30 gazte munduko erronkei erantzun nahian hasiko dira

Bilboko BBK Kuna ekintzailetza zentroak Bizkaiko 30 gazte aukeratu ditu The Future Game egitasmoan parte hartzeko. Mende honetako joera eta erronka nagusiak aztertuko dituzte, ingurunean eragin positiboa izango duten konponbideak bilatzeko.

Ekintzen bidez ikasteko joko bat da The Future Game; bidaia futurista bat da, eta sortzen ari den etorkizunean eragiteko egin beharreko urratsak ezarriko dituzte. Diziplina anitzeko taldeetan antolatuta, ontzietan etorkizunera bidaiatuko dute lau mundutan barrena, lau astez, eta elkarrekin lan egin beharko dute helburu batekin: planetaren etorkizunerako denbora irabaztea. Hori lortzeko, era kooperatiboan gainditu beharko dituzte erronkak.

Nazio Batuen garapen jasangarrirako hamazazpi helburuetan oinarrituta egongo dira erronka horiek; helburuak mundu jasangarriagoa lortzeko nazioarteko agendan dituzte ezarrita.

Egitasmo horrekin, ideia eta enpresa berriak sustatu nahi dira; bideragarritasun ekonomikoa izateaz gain, gizartean eta ingurumenean eragin positiboa sortu beharko dute. Horretaz gain, etorkizunak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko prestaturiko erakundeen ekosistema bat sortuko dute.