Organiko guztiak, edukiontzi marroira

Organiko guztiak, edukiontzi marroira

Ibai Maruri Bilbao

Irizpidea aldatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroiak hedatu zirenetik, soilik hondakin organiko gordinak baino ezin izan dira bota. Diputazioak hori justifikatzeko esan izan du eurek “kalitate goreneko” konposta egin gura dutela, eta kozinatutako organikoak kalitatea murrizten duela. “Azkeneko urteetan, bestelako hondakin organikoak ere erabilita sortzen den konpostaren kalitatea aztertu dugu, eta ikusi dugu kalitatea bermatuta dagoela”, argudiatu du irizpide aldaketa Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Martxoaren 1etik, kozinatutako arrainaren eta okelaren hondakinak, hestebeteak eta gazta ere bota ahal izango dira edukiontzi marroira, konposta egiteko.

Aldaketa honetan herritarren esku hartzea nahitaezkoa izango dela esan du Unzuetak. Horretarako, kanpaina bat abiatuko dute. Aldaketaren berri emango duten bideoak sortu dituzte. Bizkaiko harategi, arrandegi eta supermerkatuetan ere irizpide berria azalduko duten kartelak ipiniko dituzte. “Europako Batasunak ezarritako helburuak bete behar ditugu, baina hori baino garrantzitsuagoa dena: Bizkaiarentzat eta planetarentzat ona da. Eta ezin dugu bizkaitarren lankidetzarik gabe lortu, eta badakigu izango dugula”.

Edukiontzian sartuko diren hondakinak aldatzeak konposta egiteko baliabideetan ere aldaketak ekarriko ditu. Diputatuak azaldu du Bizkaiko konpostegian 5,7 milioi euroko inbertsioa egin dutela, hara iritsiko zaizkien hondakin berriak egoki kudeatu ahal izateko. Konposta egiteko prozesu berriak zortzi hilabete iraungo du, eta espero dute urtean 12.200 konpost tona produzituko dituela. Konpostatze sistema bertikal eta modelagarria hautatu dutela azaldu du, espazio gutxi behar duena, baina gehiago behar izanez gero horretarako aukera ematen duena. Bizkaiko konpostegi nagusiaz gainera, eskualdeetako konpost plantak ere izango dira aurrerantzean. Aurten hasiko dira lehenengoekin: Berriatuan, Igorren eta Getxon. “Konposta egiteko prozesua deszentralizatzeak, konpost gehiago egiteko aukera emateaz gain, hondakinen eta konpostaren garraioa gutxitzea ere ekarriko du, eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa ere txikitu”.

2019an, %2,12

Unzueta diputatuak ez ditu eman birziklatzeari buruzko datuak, esanda iazko datuak ez dituztela prest oraindik. Martxoan ezagutaraziko dituzte. Hala ere, esan du 2012an edukiontzi marroia ipini zutenetik bildutako hondakin organikoen kantitateak “etengabe” egin duela gora. 2019ko datuak dira hauek: 12.992 tona bildu zituzten, hau da, Bizkaian sortutako organikoaren %2,12. 2018an, %1,77 izan zen bilketa tasa. “Datorren urtean, aurtengo datuak ematean, igoera nabarmena izan dela esan ahal izatea espero dut”, esan du Unzuetak. Bizkaiko herrien %88k dute edukiontzi marroia.