Bizkaibusek bidaiarien %40 galdu ditu 2020an

Bizkaibusek bidaiarien %40 galdu ditu 2020an

Ibai Maruri Bilbao

“Osasun krisia dela eta, 2020a urte zaila izan da Bizkaibusentzat”, aitortu du Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak. Eta datu bat eman du hori argiago adierazteko: urte normaletan, urtean behin berrikusten dute zerbitzu plana; iaz, hamahiru aldiz egokitu behar izan zuten, unean uneko beharrei erantzuteko. Hainbat urtez jarraian, erabiltzaile markak hausten ibili izan da Bizkaiko herri arteko autobus zerbitzu publikoa, baina iaz eten egin zen joera hori, COVID-19aren pandemiak joan-etorrietan izandako eraginagatik. Guztira 17.786.000 bidaiari izan zituen, 2019an baino %40 gutxiago. Hala ere, diputatuak azpimarratu du autobusek osotara egin dituzten kilometroak ez direla neurri berean gutxitu; beherakada apalagoa izan da: %8,57koa. Hau da, 25.730.871 kilometro egin zituzten iaz. “Horrek frogatzen du gizarte kohesioan eta lurralde kohesioan egin beharreko lana bete duela, zailtasunak zailtasun”, esan du Gomez Viarrek.

Urtea itxaropentsu hasi zuen Bizkaibusek: urtarrilean eta otsailean, aurreko urteko epe berean baino %5,9 bidaiari gehiago garraiatu zituen. “Berriro markak apurtuko genituen, pandemia iritsi izan ez balitz”. Martxoan hasi eta maiatzera arte, sekulakoa izan zen erabiltzaileen beherakada. Ondoren leheneratzen hasi zen; azaro-abendu aldera mugikortasunari jarritako mugak ere nabaritu ziren bidaiarietan.

Autobusek egindako kilometroei dagokienez, soilik martxoan eta apirilean nabaritu zen beherakada. Gainontzekoan, ohiko zerbitzua eskaini du. Foru diputatuaren esanetan, hilabete askotan eskaintza eskaria baino ugariagoa izan da. “Martxoan eta apirilean linea nagusietan zerbitzuaren %100 eskaini genuen: Lekeitio, Durango, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo eta Balmaseda Bilborekin lotzen duten lineetan, bai eta Zamudioko Teknologia Parketik eta Gurutzeta, Basurtu, Galdakao, San Eloy eta Urdulizko ospitaleetatik igarotzen ziren lineetan ere. Garraioa bermatu genien ezinbesteko lanpostuetan lan egiten duten bizkaitarrei”.

10etik 6, “seguru”

Urteroko inkesta egin du Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak. Erabiltzaileei Bizkaibusi buruz duten iritzia galdetu diete. 3.000 pasatxok hartu dute parte. Batez beste, 2019an emandako nota bera eman diote 2020an ere: 10etik 7,7koa. Inoizko altuena da. Diputatua “harro” agertu da, zailtasunak zailtasun bidaiariak “gogobeteta” sentitu direlako. Hain zuzen, %86k erantzun dute hori. “Guretzat ere harrigarria izan da. Nik hainbatetan berrirakurri nuen inkestaren emaitza, zuzen ulertu nuela egiaztatzeko”. 30 irizpideren inguruan galdetu diete, eta batean ere ez dute esan okerrera egin denik. %62k esan dute “seguru” sentitzen direla autobusetan koronabirusari aurre egiteko ezarri diren neurriekin. %56k esan dute “gogobeteta” daudela neurri horiekin. %72k pandemiaren aurretik beste erabiltzen dute; gehienek, beharrera joateko edo ikastera joateko.

Kasu askotan, normaltasunera itzuli dira, baina aurreko hilabeteetan kutsatzeak eragozteko hainbat neurri hartu dira: besteak beste, sarriago garbitzen ziren autobusak, diruz ordaintzea debekatu zen, eta atzeko atetik sartu behar izaten zen, gidariarekin harremanik ez izateko. Esan du gaur egun autobuseko airea garbi mantentzen egiten dutela lanik handiena: barruko airea berrerabiltzea debekatu diete gidariei, hilero aldatzen diren iragazkiak ipini dira aireztatze sisteman, eta sabaian dauden tranpalak une oro zabalik egoteko agindua eman dute. “Espero dugu neurri horiekin seguru sentitzen ez diren %40 horiek seguru sentitzen hastea”.