Kokomarroak esnatu dira

Kokomarroak esnatu dira

Ibai Maruri Bilbao

Luis Mari Amundarain Uriarterenak kontatu zion bere ilobari: “Martitzenean jai-erdi zan: goizean behar, baina arrastian festa egiten zan. Etxeko zaharren arropakaz janzten zen jendea, arropa zaharrakaz-eta, arranakaz-eta, larruekaz-eta: ardi larruak, ahuntz larruak… Mozorroa jantzita egoten ziren horiei kokomarroak esaten zitzaien”. Arratiako Arteaga herrian ume sasoian bizi izan zituen aratusteen oroitzapenez galdetu zion ilobak. Harrezkero lozorroan egon izan dira kokomarroak, baina joan den barikuan esnatu egin ziren hamarkada luzeetako lozorrotik. Seguruenik 1936ko gerraren ostean desagertu ziren, beste herri askotan legez.

Joandako Gabon jaietan hasi zen berpizte prozesua. Oier Araolaza gonbidatu zuten neguko jaien inguruko berbaldia egitera, eta, haren aitzakian, herriko nagusien artean galdetu zuten ea umetako aratusteen oroitzapenik zuten. “Hasieran, denek ezetz esan ziguten, Luis Mari Amundarainek kokomarroak aipatu zituen arte. Orduan hasi ginen berriro galdezka ea kokomarroen berririk zuten, eta bai, kokomarroak bazituzten gogoan”, azaldu du Arteako Kokomarroak talde sortu berriko kide Ixone Aromak.

Galdutako aratuste haiek berreskuratzeko lanean hasi ziren, eta lortu dute. Auzolanean sortu dituzte mozorroak. Aratusteak heldu direnerako, dena prest izan dute. Nagusienek gogoratu dutenaren arabera aratuste martitzeneko jaia izaten zen arren, aurten bariku iluntzean egitea erabaki dute: joan den astean kalejira egin zuten kokomarro jantzita 50 bat lagunek; beste 30 bat herritar izan ziren haiei begira.

“Gure aratusteek ez dute beste leku batzuetakoek duten tradiziorik, eta bagenekien ez zela kanpoko jenderik etorriko. Beraz, segurtasun neurriak hartuta, egin genezakeela pentsatu genuen. Pandemiaren urtea ez da aratusteen urtea izan, baina bai Arteagako kokomarroena”. Musikariek lagunduta, kalejiran abiatu ziren eskolatik, eta, behin plazara heldu zirenean, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten taldean: “Arratia aldean ohikoak diren dantzak”. Kuberue izena ipini dioten panpina bat ere sortu dute, eta Infanteko landan erre zuten, haren aurkako epaia irakurri ondoren. Aurten, koronabirusa irudikatu du Kuberuek.

Aratusteak Arteagan

Gehiago ezagutu

Bat-batean eta oharkabean gertatu da Arteagan kokomarroen berpiztea. Datorren urtean ere itzuliko dira, baina aurretik hobeto ezagutu gura dituzte. Aromak esan du herriko nagusien artean gehiago galdetzen jarraituko dutela. Oraingoz, ahozko testigantzak baino ez dituzte lortu. Horiek grabatu egin nahi dituzte, ikus-entzunezko lan bat sortzeko. Baina aurrerago izango da, udaberrian. Grabaketak kanpoan egin nahi dituzte, pandemiagatik, eta eguraldi atseginakoak iritsi arte itxarongo dute. Era berean, bestelako informaziorik lortzen duten ere begiratu nahi dute: argazki zaharrak, esaterako.

Aroma sortzez ez da Arteagakoa; Boroakoa du amama, Zornotzakoa, eta, Arteagako ikerketa honen aitzakian, hari ere galdetu dio umetako aratusteen inguruan. “Haienean ere horrelako pertsonaiak izaten zirela esan dit. Seguruenik herri gehientsuenetan egongo ziren, baina [Francisco Francoren] diktadura garaian desagertu egin ziren”. Arteagan bildu dituzten testigantzak ere garai hartakoak direla esan du. Bada bat, esaterako, umea zela kokomarro jantzita atera gura izaten zuena. “Kontatu digu aitak debekatu egin ziola mozorrotuta irtetea. Seguruenik gerraostea izango zen, eta ordurako txarto ikusita egongo ziren mota horretako ospakizunak”.

Jakin dutenez, andreak eta gizonak, denak irteten ziren kokomarroz jantzita Arteagan: gura zuten guztiek izaten zuten aukera mozorroa jantzi eta musikarien laguntzarekin kalean dantzatzeko. Datorren urteko aratusteetan ere gura duten guztiek izango dute aukera taldearekin bat egin eta kalejiran irteteko.