Kameraren begietatik kontatua

Kameraren begietatik kontatua

Zihara Jainaga Larrinaga

Itxialdiaren egunerokoan, intimitatea saltatu eta egun guztia kamera eskuan ibiltzen nintzen”. Pandemiak Kazetaritza ikasketetako gradu amaierako lana egin beharreko momentuan harrapatu zuen Beñat Lizaso Garcia kazetaria. Fotokazetaritzako lan bat egiteko materiala behar zuen; argazkiak atera eta lan txukun bat osatu, ikasketak bukatu ahal izateko. Hasierako asmoak beste batzuk ziren arren, egoerak halabeharrez asmo guztiak hankaz gora jarri zizkion, eta egoerara moldatu behar izan zuen. Horiek horrela, koronabirusak edo, Lizasoren arabera, “zomorroak” gizarteari eta norbanakoei nola eragin dien argazki bidez erakustea erabaki zuen azkenean. Gradu amaierako lan hura aurkeztu zuen, baina ez zen bere horretan gelditu: argazki haiekin erakusketa bat osatzea proposatu zion EHUko Kultura Zerbitzuak, eta hala egin du. Ikusgai dago Bilboko Bizkaia aretoan, hil honen 25a bitarte.

Lanaren gaia ez zen berehalakoan iritsi; egileak aitortu duenez, nahi gabean atera zuen lehen argazkia, etxean, gertukoenei. “Hor ikusi nuen zerbait egin zitekeela etxean egonda ere; bazegoela zer kontatua”. Hor dauka abiapuntua erakusketaren lehen atalak: familiari eta etxeari zuzendua. Hain zuzen, erakusketan ezkerreko aldetik sartu, eta alde horretako horman, Etxe barruko arrastatzea izenburupean, hainbat irudi ikus daitezke: familia sukaldean bazkaltzen, elkarri ilea mozten komunean, txakurrarekin jolasean kanpoko aldean… Lizasok aitortu duenez, erreportajea egin ostean, etxea beste modu batera ikusten du. “Artistikoki, lehen ikusten ez nituen argiak ditu orain etxeak”.

Guztira, lau atalek osatzen dute erakusketa: narratiboa, kalekoa, soziologikoa eta salaketazkoak. Narratiboa da familiari dagokiona, haien egunerokoa argazki bidez kontatu duelako. Erakusketan aurrera jarraituta, ezkerreko horman bertan, adinekoen argazkiak ageri dira, Donostian paseoan dabiltzala. Kaleko atalari dagozkien irudiak dira. Kalera irteteko maskara jartzea beharrezkoa zen lehen egunean, Donostiara joatea erabaki zuen Lizasok, adinekoak erretratatzera. Urnietan bizi da (Gipuzkoa). “Pandemian eta pandemiatik harago jasaten duten bakardadeari buruzko erreportaje bat egitea pentsatu nuen”. Zahartzaroaren bakardadea lantzea interesatzen zitzaion kazetariari, eta, hala, bigarren atalari Itsasoa ere grisa bihur daiteke izenburua jarri dio.

ZOMORROAREN KRONIKA

Zaurgarrienak

Eskuineko paretan, hainbat gazteren erretratuak daude. Zuri-beltzean guztiak. 1998an jaiotako horiek atalean, gazteak dira subjektu nagusia, eta salaketa du ardatza. Bestela esanda, gazteek egun “jasaten duten kriminalizazioa” islatzea du helburu. “Atal honetan erakutsi nahi izan dut badaudela gazteak curriculum bat dutenak, lanik ez dagoen egoera honetan lan mundura atera berriak”. Irudiez gain, bideo instalazio batek laguntzen du hirugarren atala. Bertan, argazkietako protagonistek beren lekukotzak azaltzen dituzte.

Hirugarren atal horren aurrez aurre: Gelditzen ez direnak, soziologiari loturiko atala. Lehen sektoreari erreferentzia egiten dio. Lizasoren bizilagunak ageri dira argazkietan, errepideaz bestalde bizi direnak: Urnietako Gurutzeta baserriko Maite Otaño eta Joseba Lete dira protagonista. Lizasok lanegun oso bat igaro zuen bi haiekin, eta haien egunerokoa argazki kameraren atzetik jarraitu zuen. “Neurri batean, azkeneko atal honen helburua lehen sektoreko lanaren balioa ikusaraztea da”.

Erakusketako atalak, bestelako ordena batean, orokortasunetik banakakora ere jarraitu daitezke. Gizartea modu orokor batean azalduz hasten da, gazteak gero, lehen sektorea horren ostean, eta familia azkenik. Azken finean, helburu nagusia gizartea erakusketarekin identifikatua sentitzea da, egileak berak aitortu duenez. “Nire egunerokoa eta ezinegonak ikuslearenak egin nahi izan ditut”.

Oharkabean gertatua

Erakusketa sortzeko “inspirazio iturriak” izan dituela aitortu du Lizasok: “Jose Manuel Navia argazkilariaren eragina izan dut landa inguruko lana egitean. Kaleko argazkilaritzan, berriz, Kike Carvajalena”. “Horrez gain, asko izan da jolastea, eta, neurri handi batean, kasualitate mukurua ere bai”, gaineratu du. Halaber, ikasteko balio izan dion ikerketa lan bat izan dela uste du Lizasok. “Ez dakit handiegi gelditu ez zaidan hau guztia”, aitortu du.

Alor profesionalean, Lizasoren lehenengo lana estudio bati lagunduz ezkontzak grabatzea izan zen. Bertatik, jauzia egin du lehen erakusketa bat atontzera. Halaber, etorkizunean argazki liburu bat argitaratu nahi luke. Oraingoz, erakusketa honetarako bisita gidatuak antolatu ditu Bizkaia aretoan. Hurrengo biak otsailaren 17an izango dira, 18:00etan eta 19:00etan.