Auzotik atera gabe, bidaiatzera

Auzotik atera gabe, bidaiatzera

Zihara Jainaga Larrinaga

Bidaiatzea ardatz, auzotik atera gabe, toki, errealitate eta ikuspuntu berriak ezagutzeko aukera eskaintzen du Bidaiarien Txokoa programak. Duela hamabost urte inguru abiatu zuen Bilboko Udalaren Kultura Sailak, hiriko 4. barrutian —Begoña eta Santutxu auzoetan—, eta datorren martitzenean, hilaren 16an, hasiko da 2021eko programa. Bidaiatzea galarazita dagoen garai hauetan are bereziagoa izango da aurten. Otsailaren 26a bitarte egongo da zer ikusi eta zer ikasi.

Programa hainbat ataletan banatuta egoten da, baina helburu nagusia zera da, bestelako ikuspuntu batetik eta bidaiatzea afizio duten pertsona arrunten bitartez ikusleei bestelako errealitate eta kultura batzuk gerturatzea. Batik bat, bidaiak egin eta grabatzen dituzten norbanakoak eta familiak izaten dira protagonista. Hitzaldi eta ikus-entzunezkoen bidez, modu ezberdinetan egindako bidaiak erakusten dituzte, haiek bizitako sentsazioak azaleraziz, ezagututakoa erakutsiz, kultura eta pertsona berrietan arreta jarriz… Hain zuzen, lau hitzaldi eta dagokien ikus-entzunezkoa eskaintzen dira urtero Bidaiarien Txokoan. Zehazki, Begoña auzoko Udaltegian egiten dituzte aurkezpenak, baina beste zinema jaialdi batzuetan aurkeztutako ikus-entzunezkoak ikusteko parada ere egoten da.

ISLANDIA TIERRA DE AVENTURA

Leire Artigue Bilboko Udaleko kultur teknikariak adierazi duenez, eskainiko diren proiekzioen aukeraketa egitean bidaiei loturiko komunikabideetan bilatzen dituzte Bilbon erakutsi ahal izateko moduko lanak, eta gustukoen dituztenak aukeratzen dituzte. “Programa nahiko ezaguna egin da bidaiarien artean, eta haiek ere proposamenak bidaltzen dizkigute”, esan du Artigek. Halaber, EITBko Chiloe programa baliatu izan dute askotan lanak aukeratzeko orduan. Azkeneko urteotan Bilboko Zinebi eta Mendi Film jaialdiko proiekzioak auzora ekartzen saiatzen dira. “Programak nolabaiteko bilakaera bat izan du, urte hauetan bidaiatzeak izan duen bezala”, azaldu du udal kultur teknikariak. Ikusleek gero eta gehiago parte hartzen dute programan, eta antolatzaileak saiatzen dira, neurri batean, jasotako eskariei kasu egiten.

Are gehiago, programak sona hartu du. Bidaien ezohikotasuna da Bidaiarien Txokoaren berezitasun nagusia: hau da, jaialdian aurkezten diren lanak normalean ez dira bidaia turistikoak izaten, baizik eta bidaia alternatiboak, programatu gabeak. Hala, bidaiatzeko modu ezohikoenei ematen zaie garrantzia. Horrez gain, parte hartzaile denak ez dira adituak edo profesionalak izaten grabazio kontuetan; etxeko grabazioak izaten dira asko.

MINCA, EKOLOGIAREN PARADIGMA

Gustu guztietarako

Aurtengo programari dagokionez, hainbat gai landuko dira. Unai Madariagak, adibidez, ekologiari loturiko proiekzio bat aurkeztuko du: Minca, ekologiaren paradigma. Ana Zamorano argazkilariak, berriz, gai sozialago bati helduko dio Remoteana: Entre la camara y las montañas, bicicleta ikus-entzunezkoan. Biek ala biek ikusleekin hitz egiteko tartea izango dute beraien proiekzioak aurkezten diren egunean. Baita Jurek Ziemkiewiczek eta Iker Larrañagak ere; horiek Elur Goritan.Kamchatka lana aurkeztuko dute. Hain zuzen, 2019an Mendi Film jaialdian aurkeztu zuten Larrañagak eta Ziemkiewiczek Errusiako penintsula ezezagun horretako sumendietan grabatutako lana. Hortaz, Artiguek azpimarratu duenez, aurten ere Bidaiarien Txokoan ez dute hutsik egingo Mendi Film jaialdiko irudiek. “Arrakasta handia izaten dute, eta saiatzen gara sarituak izan diren lanak ekartzen”, adierazi du Bilboko Udaleko kultur teknikariak. Halaber, arduradunak oso pozik daude Cholitas emakume eskalatzaileen dokumentala aurten Bilboko auzoetara ekarri ahal izango dutelako; joan den edizioan oihartzun handia izan zuen. Gainera, Islandia tierra de aventura tras los pasos de los balleneros vascos lana ere aurkeztuko du zuzenean Arturo Martinez egileak. Hori guztiaz gain, L’Escalade Libéré, Salto is the King, The Tears of Shiva eta Everest The Hard Way proiekzioak ikusteko aukera egongo da hilaren 18an eta 25ean. Azkeneko horien kasuan, Cholitas dokumentalean bezala, ez da hitzaldirik egongo.

ELUR GORITAN. KAMCHATKA

Ikus-entzunezkoen proiekzioez gain, bestelako ekimenak ere antolatzen ditu Bidaiarien Programak. Programak irauten duen egunetan, adibidez, Begoñako udal liburutegiarekin elkarlanean, bi gurpileko ibilgailuei buruzko liburuen erakusketa bat osatuko dute, nahi duenak liburuak maileguan hartu eta etxean irakurri ahal izateko. Urtero gai ezberdin batekin egiten dute dinamika hori, eta, Artiguek adierazi duenez, “oso ondo funtzionatzen du”. Horrez gain, azken egunerako Puro Relajo mariatxi nafarren kontzertua prestatu dute.

Egitaraua

Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Bilbon. Santutxun, Berriotxoako Areto Nagusian egingo dira ekitaldiak.

BEGOÑAKO UDALTEGIAN

Otsailak 16tik 26ra. Bidez bide bi gurpil gainean erakusketa egongo da ikusgai liburutegian. Bi gurpileko ibilgailuei buruzko liburuak egongo dira han.

Otsailak 16. Islandia tierra de aventura tras los pasos de los balleneros vascos ikus-entzunezkoa eta hitzaldia, Arturo Martinez zuzendariarekin.

Otsailak 17. Minca, ekologiaren paradigma ikus-entzunezkoa eta hitzaldia, Unai Madariagarekin. Euskaraz.

Otsailak 18. L’Escalade Libéré eta Salto is the King filmak.

Otsailak 23. Remoteana: Entre la camara y las montañas, bicicleta ikus-entzunezkoa eta hitzaldia egilearekin.

Otsailak 24. Elur goritan. Kamchatka ikus-entzunezkoa eta hitzaldia Iker Larrañaga eta Jurek Ziemkiewicz egileen parte hartzearekin. Euskaraz.

Otsailak 25. The Tears of Shiva eta Everest The Hard Way proiekzioak.

SANTUTXUN

Otsailak 19. Cholitas film dokumentala.

Otsailak 26. Puro Relajo mariatxien kontzertua.