Hegan egiteko bermea

Hegan egiteko bermea

Natalia Salazar Orbe

COVID-19aren ondorioz, izugarri mugatu dira herritarren joan-etorriak. Gaur egun, bestelako osasun neurriak hartzen ez diren artean, debekatuta dago norbere udalerritik ateratzea, baldintza batzuetan ez bada. Neurri horiek aireportuetan eta hegaldietan ere izan dute ondoriorik. Laster, Loiuko aireportuan COVID-19a atzemateko proba diagnostikoak egiteko gunea jarriko dute. Proba horiek Loiutik hegan ateratzen diren eta iritsiko diren herrian eskatzen dizkieten bidaiarientzat dira.

Aenak kliniken esku utziko du gune hori, baina baldintza batzuk ezarriko dizkie: proben prezioak ezin du izan ohiko zerbitzuetan eskaintzen direna baino garestiago. Klinikek telefono zenbaki bat eta webgune bat jarriko dituzte erabiltzaileen eskura, eta aurretik jakinarazi beharko dute zenbat denbora behar den proba egiteko eta emaitza jasotzeko.

Bizilekura itzultzeko

Zerbitzua Loiutik beste nonbaitera doazen bidaiarientzat pentsatuta dago. Izan ere, Bilboko aireportura iristen diren bidaiariek eurek ekarri behar dute koronabirusa ez dutela ziurtatzen duen agiria. Aenak berak prentsa oharrean adierazi zuenez, egitasmoaren helburua da “bidaiariak eta turistak euren jatorrizko herrialdeetara itzultzen laguntzea”.

Hala ere, Bilboko aireportuko komunikazio zuzendari Kepa Gorriak zehaztu du oporretarako bidaiarik ezin dela egin: “Orain ezin gara atera gure herritik. Denek bete beharrekoa da hori”. Azaldu du ezin daitekeela norbere herriaren ondoko herrira joan, baldintza jakin batzuetan ez bada. “Neurria bera da hegaldietarako ere. Ezin naiteke joan [Espainiara] Errioxara oporretara, ezta Tenerifera ere”. Ez dago salbuespenik. “Lan egitera edo sendagilearengana joateko besterik ezin da hartu hegazkinik. Arauak berberak dira autoz joateko zein hegazkinez edo trenez bidaiatzeko. Ez dago arau berezirik trenari edo hegaldiei dagokienez”.

Bide beretik mintzatu da Daniel Campos Espainiako Barne Ministerioko komunikazio zuzendaria. Ministerioak arautzen ditu aireportu barruko kontrolak. “Hegaldi nazionaletarako autonomia erkidego bakoitzak mugimenduak mugatzeko ezarritako neurriak ezartzen dira. Euskal Autonomia Erkidegora errepidetik sartzeko dauden muga berberak ezartzen dira EAEra bertara doazen hegaldi nazionaletan”.

Espainiako estatu kanpotik iristen diren hegaldientzako mugak Espainiako Gobernuak ezartzen ditu. Hura arduratzen da aireportu barruko neurriak eta arauak betearazteaz eta horiek ezartzeaz. Hala ere, nazioarteko mugikortasunerako murrizketak edo mugak jatorrizko herrialdearen araberakoak dira. Herrialde jakin batzuk salbuetsita daude behar-beharrezkoak besterik ez diren bidaiak soilik baimentzen dituen arautik. Hala jakinarazi du Espainiako Osasun Ministerioak. “Zenbait herrialdek ez dute mugarik”.

Bestalde, Erresuma Batutik Loiura ateratzen diren hegaldietan “soilik bidaiatu ahalko dira Espainiako edo Andorrako naziotasuna duten herritarrak, edo bi lekuotan bizi direnak”. Eta Loiutik Erresuma Batura bidaiatzea are zailagoa da astelehenaz geroztik; Matt Hancock osasun ministroak disuasio neurri berriak iragarri ditu han duten kutsatze tasa murriztu aldera. Besteak beste, hara doazenek hamar eguneko berrogeialdia bete beharko dute gobernuak horretarako prestatutako hoteletan. Gastuak —2.000 euro inguru— bidaiariak ordaindu beharko ditu.

Aireportuko neurriak

Espainiako Osasun Ministerioak erabakitzen du Loiuko aireportura iristen diren bidaiariei zer-nolako behaketa egin. Gorputzeko tenperatura hartu eta 37,5 gradutik beherakoa dela baieztatzeaz gain, bidaiariari eskatzen diote COVID-19a ez duela baieztatzen duen proba diagnostikoaren agiria. Proba hori aireportura iritsi baino 72 ordu lehenago egin behar dute.

Agiri hori eskatuko diete, besteak beste, ondoko herrietatik bidaiatzen direnei: Alemania, Belgika, Frantzia, Italia, Herbehereak, Polonia eta Portugal.