Kutsatuko diren beldur dira

Kutsatuko diren beldur dira

I. Maruri Bilbao

Pandemia betean, jende pilaketek kezka eragiten dute. Beste batzuekin elkartzea saihesteko neurriak hartu dituzte agintariek, baina garraiobideak dira salbuespena. Urtarrileko azterketak bukatuta, unibertsitateko ikasleak berriz ere eguneroko eskoletara joaten hasi dira. Eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean ikasten dutenek, berriro, “harrituta” eta “haserre” hartu dute autobusa. Egunotan erraz topa daitezke sare sozialetan haien mezuak autobusak lepo dabiltzala salatuz.

Erabiltzaileen arabera, pandemia hasieratik izan dituzte zailtasunak Bizkaibuseko linea horietan distantziak mantentzeko. Andrea Gonzalezek, berbarako, EITBren egoitza ondotik irteten den autobusa hartzen du Bilbon, fakultatera igotzeko. “Konfinamenduaren ondoren, klasera itzuli ginenean, espero genuen autobus gehiago jarriko zituztela, maiztasuna handituko zutela, baina ez. Hartu zuten neurri bakarra izan zen atzeko atetik sartu behar izaten genuela, gidaria ez kutsatzeko. Gidaria ez da kutsatuko, baina beste guztiok?”. Esan du pandemiaren aurreko zerbitzu bera jasotzen ari direla. Gainera, gogoratu du joan den abenduan Bizkaibuseko linea batzuetako gidariek greba egin zutela. “Gureak ez zuen egin, baina Getxo aldeko ikasle batzuek metroa hartzen zuten Bilbora, gero gure autobusean igotzeko Leioara”. Beraz, egoera are gehiago okertu zitzaien.

Maider Uribarrik Gernika-Lumoko eta Zornotzako ikasleak Leioara eroaten dituen autobusa hartzen du. “Egia da pandemiaren aurretik baino jende gutxiago joaten dela zutik, baina joan, joaten dira. Jesarlekuak, denak beteta. Autobus hori hartu ezean, ez zara klasera sasoiz ailegatzen”. Egoera horretan euren artean distantziarik uztea ezinezkoa dela esan du. Garraio publikoan joan zitekeen bidaiari kopurua erdira murriztu zutenean ere, autobusa osorik betetzen zela kontatu du.

EHUk goizeko eskola batzuk arratsaldera pasatu ditu, jendea ez pilatzeko. Gainera, jende asko dabilen orduak saihesteko eskatu die ikasleei posta elektronikoz. Horrek eragina izan du autobusetan, baina, erabiltzaileen arabera, ez behar beste. Kasu batzuetan, arazoa orduz aldatu du. “Klasea arratsaldez izan dudanetan, eguerdian ondo joaten ginen. Baina goizetan igotzen zirenetako asko arratsaldean han geratzen ziren lanak egitera, eta iluntzetan denok batera jaisten ginen”, kontatu du Gonzalezek. Uribarrik zentzugabe iritzi dio, eguneroko bizitzan hainbeste muga jarri ondoren, garraio publikoan horrelako egoerak saihesteko neurririk ez hartzeari. Gainera, autobusak ondo aireztatuta dauden zalantza agertu du: “Nik beti leihoak itxita ikusi ditut”.

Jende asko dabilen orduetan, EHUrakoak ez ezik, beste lineak ere beteta joaten dira. Jaime Rodriguezek parke teknologikora doana hartzen du, Bilbon. “Askotan telelanean aritzen naiz, baina batzuetan joan beharra izaten dut. Goizean goizekoan, jende asko joaten da, baina igartzen da pandemiaren aurretik baino gutxiago dabilela, telelanari esker”.

Metroa ere, gainezka

Ibon Agirre ondarroarra Bilbon bizi da, eta sarri egiten du joan-etorria bere herrira. Uste du pandemiak okerrera egin duen arren Bizkaibusek neurriak arindu dituela azken hilabeteetan: “Hasieran sigi-saga esertzen ginen: bata leiho aldean esertzen bazen, atzekoa korridore alboan. Orain jesarleku guztiak bete daitezke”.

Halere, Agirrek metroa du eguneroko garraiobide. Kontatu du batzuetan 07:00etan hasten dela beharrean, eta egun horietan 06:44ko metroa hartzen du, Santutxun. “Jendea ibiltzen da, baina gure arteko distantzia mantentzeko beste”. 09:00etan bulegoan egon behar duenetan, berriz, 08:45eko metroa hartzen du. “Bete-beteta joaten da: 09:00etan lanean hasi behar duten guztiak daude”. Gogoan du iazko udan sarri hondartzatik zetozenekin gehiago inor kabitu ezinik etortzen zela metroa Bilbora. “Zerbitzua betiko modura dabil. Hemen norberak egin behar du ahalegina ez kutsatzeko”.