Elkartasuna plazara

Elkartasuna plazara

Peru Azpillaga Diez

Bihar, otsailaren 6an, urte bat beteko da Zaldibarko zabortegia amildu eta bertako behargin Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze luiziak irentsi zituenetik. Urte honetan, hainbat izan dira Euskal Herrian han eta hemen egindako mobilizazio, elkarretaratze eta ekitaldiak, Zaldibarren gertatutakoa argitu, erantzukizunak eskatu eta kaltetutako familiei elkartasuna adierazteko.

Beltran desagertuta dago oraindik, eta haren Zallako auzokideak posible izan den guztietan elkartu dira udalerri horretako Euskadi plazan, Zaldibar Argitu plataformakoek deituta; “ez-leku” hori “Elkartasunaren plaza” bilakatu da. Ahal izan den guztietan, bertan egon da Gorka Belasko ilustratzailea, ekitaldi bakoitzari dagokion kronika grafikoa eginez. Beltranen auzokideek familiari agertutako babesaren lekukotasuna koadernoan irudikatu, eta urte oso bat iraun duen kronika grafikoa osatu du.

Urteurrenaren harira, egindako marrazki guztiak bildu ditu Belaskok, berariaz sortutako Elkartasunaren Plaza fanzinean. Arte Bizkarra Kulturgintzaren babesarekin aterako du argitara ia 50 marrazki batzen dituen bilduma hori: osteguneroko hamar minutuko horietan eta manifestazioetan egindakoak, “mutuak baina esanguratsuak”, baldintza ezberdinetan, eguzkitan zein euripean, epe horretan erabili dituen koadernoen formatu askotarikoetan.

“Nik etengabe marrazten dut beti gainean daramadan koadernoan. Institutu bateko irakasle naiz, eta koadernoa tresna pedagogiko moduan erabiltzen dut. Eguneroko bizitzako hainbat gauza paperera eramaten saiatzen naiz, eta, horien artean, halako ekitaldiren batera baldin banoa, bertan ikusten dudana marrazten saiatzen naiz”, azaldu du Belaskok. Fanzinean, egileari atera zaizkion bezala agertuko dira marrazki guztiak, haietako batzuek denboraren joanean kolorea galdu badute ere. Belaskok kontatu duenez, bertan batzen dena “giza kalitatea da, kalitate grafikoa baino gehiago”. “Urte gogor eta latz batean metatu den elkartasunaren adierazlea”

Esplikatu duenez, lehenengoa marraztu zuenean, ez zuen buruan halako bilduma bat egiteko intentziorik: “Lehendabizikoa marraztean, ez nekien honek zenbat iraungo zuen”. Beste edozein auzokide bezala gertatutakoa salatzeko elkarretaratzeetara agertzen hasi zela esan du, eta, bertan zela, bere kronika grafiko propioa egiten hasi zen.

Ilustratzaileak azaldu duenez, “ezustean” sortutako ideia bat izan zen fanzinea osatzea: “Osasun neurriek ahalbidetu duten ostegun guztietan elkarretaratzea egin dugu Zallan. Ni ahal izan dudan guztietan egon naiz, nire koadernoarekin. Behin konturatu nintzen marrazki dezente nituela gai honekin, eta, urtea betetzear zegoenez, bertan bildutakoei omenaldi bat egiteko aukera nuela bururatu zitzaidan”.

Eskerrak emateko

Esan eta egin. Orain, urteurrenarekin batera, Arte Bizkarra Kulturgintzak berrehun ale argitaratuko ditu ostegunero elkartzen direnen artean musu truk banatzeko. “Asmoa da guztien ekarpena eskertu eta ostegunero erakusten duten elkartasuna ez ahazteko oroigarri bat izatea fanzinea. Horregatik, dohainik banatuko diegu urtean zehar agertu diren auzokide horiei guztiei”. Batez ere, astero bilkuran egon direnei eskaini nahi die Belaskok fanzinea. “Azken finean, haiek dira ilustrazioetan agertzen direnak, eta, era batera edo bestera, egitasmo honetan parte hartu dute; adierazi duten elkartasunaren lekukoa da bilduma hau, baita elkartasun hori eskertzeko modu bat ere”.

Marrazkiei lotuz, ostegunero plazan sortzen zen giroa transmititzen saiatu dela azpimarratu du Belaskok: “Elkarretaratzeak hamar minutukoak izaten dira, eta, ahal dudanean, arinago joaten saiatzen naiz; toki desberdinetan kokatu, eta eremu fisiko desberdinak marrazten ditut”. Hala, denak batzean ikuspegi orokor bat osatzen dela azaldu du. Kioskoa, agertokia, pankarta, banderak…; elkarretaratze bakoitzean momentuko elementurik adierazgarriena irudikatzen saiatu dela esan du. “Giroa, elementu adierazgarrien bidez islatzea izan da ideia, azkenean oso egoera ezberdinetan egin baititugu elkarretaratzeak, eta uneko argazkia testuinguruarekin batera aldatuz joan da”.

Bilduman, era kronologikoan ageri dira marrazkiak, eta Belaskok ez du txertatu ez testurik, ez azalpenik. “Behin, adibidez, manifestazio batera joan ginen Eibarrera [Gipuzkoa], eta marrazkietan bertan entzun ziren oihuak eta aldarriak txertatu nituen”, esplikatu du. “Zallakoak, ordea, elkarretaratze isilak dira, eta bertako irudietan ageri den testu bakarra pankartetan eta salaketa karteletan agertzen diren leloak dira”.

Osasun larrialdiaren gorabeherengatik batzuetan batu ezin izan diren arren, Belaskok urte osoan elkartasun “handi bat” sortu dutela nabarmendu nahi izan du. “Astean hamar minutu izaten dira; une laburra bezain esanguratsua bilakatu da elkarretaratzea”. Jende kopurua aldakorra izan arren, adin guztietako auzokideen presentzia goraipatu du, guztiak Zaldibarren geratutako ezbeharra argitzeko aldarriaren eta familiarekiko elkartasuna helarazteko gogoaren inguruan bilduta. “Denok ikusten dugu familia batentzat oso gogorra izan behar duela egoera honetan urtebete bakarrik igarotzeak; horregatik, falta duten berotasuna ematen saiatu da herria”. Esan du Zallan hainbesteko jarraitutasunez sentitu diren oso gauza gutxi egon direla. “Ez dakigu zenbat luzatuko den egoera hau, baina denok espero dugu ahalik eta arinen bukatzea, beste fase batera igaro ahal izateko”.