Sergio Gallego: “Bioingeniaritza ahalik eta gehien erabili behar da harrobiak saihesteko”

Sergio Gallego: “Bioingeniaritza ahalik eta gehien erabili behar da harrobiak saihesteko”

N. S. O.

Sergio Gallego (Madril, 1979) ingurumen adituak bioingeniaritza ikastaroak ematen ditu. Asteon, Sangalli Coronel Asociados estudioaren bidez eskaini dizkie Zaratamoko Udaleko langileei. Lurgaia fundazioarekin batera ere egin izan ditu antzeko tailerrak.

Bioingeniaritza tailer bat egin duzue asteon. Zer da bioingeniaritza, zehazki?

Basoak eta errekak lehengoratzeko erabiltzen diren teknikak dira. Hala ere, porlanean eta antzeko beste egituretan oinarritzen diren ingeniaritzako ohiko teknika gogorrak erabili beharrean, esku hartzea egingo den eremuan dauden elementu naturalak erabiltzen ditu: enborrak, landareak, lurra eta haitzak. Horixe da bioingeniaritzaren oinarria: elementu naturalak erabiltzea mendoitzak egonkortzeko edo horiek eta ibaiak lehengoratzeko.

Posible da elementu horiekin era horretako lanak egitea?

Baditu mugak. Esaterako, batzuetan errepide bat egiteko mendoitz handiak eta baso ebaketak egin behar izaten dira. Baliteke kasu horietan bioingeniaritza nahikoa ez izatea. Orduan porlana sartu beharko litzateke. Baina muga horretatik behera bai posible dela bioingeniaritzak dituen teknika anitzekin gauzatzea lanak. Teknika horietako batzuk oso sinpleak dira, eta aldapa gutxiko eremuetarako erabil daitezke. Beste batzuetan, erreketan gehienbat, beste bioingeniaritza egitura eta teknika batzuk behar dira. Hala ere, bai, baditu mugak. Gure ustez, bioingeniaritza ahalik eta gehien erabili behar da harrobiak eta porlana saihesteko.

Zer onura ditu?

Ingurumenaren aldetik, ez dugu sortzen harrobirik, ez zabortegirik, ez antzekorik. Bestalde, klima aldaketari lotuta, gure tekniken bidez askoz CO2 gutxiago isurtzen da. Batetik, ez dugulako behar makina handirik mendiak apurtzeko edo harriak edo burdina kanpotik ekartzeko. Bestetik, zuhaixkak eta landareak landatzen ditugu. Onura bikoitza da: eragina askoz txikiagoa da, eta ingurumena berreskuratzen da.

Espezie batzuk egokiagoak dira bioingeniaritzarako, edo lekuaren biodibertsitatearen arabera aukeratzen dira?

Beti erabiltzen dira bertoko espezieak. Hemen erabili ohi ditugunak euren kabuz sustraitu daitezkeen landareak dira, aldaxka bidez sustraituko direnak. Egiturak egiteko zumea erabiltzen dugu gehien. Beti dira autoktonoak: elorri zuria, zuhandorra eta elorri beltza, besteak beste.

Bizkaian asko erabiltzen da?

Teknika hau ez da berria. Europatik dator. Han egitura handiak egin dituzte, eta tradizio handia dago. EAEn gutxi dago, baina gero eta gehiago ikusten da. Gehienbat, erreketan. URA agentzia ari da era honetakoak barneratzen. Kostatzen zaie, baina apurka ari dira.

Zaratamoko langileek tailerrean ikasitakoak gero zer-nolako onurak izango ditu herrian, ingurumenari eta biodibertsitateari dagokienez?

Helburua da langileek hau ikasita, apurka landare inbaditzaileak kentzea eta, bestalde, egunen batean luizi txiki bat badago eta konpon badaiteke, ez ekarri behar izatea harri lubeta bat harrobi batetik, eta bioingeniaritza teknikak erabilita gauzak ondo egin ahal izatea.