Eibar klubaren kirol hiri berria, herritarren iritziaren zain

Eibar klubaren kirol hiri berria, herritarren iritziaren zain

Peru Azpillaga Diez

Espainiako futbol ligako Lehen Mailan dauden euskal taldeen artean, Eibar (Gipuzkoa) da kirol instalazio edo hiri propiorik ez duen bakarra. Mendi artean zanpatuta dago Eibar, eta arazoak dauzka hedatzeko. Horrek buruhauste asko eragin dizkio futbol klubari ere. Ipurua estadioa AP-8 autobidearen eta etxebizitzen artean estututa eginda dago, eta lehenengo taldeko jokalariak handik 29 kilometrora entrenatzen dira: Arrasateko (Gipuzkoa) Atxabalpeko instalazioetan. Beheragoko mailetako 500 jokalariak, berriz, Eibarko lau instalaziotan daude sakabanatuta.

Egoerari konponbidea emateko, Eibar Kirol Elkarteko zuzendaritzak kirol instalazio propioak eraikitzeko proiektu bat jarri zuen martxan. Azkenean, biren artean aukeratu behar izan zuten: batetik, Eibarren bertan dagoen Azitaineko proiektua zegoen; bestetik, Bizkaian, Mallabiako Areitio gainekoa. Klubaren arduradunek Mallabiako proiektua aukeratu zuten, kostu txikiagoa duelako eta aukera gehiago biltzen dituelako.

Hautsak harrotu

Erabakiak, ordea, eztabaida piztu zuen Eibarren, baita klubeko akziodun batzuen haserrea ere. Izan ere, kide guztiak ez zeuden azpiegiturak Eibartik kanpo eraikitzearen alde, eta, are gutxiago, Bizkaian egingo bada. Hala ere, akziodunen gehiengoak Mallabiako proiektuaren alde egin zuen 2018an, eta, geroztik, lanak hasteko eman beharreko pausoak eman ditu zuzendaritzak.

Aurreikuspenen arabera, aurten hasiko dituzte Areitioko kirol instalazioetako lanak. Azpiegitura berriak 80.000 metro koadroko azalera hartuko du, eta bost zelai eta aparkalekuak egitea da Eibar klubaren asmoa. Obrek hemezortzi hilabete iraungo dutela espero da. 18,2 milioiko aurrekontua izango dute horretarako —Azitaineko proiektuak 21,4 milioiko kostua izango zuela kalkulatu zuten, eta hiru zelai izango zituzkeen.

Parte-hartze fasea

Lanak hasi baino lehen, Mallabiako herritarren iritzia jasotzeko epea egongo da. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra HAPO moldatu dutenez, legeari jarraikiz hilabete iraungo duen prozesu parte hartzaile bat jarriko dute martxan. Eibarrek jakinarazi duenez, atzo bertan ireki zen Mallabiako Udalarekin batera egingo den prozesuan parte hartzeko epea. Horren bidez, kirol instalazioen inguruko informazioa helaraziko diete mallabitarrei, hala nola lanek herrian izango duten eraginaren edo sor ditzaketen oztopoen inguruko azalpenak emanez. Horretarako, Mallabian bertan egingo dituzten aurkezpen informatiboak baliatuko dira, eta herritarrek izan ditzaketen ezinegonak eta iritziak jasoko dituzte.

Futbol klubak azaldu du Mallabian abiatutako prozesua Eibarren ere martxan jartzeko asmoa duela: klubeko abonatuek eta akziodunek lehen eskutik jaso ahal izango dituzte zuzendaritzaren planteamenduaren nondik norakoak. Horretarako, formakuntza geletan panel batzuk ezarriko dituzte, eta bideo bat ere kaleratuko dute Areitioko kirol instalazioen xehetasunak eman ahal izateko.