“Ikastetxeak badauka ziurtatuta gutxienez 10 urteko arrakasta”

“Ikastetxeak badauka ziurtatuta gutxienez 10 urteko arrakasta”

Natalia Salazar Orbe

Eako Haizeder ikastetxeak Eako, Elantxobeko eta Ibarrangeluko 35 haur inguru hartzen ditu. Haur Hezkuntza ikasteko aukera besterik ez dute. Haizeder Handitzen guraso plataformako kide Jon Telletxeak (Ea, 1985) azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak Lehen Hezkuntza ezartzeko baimena ematen duen jakiteko zain daude.

Esan duzuenez, iazko otsailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 2019-2023rako Hezkuntza Azpiegituren Planean sartu zuen Haizederren Lehen Hezkuntza ezartzeko proiektua, eta erredakzio fasean sartu zen. Zer gertatu da horren ostean?

Bilera batzuk egin ditugu. Garrantzitsuena joan den urtarrilaren 25ekoa izan zen. Han ere Elantxobe, Ibarrangelu eta Eako ordezkariak elkartu ginen: bi alkate eta alkatearen ordezko bat, Haizeder eskolako zuzendaritza eta plataformako kide bat. Konturatu ginen informazio falta izan zutela hauteskundeen ondorioz Hezkuntza Sailean izan ziren aldaketengatik, eta berriek ez zutela orain arteko pausoen informaziorik. Han elkartu zirenek —ni ez nintzen egon—, jakinarazi zieten ordura arte egindakoaren berri, eta zer espero dugun. Azaldu zieten datorren ikasturterako Lehen Hezkuntzarako sei ikasle ditugula eta gure beldurra dela beste zentro batera joan behar izatea. Hezkuntza Sailekoek erantzun zuten sei asteko epea hartuko zutela informazio hori guztia jasotzeko eta erabaki bat hartzeko.

2020ko otsailean idatziz jaso zuen Eusko Jaurlaritzak Lehen Hezkuntza ezartzeko erabakia?

Bai, agiria ere badaukagu. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdera bat egin zuen horren inguruan, aurreikusitako obrak zer zentrotan egingo ziren argitzeko, eta Haizeder azaldu zen txosten horretan. Aurrekontuetan azaltzen zen.

Martxoan amaituko da eman zizueten sei asteko epea. Zer erantzun espero duzue?

Espero dugu datorren ikasturtean Lehen Hezkuntza ezarriko duten albistea jasotzea eta denon artean hausnartzen hastea zer-nola ezarriko den: moduluetan egingo den, edo eraikuntza egingo duten udan edo uda aurretik. Datorren ikasturtean hasi beharko luketen sei ume horientzako irtenbidea ahalik eta azkarren topatu nahi dugu, familiak ere lasai egon daitezen.

Joan den ekainean, Arabako Barrundian Haur Hezkuntza hartuko zuen eskola bat egiteko baimena eman zuten, baina Lehen Hezkuntza ez zuten ezarri. Sei ikasle zeuden han ere LHrako. Ratioa arazo izan daiteke?

Inork ez digu horrelakorik esan. Jakin badakigu hainbat zentrotan ume gutxiagorekin ere zabaldu dituztela gelak. Datorren ikasturtera begira 41 matrikula egongo dira ikastetxean; hamabi ume berri datoz zentrora. Gainera, LH zikloka egiten denez, lehen eta bigarren mailak hartzen dituen zikloko lehen ikasturtean sei ume elkartuko lirateke, baina bigarren urtean ziklo horretara beste hamar ume batuko litzaizkieke.

Haizederren Lehen Hezkuntza ikasteko aukerarik ez badago, nora joan behar dute umeek?

Barrutia [Arratzu] tokatzen zaie. Barrutiko ikastetxekoek ere ez dute ikusten inolako arazorik. Kontrara. Animatu gaituzte eta ulertzen dute eskola txikiek indarra hartu behar dutela eta gune guztiek izan behar dutela umeak hazteko aukera hori. Erabat alde daude.

