Baserri eskolak, itolarrian

Baserri eskolak, itolarrian

Peru Azpillaga Diez

Bizkaiko baserri eskolak arriskuan daude. Egoera aldatu ezean, itxi egin beharko dutela jakinarazi dute. Izan ere, pandemia dela-eta martxoan urtebete beteko dute haien etxaldeetako ateak itxi behar izan zituztenetik. Horregatik, Jaurlaritzari dei egin diote adierazteko haien jarduna bateragarria dela osasun neurriekin. “Oso egoera txarrean gaude. Bakoitza ahal dugun moduan ari gara aurrera egiten, aurreztuta genuenarekin moldatzen, baina egoera aldatu ezean, itxi egin beharko dugu”, esan du Cristina Cela Gautegiz Arteagako Baratze baserri eskolako arduradunak.

“Oso kezkatuta” egin du berba Bizkaiko hiru baserri eskola nagusien egoera zailaren inguruan. Lurraska eta Lapurreketarekin batera, Bizkaiko ikastetxeetako umeen gehiengoa jasotzen dituzte hirurek urtero. Beraz, haien jarduna hezkuntzaren egoerarekiko “erabat” menpekoa dela adierazi du Celak. “Iazko martxoaren 13tik daramagu itxita. Guk udan zabaldu genuen, Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari gure jarduna segurua dela frogatzeko, baina ez du ezertarako balio izan”.

Celak kontatu duenez, hiru proiektuek irailean berriro lanean ekingo ziotela espero zuten. Hezkuntza zentroetatik ere deiak jaso dituztela adierazi du. “Arazoa da irailean Hezkuntza Sailak mezu bat bidali ziela eskolei, esanez aurten ezingo direla baserri eskoletara etorri; baina gurekin ez da inor jarri harremanetan”, esanez kexatu da. “Arazoa ez da eskolek ez dutela etorri nahi; batzuek deitu egin dute. Baina beldurra dago, eta, eskolako zuzendaritzan galdetzen dutenean, ezetz erabakitzen dute, Jaurlaritzak bere garaian ezetz esan zuelako”.

Horregatik, baserri eskolek haien jarduna “segurua” dela aldarrikatu nahi dute. “Udan ireki genuenean, PCR probak egin genizkien ume guztiei, eta gero, haiekin eman genuen hilabete osoa; ez genuen kutsatze bakar bat ere izan”, azaldu du Celak. “Hala ere, urteak hamabi hilabete ditu, eta bakarrean lan eginda, ezinezkoa da proiektuari eustea”. Izan ere, Jaurlaritzatik haien proposamena entzun ere ez dutela egin salatu du, eta, horregatik, martxotik daramatela eskolekin lan egin ezinik. “Bi aste barru bilduko gara, azkenean, Jaurlaritzarekin, baina oraindik ez dakigu ezer. Itxi egin gaituzte, inolako azalpenik ezta aukerarik eman gabe, gurekin kontatu gabe, aukerarik aztertu gabe…”.

Egoera “latz” horren aurrean, Celak mezu argi bat helarazi du: “Datorren irailean martxan jarri ezean, itxi egin beharko dugu… Gure aukeren mugan gaude jada”. Baserri eskoletan mantentze gastuak “handiak” direla azaldu du: “Ura, argia, animalien mantenua… Dena mantendu dugu, martxan zabaltzeko esperantza genuelako”. Horretaz gain, Baratzen, esaterako, hamabi langile dituztela esan du. “Jende nahikotxo gara: bi autonomoak gara, eta beste hamarrak alde baterako enplegu erregulazioan daude”. Azpimarratu duenez, langileen gehiengoa proiektu hasi zenetik ari dira bertan lanean. “30 urte daramatzagu proiektu honekin, pedagogia eredu berriak lantzen eta etengabe berritzen. Orain, 50 urte baino gehiagorekin, langabezian utzi beharko dugu gure jendea?”.

Beste eredu mota bat

Celak nabarmendu duenez, baserri eskoletatik beste hezkuntza eredu baten alde egiten dute. Eta, orain, inoiz baino gehiago, gogora ekarri nahi izan du haien ereduaren garrantzia. “Aurten ume guztiak daude eskolan sartuta. Ikasgelan, geldirik, maskara jantzita. Ia ezin dira kalera atera. Ezin dute praktikan jarri ikasten duten hori. Gela batean egunero jesarrita egotea izan da Hezkuntza Sailak haientzat izan duen proposamen bakarra”.

Celaren ustez, eredu hori “oso kaltegarria” da umeentzat: “Eskola kartzela bilakatu dute, eta beste eredu baten aldeko gure apustua erabat baztertu, sikiera aukera bat eman gabe”. Baratzek 30 urte daramatza jardunean, eta, oro har, ume guztiek positibotzat baloratzen duten esperientzia dela adierazi du Celak. “Guk eskatzen dugun gauza bakarra lanean hasteko aukera izatea da, neurri guztiak betetzen, egiten duguna segurua dela frogatu ahal izatea”.