahi izanez gero, emakumeentzako informazio zentrotik, gure langileak dauden lekutik. Denak dauka zentzua.

Garrantzitsua al da atal horiek guztiak leku berean egotea?

Bai, noski. Proiektuari sena eta gorputza ematen dizkio. Pentsatu zerbitzu horietako bakoitza auzo batean kokatzen dutela Basaurikoa bezalako herri handi batean. Deszentralizazioak sakabanatu egingo luke proiektua. Esku hartzeak hobeak dira denak batera egonda. Eta irudikatzen ditugun proiektuak ere globalagoak eta egituratuagoak dira.

800 emakume elkartzen ditu Marieneak. Horiek denek islatzen al dute Basauriko emakumeen aniztasuna?

Etorkinak, esaterako, erronka bat dira guretzat. Ni Marieneko talde eragilera sartu nintzenean, gure erronka gazteak erakartzea zen. Marienean egin genuen jarduera baten ondorioz, orain Basaurin gazte talde feminista bat daukagu. Marienearen fruitua da. Orain gure erronka da emakume arrazializatuekin lan egitea. Herrian beste leku batzuetan antolatzen dira. Hala ere, parte hartzera deitzen zaienean, etortzen dira. Aniztasuna badago, baina ez nahiko genukeen beste. Gure beste lorpen bat da Basauriko asanblada feminista. Azkeneko greben ostean sortu da.

Aniztasun horrek zaildu al du adostasuna lortzea eztabaidaren batean?

Ez, baina erronka bat izan da euskararen presentzia bermatzea emakumeen etxeetan. Batez ere, Basaurikoan. Sortu behar izan genuen batzorde bat presio talde moduan aritzeko, eta, gutxienez, marra gorriak markatzeko. Barne gatazka txiki bat izan da. Gauza batzuk hausnarketara eraman beharko genituzke. Besteak beste, zer-nola iritsi zuriak ez diren emakumeengana edo aniztasun funtzionala dutenengana. Agian, iritsi da hausnartzeko garaia. Utzi gauzak ekoizteari eta egin dezagun diskurtso bateratu bat.

Marieneak eragin al du emakumeen arteko harremanean?

Bai. Marieneak batu gaitu herriko plazak batuko ez gintuzkeen moduan. Marienean harremana dut nire bizitza pertsonalean kontakturik izango ez nukeen emakume batzuekin. Belaunaldi askotako emakumeak daude. Politikoki berdin pentsatzen ez dugun arren, feminismoak batu egiten gaitu; askotariko emakumeak batu ditu gune berean.

Beharrezkoak dira etxeok?

Militante feminista moduan, uste dut beharrezkoak direla emakumeen etxeak, eta politika publiko feministak egin behar direla. Era honetako proiektuak lehenengo lerrora eraman behar dira.