Javier Umaran: “Bizikletaz joaten ausartzen ez den jende asko lasai asko etorri ahalko da”

Javier Umaran: “Bizikletaz joaten ausartzen ez den jende asko lasai asko etorri ahalko da”

N. S. O.

Biziz Bizi elkarteak bizikleta garraiorako zein aisialdirako tresna gisa erabiltzea sustatzen du, eta lau urte daramatza Bilbo eta Getxo arteko bidea txirrinduan egiteko aukera eskatzen. Javier Umaran elkarteko kideak (Barakaldo, 1972) azaldu du pozik hartu dutela aldundiaren iragarpena.

Zer deritzozue Bilbo eta Getxo arteko bidea bizikletaz egiteko iragarri duten proiektuari?

Egitasmoa txalotzen dugu. Hiruzpalau urte daramatzagu Bilbo eta Getxo arteko bidegorria egin dezaten eskean. Espero dugu azkenik proiektua egitea. Urte luzez zain egon gara motordun ibilgailuentzako soilik den bide hori bizikletaz modu seguruan egin ahal izateko.

Zer onura izango du proiektu horrek?

Seguruenik, orain Getxotik edota Erandiotik bertatik Bilbora bizikletaz joaten ausartzen ez den jende asko lasai asko etorri ahalko da errepide horretan, bizia arriskuan jarri gabe—Erandiotik Bilboko hirigunera hiru kilometro besterik ez daude—. Mugikortasunaz gain, ingurumenarentzako onurak ere izango dira: askoz jende gehiagok utziko du autoa etxean, eta bizikleta edo patinete elektrikoa hartuko du Bilbora joateko.

Jarri al dira zuekin harremanetan erabiltzaile gisa aholkuak eskatzeko?

Ez. Inoiz ez dute eskatzen erabiltzaileen iritzirik era horretako proiektuei zer deritzegun galdetzeko. Beti hartzen dituzte kanpoko adituak; ospe handiagoa ematen die. Jakitun gaude inoiz ez digutela eskatuko gure iritzia.