Larrabetzuk tuperrak banatu ditu, erosketetan plastikoa gutxitzeko

I. Maruri Bilbao

Erosketak egiterakoan plastikoaren erabilera gutxitzeko pauso bat eman du Larrabetzuk: udalak tuperrak eta oihalezko poltsak banatu ditu herriko bost dendatako erosleen artean. “Arraina, fruta, hestebeteak edo okela erosten ditugunean, plastikozko poltsa edo edukiontzietan eroaten ditugu etxera. Hondakin asko sortzen da. Tuper eta poltsa hauekin plastiko hori gutxitzea da helburua”, azaldu du Maripi Agirre zinegotziak.

Esan du 2018an egindako Larrabetzu 2025 gogoeta prozesuan herritarrek agertutako kezka batetik etorri dela egitasmoa: “Ingurumenarekiko ardura zuten, eta, besteak beste, plastikoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartu behar zirela esan ziguten”. Agirre ez da ingurumen gaiei dagokien zinegotzia, baina agintaldi berria hasterakoan hark hartu zuen gogoeta prozesu hartatik sortutako proiektuetan falta zirenak martxan jartzeko ardura. Orain iritsi da plastikoa gutxitzeko egitasmoaren txanda.

Guztira, 250 poltsa eta 150 tuper edo jaki ontzi handi eta 100 txiki banatu dituzte, otsailaren 9an hasita. “Denda bakoitzaren ezaugarrien arabera egin dugu banaketa. Esaterako, arrandegian tuperrak banatu ditugu, batez ere handiak, arraina sartu ahal izateko. Ogitegian eta fruta dendan, berriz, poltsak baino ez ditugu banatu”.

Egitasmoak herritarrek eurek egindako eskaera bati erantzun dionez, Agirrek espero du harrera ona izango duela. Egunotan ibili da dendaz denda, banaketa zelan joan den galdetzen. Gerora erabileraren balantzea egingo dutela esan du. “Larrabetzun lehendik ere bazegoen arrandegian-eta tuperra erabiltzen zuen jendea. Gurean badago ingurumenaren inguruko kontzientzia duen jendea. Baina badira ez dutenak ere. Egitasmo honekin, kontzientzia sortu nahi dugu, eta, aurrera begira, ohitura aldaketa bat eragin”.

Oraingoz banatu duten kopurua ez da handia. Eta banaketa ohiko erabiltzaile diren horien artean egin da. Gainontzekoentzat, txartel sistema bat sortu dute. Egindako erosketa bakoitzeko, txartel bat emango diete. Berdin dio zenbatekoa izan den erosketa, eta ez dute ezinbestean denda berekoak izan beharko. Bost txartel lortu ondoren, poltsa edo tuper handi edo txiki bat eskuratu ahal izango da trukean.

Larrabetzuko egitasmoa ez da berria Bizkaian. Markina-Xemein izan zen lehena. Gero, beste herri batzuek jarraitu zioten. Bizkaiko Hitza ahalegindu da Markina-Xemeinek eta Sopelak ohitura aldaketetan arrakastarik lortu zuten jakiten, baina, urteotako gobernu aldaketak tarteko, egungo arduradun politikoek ez dute orduan egindakoaren berririk izan.