Lehen Hezkuntzarako umeak dituzten familia batzuek Haur Hezkuntzan ere badituzte seme-alabak. Zer esan nahiko luke txikiak Haizederren geratu eta nagusiak beste eskola batera eraman beharrak?

Desordena handia eragin dezake. Askoz lagungarriagoa da umeak leku berean izatea. Familientzat, dena dira erraztasunak. Ikasketak eta metodologia berak erabiliko dituzte. Gerta daiteke ume batek 07:15erako hartu behar izatea autobusa Barrutiara joateko, eta bestea 08:00etarako izan behar izatea prest.

Lehen Hezkuntzara joan behar duten ume horiek matrikulatu gabe geratu dira?

Ez, matrikula behartuta egin behar izan dute. Urtarrilaren 25eko bilera matrikulazio epe bete-betean etorri zen. 29an amaitu zen matrikulazio epea. 25ean ez ziguten eman irtenbide bat. Beraz, umeon familiek matrikula egiteko eskaeran, beste laukitxo batean, Haizeder ipini dute, modu sinbolikoan. Bigarren aukera moduan jarri dute Barrutia.

Jaiotza tasaren beherakada nagusi da orokorrean. Uste duzue zuenean hori ez dela arazoa izango eta Lehen Hezkuntzarako ume nahikoa egongo direla?

Ez da arazoa, ez. Alde batetik, ikastetxeak hiru herri hartzen ditu. Ez dira herri bateko umeak bakarrik; hiru herritako umeak elkartzen dira eskolan. Datorren urtean hasiko diren umeak 2 edo 3 urterekin sartuko dira, eta 12 urtera arte ikastetxean egongo dira. Ikastetxeak badauka gutxienez hamar urteko arrakasta ziurtatuta. Ondo inbertitutako dirua izango litzateke.

2020ko otsailetik joan den urtarrilera arte ez duzue izan harremanik Hezkuntza Sailarekin?

Ez. Saiatu gara harremanetan jartzen, baina ez dugu lortu. Idatziz, posta elektronikoz eta telefonoz ere bai. Erantzunaren zain gaude orain.

Zergatik da garrantzitsua Haizederren LH ezartzea?

Garrantzitsua da umeak bere espazio naturalean hazteko aukera ematen duelako. Umeek ez dituztelako egin behar urtean horrenbeste kilometro autobus batean sartuta. Herrian hazteko aukera dutelako, herri osoak irabazten duelako umeak herrian geratuta. Bizitu egiten du herria. Berariazko metodologia lantzen ari dira Haizederren. Duela bi urte sei zentrotan martxan jarri zuten metodologia hau, eta jarraipena emango lioke metodologia horri. Txokoka antolatzen dira, eta ume bakoitzak erabakitzen du zein den bere trebezia. Umeak bere bidea aurkitzea eta bere gustuko leku horietara jotzea da oinarria. Umea herritik hain goiz ez irtetea ekarriko luke. Ekarriko luke umea herritartzen dagoen sasoi horretan, 6 urte dituenean, ez joan behar izatea hain urruti, etxe ondoan ikasi ahal badu. Ia eskubideei buruz ari gara.

Zenbat kilometro dituzte Barrutiara joateko?

Hamabost inguru, nondik doazen eta nondik ateratzen diren. Eatik hamabost kilometro inguru daude. Denborari dagokionez, geldialdi asko egin behar ditu autobusak. Eatik atera eta Ibarrangelu eta Elantxobekoak hartzen ditu. Lehen, Laga eta Laidatik egiten zuen bidea autobus batek, eta besteak zuzenago egiten zuen, Gautegiz-Arteagatik pasatuta. 07:15ean edo 07:30ean hartu behar dute autobusa 08:30ean sartzeko. Ordubeteko bidea autobusean goizean, eta beste horrenbeste arratsaldean. Haizederren jarraituz gero, hamar minutu izango lirateke, asko jota.