Txandengatiko saria eskatu dute Urdulizen

Urdulizko ospitaleko erizainak, erizain laguntzaileak, jagoleak eta garbiketako langileak protestan dabiltza, txandaka lan egiten duten arren ez dutelako kobratzen txandengatiko saria. “Osakidetzako ospitale guztietan kobratzen da estra bat bi edo hiru txandatan lan egiten baduzu; Urdulizko ospitalea da salbuespena”, salatu du SATSE sindikatuko Fernando Murciak.

Eguaztenero elkarretaratzea egiten hasi dira ospitale atarian, SATSEk, ELAk, LABek, UGTk,CCOOk, ESK-k eta SAEk deituta. Ohartarazi dute ez dutela baztertzen greba egitea, Uribe ESIko buruek konponbiderik jarri ezean. “Urdulizko langileok dirua galtzen ari gara beste ospitale batzuetako langileekin alderatuz, haiek kobratu egiten dutelako sari hori”. Arduradunekin elkartu direnetan beti argudio bera ematen dietela esan du Murciak: “Saria kobratzeko gaueko txanda ere egin behar dela esaten digute. Beste ospitaleetan ez da hala”.