Aldaketara bidean taupaka

Aldaketara bidean taupaka

Maialen Arteaga

Taupaka elkartea 2021ean sortu zen, Musikherria ekoiztetxe herritarra desagertu ostean, pentsaera berari jarraiki, “kultura askea” eskatzeko asmoz. “Sortzaileon elkarte bat da, gure lanak aurrera ateratzeko indar metaketa bat”, azaldu du Gorka Chamorro elkarteko kideak. Indar metaketa hori modu profesionalago batean batu nahi zuten. “Musikherria desegin zenean, nabaritu genuen gutako askorengan oraindik taupadaka jarraitzen zuen zerbait zegoela, filosofia berarekin sortzen jarraitu nahi zuena baina era duinago, profesionalago eta antolatuago batean”, esan du Chamorrok.

Sormen lanak “elkarlnean” eta “kolektiboan” indartzeko apustuaren alde egiten du elkarteak, baina musikatik haratagoko beste diziplina artistikoak ere barnebilduz. “Guretzat militantzia modu bat izan da”, aitortu du Chamorrok; “baina guretzat, sortzaileon militantzia hori indibidualki egiteak ez zuen zentzu handirik. Indarrak batu eta kolektibo formal bat sortzea interesgarriagoa iruditu zitzaigun”. Sortzaileen artean aniztasun handia dago Taupakan, bai kultur diziplinari dagokionez, bai adinari dagokionez. Badituzte, ordea, amankomunean dituzten ezaugarri batzuk: “Gutako inor ez da honetaz bizi; sortzaile militanteak gara guztiok”.

Kultur ereduaren aldaketa

Kultura ereduaren aldaketan sinesten du taldeak. “Kapitalismora bideratutako kultur eredutik aldendu, eta herrian txertatuta eta herriaren lagun den kultur eredua”, zehaztu du Chamorrok. “Kultura eta sortzen dugun oro herriarena dela uste dugu, ezin da zerbait pribatua izan. Sortzaile moduan herriari bueltatzen diogu herritik hartu duguna”.

Pentsamendu horren baitan, jarduteko beste modu bat dutela azaldu du: “Gardentasuna sortzailearekin, gardentasuna antolatzailearekin… Azken batean, denok argi izatea zer egiten dugun, zergatik kobratzen den eta zergatik ez den kobratzen”. Kulturaren sektorean bitartekari asko daudela iruditzen zaio taldekideari: “Eredu horretan antolatzaile eta sortzailearen arteko hartu-eman zuzena galdu egiten da”.

Distantzia hori “apurtu” nahi du Taupakak. “Gure lana zerotik kontrolatu eta zertan gauden jakin nahi dugu. Gure talde edo sortzaileez guk geuk hitz egitea, ez beste edonork”. Horren barruan, lizentziak pisu handia hartzen du. Izan ere, Taupaka elkarteko produktu guztiak copyleft lizentziadunak dira; hau da, egilearen aitortza eginez produktua erabili daiteke. “Modu honetan, gaitasun ekonomikorik ez duenak kulturarako aukera berdinak ditu; ordaindu ezin duenak gure webgunean deskargatu dezake, eta gu pozik zabaltzen doalako”, azaldu du sortzaileak. Zuk zeuk egin pentsaeraren aldekoak dira. “Artistak berak erabaki behar du zer diseinu egin, elkarteak ez du sortzailea ezer egitera behartzen, egiten duen bakarra tresnak eskaintzea da. Eta, askotan, sortzaileak berak eskatutako tresnak dira. Bidean identifikatutako beharren araberakoak”. Elkartea bera mailu gisa ulertzen duela esan du: “Guretzat, azkenean, Taupaka tresna bat da; aldaketarako tresna politiko, sozial eta kultural bat”.

Kulturgileen egoera prekarioaz asko hausnartu eta eztabaidatu da azken boladan. Prekaritatea eta euskal kulturaren militantzia elkar elikatzen diren sorgin-gurpilak direla salatzen dute sortzaileek. Chamorroren iritziz, herri mugimenduak duela urte batzuk baino askoz modu duinago batean egiten du lan orain: “Herri mugimenduak lan izugarria egin du sortzaileei duintasunez ordaindu eta modu berean publikoari eskaintza egiteko”. Euskal sortzaileen egoera ekonomikoa kaskarra dela aitortu du, baina, hala ere, balantza bat irudikatzen du. “Sortzaile bakoitzak erabakitzen du nora joan, zer baldintzatan eta zer aldarrikapenera gehitu; dohainik ala kobratuta”.

Egoera hori bukatzeko, errotik abiatutako aldaketa bat behar duela uste dute elkarteko kideek: “Espainiatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik datorkigun radioformula eredutik aldendu behar gara; irratian gehien ateratzen dena, gehien entzuten den musikaria izango da”. Puntu horretara iristeko hausnarketa sakon asko behar direla uste du. “Kultur eztabaida sakon bat eman beharko litzateke, gure artean finkatzeko zer den herri honek behar duena, eta erabakitako hori instituzioekin eta kultur erabiltzaileekin adostea”.