“Gauez, larrialdietako errezeta dutenak artatzeko gaude”

Goizaldean eskari gutxi duten Bizkaiko eta Gipuzkoako eremuetarako "gaueko farmazia finko eta finantzatua" proposatzen dutela azaldu du Erazok. Farmazialarien helburua "baliabideak optimizatzea" dela dio.

Natalia Salazar Orbe

Bermeon hautsak harrotu ditu farmaziak gauez itxita egongo direla jakiteak. Udalak onartu egin du EH Bilduk aurkeztutako mozioa, berriro Bermeo eta Mundakako farmaziek txandaka egiteko gaueko guardiak. Flavia Erazok (Concepcion, Txile, 1970) eman ditu erabakiaren azalpenak. Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko presidentea da 2019az geroztik.

Bizkaiko Farmazialarien elkargoak erabaki du farmazietako gaueko zerbitzua kentzea Bermeon. Uste duzue bertako herritarrek bermatua dutela sendagaiak eskuratu ahal izatea?

Bizkaiko Farmazialarien Elkargoak ez du erabaki zerbitzua kentzea. Busturialdeko farmazialariek urteak zeramatzaten esaten gauez beti dagoela pertsona bat guardian baina ia ez dagoela eskaririk. 23:00 aldera, bai, joaten zaizkiela erabiltzaileak, baina hortik aurrera apenas doala inor. Gainera, horietako gutxi izaten direla larrialdietako eskaerak. Elkargoak, eskaera horiek jasota, egoera aztertu zuen, eta ikusi zuen ez zegoela zerbitzuaren eskaririk. Azterketa egiten den eremuari dagokion erakunde sanitario integratuari ere galdetzen diogu gaueko zerbitzuaren eta larrialdi zerbitzuaren eskaria dagoen. Ikusi genuen mugimendu gutxi zegoela. Beraz, Eusko Jaurlaritzari galdetu genion guardia zerbitzu osoa egitetik libratu genitzakeen. Horretarako, Jaurlaritzak zerbitzua bermatzeko baldintza jartzen du. Eta zerbitzua bermatuta dago. Guardia egiten dute, baina 00:00etara arte. 08:00etan zabaltzen dute berriz, ikusi genuelako tarte horretan egoten zela eskari txiki bat; txikia. Jaurlaritzak baimena eman zuen.

Bermeoko Udalari jakinarazi zenioten?

Bai. Guardia ez da kentzen. Gaueko farmazia finko eta finantzatua proposatu da. Bizkaiko eta Gipuzkoako inguru askotan ondo funtzionatzen du. Inguruko farmazialari guztiek farmazia jakin bati ordaintzen diote guardia egiteko. Beti da bera, eta denek dute argi zein dagoen guardian. Ospitalea Gernikan egonik, farmazia finkoa bertan jartzea erabaki zen, benetan larrialdiak direnak ospitalera joaten direlako. Bermeokoak zerbitzu hori indartuko zuela erabaki zen, gauez, 00:00etara arte. Bermeoko farmazialariek esan digute ez dela egon herritarren kexa askorik. Nire ustez, arazoa da herriak ez duela galdu nahi zerbitzu hau.

Mozioa onartuta, orain gaiari helduko diozue berriro?

Ikusi beharko dugu mozioak eta alkateak zer esaten duten, eta datu objektiboak aztertu beharko dira. Baliabideak optimizatzea da kontua. Hainbat urtetako eskari erreala aztertuta, uste dugu zerbitzua 00:00etara arte eskainita nahikoa dela.

Gaueko guardia zerbitzuan dauden farmazietara joan daiteke errezetarik gabe?

Ez, errezetarekin joan behar da. Ezin duzu esan buruko mina daukazula, bazoazela farmaziara eta ea zer ematen dizuten. Hori azaldu beharko genieke herritarrei. Zerbitzua emateagatik eman izan ditugu horrelakoak, baina benetan, gauez, larrialdietako errezeta dutenak artatzeko gaude.

COVID-19a iritsi zenetik, aldatu al dira erabiltzaileek farmazietan egiten dituzten eskaerak?

