Artea pandemiako heroiak omentzeko

Artea pandemiako heroiak omentzeko

Z. Jainaga Larrinaga

Margolanak, argazkiak, grabatuak… hainbat diziplinako artelanek bat egiten dute bizikleta estatikoekin, baloiekin eta kirolerako motxilekin Etxebarriko kiroldegian. Hain zuzen ere, Artedun heroiak erakusketa osatzen dute lan horiek, eta Javi Conde Maratoi Solidarioak elkartearen hamaikagarren egitasmoa da. Erakusketaren bidez, osasun arloko langileei omenaldia egin nahi izan diete, pandemia garaian lehen lerrotik egindako eta egiten ari diren lanagatik. Martxoaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Duela 11 urtetik Javi Conde Maratoi Solidarioak elkarteko kideek beharrizan gehien duten esparruei laguntzeko maratoietan parte hartzen dute. Horrez gain, bestelako ekinaldi solidarioak antolatzen ere ibiltzen dira, eta, dagoeneko, 200.000 euro baino gehiago batu dituzte.

Ezin geldi egon, joan den urteko itxialdi garaian era bateko eta besteko erronkak antolatzen aritu ziren. Halako egun batean, Javi Conde lasterkari eta elkarteko arduradunak dei bat jaso zuen. Artista bat zen, eta bere obra bat zozketatu nahi zuen Condek antolatzen zituen erronketako batean. Condek, baina, harago joan nahi eta bestelako zentzu bat bilatu nahi izan zion kontuari. Hala, helburu bat jarri zuen: ahalik eta artelan gehien batu eta inguruko ospitale eta osasun etxeetan jarri ahal izatea. Alde batetik, bertara joaten zirenen aldartea alaitzeko, eta, bestetik, bertako langileek egindako lana eskertzeko.

Gaur egungo egoera kontuan izanik, baina, ezin izan dute helburua osorik bete. Artelanak, oraingoz, ezin dira osasun etxeetan sartu. Horiek horrela, biltegi batean gorde behar ez izateko sortu zen Artedun heroiak erakusketa. Lehenengo, Basaurin egon zen; orain, Etxebarriko kiroldegiaren harreran dago. Eta aurrerantzean beste toki batzuetara eramateko asmoa berretsi du Condek. “Gure helburua artelanak ospitaleetara iristea da”. Aukera daukatenerako, jada zehaztu dituzte dozena erdi ospitale eta osasun etxe Bizkaian, artelanak ipini ahal izateko.

Artelanak eta artistak

Artelanei dagokienez, denetarikoak daude: lan batek ez du zerikusirik beste batekin; are gehiago, guztiek ez dute lotura osasun gaiekin. “Bi esku elkar hartuta ikus daitezke obra batean, eta, beste batean, jauzilari bat Guggenheimeko zubian behera”. Arduradunaren arabera, erakusketa oso entretenigarria eta askotarikoa egitea lortu dute. Guztira hamabi artistak parte hartu dute: Tere Ormazabalek, Pedro Luis Ajuriaguerrak, Juan Armentiak, Agustin Sagastik, Raul Antonek, Juan Gomezek, Jesus Lizasok, Koldo Etxebarriak eta Manu Gonzalezek, besteak beste. “Gehienek obra eta erakusketa ugari dituzte. Goi mailako artistak batu ditugu”, adierazi du Condek. Halaber, artistek pandemia honi modu desinteresatuan ekarpen bat egiteko izan duten borondate ona nabarmendu du.