Ignacio Casas: “Aenak hausnartu egin beharko du konexioak zer-nola lehengoratu”

Ignacio Casas: “Aenak hausnartu egin beharko du konexioak zer-nola lehengoratu”

N. S. O.

2020a hasi berritan, Loiuko aireportuak azken hilabeteetako goranzko joerari eutsiko ziola uste zuten haren kudeatzaileek. Ignacio Casas (Muskiz, 1971) Bilbao Air aireportuaren sustapen elkarteko zuzendariak azaldu du etorkizuna “zalantzazkoa” dela.

Bidaiari kopuruak gorakada nabarmena izan zuen 2018an, eta 2019an Loiuko aireportuak markak hautsi zituen.

2018an hazi egin zen, baina 2019a urterik onena izan zen. 2018an 5.469.000 bidaiari izan ziren; 2019an %8ko igoera izan zen 2018ko datu horiekiko. Ordura arteko markarik handiena lortu zen: ia sei milioi bidaiarira iritsi ginen. Gainera, nazioarteko bidaiarien kopurua %10 hazi zen. 2019an 22 airelinea ibili ziren lanean aireportuan. 24 herrialderekin genituen loturak, eta 50 helmuga.

Pandemiaren ondorioz, 2020an 2019an baino %71,4 bidaiari gutxiago izan zituen aireportuak. Zer aurreikuspen duzue?

2020an aurreikuspen onak zeuden. Urtarril eta otsaila ondo hasi ziren. Igoera txiki bat ere izan zen 2019arekiko. COVID-19aren ondorioz, kopuruak penagarriak izan dira. 2020an sei ibilbide berri egitekoak ziren, baina horietako batzuk ez ziren inauguratu. Bereziki nazioarteko bi helmuga berri lortzeko lan handia egin genuen: Rotterdam, Herbehereetan; eta Lyon, Frantzian, inauguratzekoak ziren udako denboraldirako. Baina ezinezkoa izan zen. Markak hausteko beste urte bat izan behar zen, baina markak beheraka hautsi dituen urtea bihurtu da. Urtea 1,7 milioi bidaiari eskasekin itxi dugu; %71ko beherakada izan da. Aenak [Espainiako] estatuan duen aireportu sarearen batez bestekoa baino apur bat txikiagoa izan da jaitsiera. Baina handia.

Zein da Bilboko aireportuaren indargunea?

Bilbon negozio bidaiariek, enpresa bidaiariek, garrantzia handia dute. Bidaiarien %35 eta 40 artean mota horretakoak izan dira, tradizioz. Turismorako edo aisirako bidaiek ez dutenez izan estatuko beste aireportu batzuek izan duten indarra, gure jaitsiera oso handia izan da, baina, agian, turismoa diru iturri nagusi duten beste eremuetakoa baino txikiagoa.

Etorkizunera begira, zer?

Etorkizuna zalantzazkoa da. Ez dakigu zer-nolakoa izango den pandemiaren bilakaera, ezta bigarren konfinamendu arintze hau ere. Zalantza asko ditugu. Sektorean bertan eta parte hartzen dugun jardunaldietan esaten digutena aldatu egiten da hilabete batetik bestera. Pandemiaren ondorioak atzeratzen ari dira txertatzeei zein herrietako murrizketei dagokienez. Martxorako hobeto egongo zela aurreikusten zen, eta Aste Santuak berriz ere aisialdirako hegaldiak ekarriko zituela, baina badirudi ez dela izango espero bezain indartsua. Dena ari da atzeratzen, eta ezkortasuna nagusi da. Sektoreko eragileak bat datoz bi gauzatan: batetik, negozio bidaiek aisialdirako bidaiek baino denbora gehiago beharko dute berreskuratzeko. Teknologia berriei esker, azken urteetan enpresek ikusi dute ez dela hain beharrezkoa bidaiatzea proiektuak aurrera ateratzeko. Jarraituko dute bidaiok, baina berreskuratze prozesua geldoa izango da; bestetik, mugitzeko mugak kendu eta txertatzea nazioartean zabaldu ahala, jendeak bidaiatu egin nahiko du. Easy Jet konpainiak egin berri duen azterketaren arabera, europarren %65ek pandemiak aire apur bat ematen duen unean egin nahi duen lehenengo gauza bidaiatzea da.

Loiutik nora joan daiteke egun?

Egoera oso aldakorra da. Otsailean geldirik dago aireportua, oso konexio gutxi ditugulako. Aireportuaren informazio orrian kontsultatu behar da konfirmatzeko zeintzuk hegaldi dauden martxan. Estatu mailakoak dira gehienak. Nazioarteko konexioak ia erabat desagertu dira. Parisekiko konexioei eutsi egin diegu, eta Frankfurtekikoei ere bai. Baina otsailean, eta ikusiko dugu martxoan ere zer gertatuko den, ia ez da egongo nazioarteko konexiorik. Hori mugen ondorioa da. Hala ere, zaila da esatea aste honetan bertan ere hiri horietako zeinetara egongo diren hegaldiak. Konpainiek ohikoa ez duten eran egin behar izan dute lan: operazioak astero edo hamabostero planifikatu behar dituzte. Aire konpainiek udazken-neguko eta udaberri-udako denboraldiak planifikatzen zituzten lehen. Argi egoten zen nora joan zintezkeen eta zer maiztasunekin. Orain, ahaztu horretaz. Ez dago eskaririk.

Bilboko aireportua handitzeko lanak aurreikusten zituen 2020ko plan gidak. Zer gertatuko da proiektuokin?

Aenak jakinarazi digun informazioaren arabera, aurreikusita zeuden lanek martxan jarraitzen dute. Aireportuak ez du geldiarazi bere jarduera. Luze gabeko eta luzera begirako planei dagokienez, ordea, pandemiaren egoeraren arabera, Aenak hausnartu egin beharko du konexioak zer-nola lehengoratu. Horren arabera hartu beharko ditu erabakiak. COVID-19aren aurretik aurreikusita zeuden erreforma proiektuek martxan jarraituko dute. Bilboko aireportua erreferentea izan zen, eta gaur egun ere bada, ardatz atlantikoan, eta hala izaten jarrai dezan nahi dugu. Iberiar penintsula iparraldeko aireportu nagusia da hau. Aenak hori kontuan izango du, noski.