Lehen konfinamenduan, martxo eta maiatz aldera, kontsulta asko izaten genituen lo egiteko arazoei edo idorreriari lotuta. Urduritasun handia ere bazegoen. Orain ere badagoen arren, orokorrean, onartuago dago. Sarri kontsulta konplexuagoak ere izaten ditugu, eta medikuarenera bidali behar ditugu, herritar batzuek ez baitute joan nahi. Saiatzen dira lehen arretako medikuntza zerbitzura ez joaten, beldur direlako edo ez dutelako zerbitzua are gehiago bete nahi.

Madrilen, antigeno testak egiteko, pazienteak farmazietara bidaltzen hasi da osasungintza publikoa. Zer deritzozue?

Farmazialariak, odontologo eta albaitarien antzera, pandemiaren hasieran osasun agintarien zerbitzura jarri ginen, behar zuten guztian laguntzeko. OME Osasunaren Mundu Erakundeak testak egiteko prozesuari buruz esan zuen osasun sistema batean ez badute baliabide nahikorik behar zen lekutik atera behar zirela. Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zigun nahikoa baliabide dutela, ondo antolatuta daudela eta ez dutela behar. Madrilen, irizpidea desberdina da, eta farmazia eta odontologia kliniken laguntza eskatu dute, baheketak azkarrago egiteko. Hasi berriak dira, eta denborak esango du ondo egin duten. EAEn nahikoa test egiten dituzte, eta nahikoa dira testak egiteko, txertoak jartzeko eta jarraipenerako.

Zuek ba al dakizue noiz hartuko duzuen txertoa?

Osasun Sailak esan zigun bigarren lineako osasun profesionalekin batera jarriko digutela, baina txertoak jasotzeko prozesuari lotuta dagoela dena. Hasieran egin zuten zerrendan, lehenengoak zaharren egoitzetako langileak eta egoiliarrak ziren; gero, osasun arloko profesionalak; gero, bigarren lineakoak; eta gero, 80 urtetik gorakoak. Orain erabaki dute 80 urtetik gorakoak jartzea beste profesionalon aurretik. Egokitzen zaigunean hartuko dugu.

Zer deritzozue prozesuari?

Koherente deritzet ezartzen ari diren talde sistemari eta egutegiari. Ziur naiz txertoak erregulartasunez jasotzen direnean antolakuntza ona egongo dela. Arazoa da ez dakitela zenbat txerto iritsiko diren, eta horrela ezin da planifikaziorik egin.

Uste duzu laster txertoen ekoizpen prozesua azkartu eta txerto kopurua areagotuko dela?

Bai. Arazoa ekoizpen prozesua da. Hemen, gutxienez, ez dira ari astirik galtzen. Iritsi ahala banatzen eta jartzen ari dira txertoak. Ekoizpenak eta banaketak baldintzatuta dago txertaketa.

Hala ere, Osakidetzak egindako txertatze ehunekoa txikia dela salatu dute.

Ez nago Osasun Sailean. Komunikabideen bidez jakin dut hartu duten irizpidea: zuhurtziagatik errespetatu dute Pfizerrek exijitzen zuen txertatze pauta. Horiek izan ziren iritsitako lehen txertoak. Bigarren dosia hiru astera eman behar zela zioten. Iritsitako dosiak ez zituzten erabiltzen lehen txertatze saioetan. 5.000 helduz gero, 2.500 jartzen zituzten, eta beste horrenbeste gordetzen zituzten bigarren dosirako, badaezpada arazorik balego. Egia esan, denborak arrazoia eman die. Hornikuntza arazo bat egon denean, txertatze pauta errespetatu zutenek ez dute izan arazorik. Oso garrantzitsua baita sendagaien fitxa teknikoak errespetatzea. Ekoizleak esaten baldin badu bigarren dosia egun jakin batean eman behar dela, zerbaitengatik da.

Orain ere beharrezkoa al da dosiak gordetzea?

Ni ez nago Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean; ez dakit zer ari den gertatzen orain. Baina ez baldin badaude erabat ziur hornikuntza erregularra izango dela, %100ean ez badaude ziur, zuhurra iruditzen zait gordetzea. Geroago jartzen baduzu txertoa, berandu iritsi zaizulako dosia, agian ez du berdin babestuko. Irizpide zuhurra iruditzen zait.