“AP-68aren inguruan dauden herri guztiak diskriminatuta daude”

“AP-68aren inguruan dauden herri guztiak diskriminatuta daude”

Natalia Salazar Orbe

Bilbotik Altubera (Araba) doan AP-68 ordainpeko autobidearen lehen hamabi kilometroak doakoak izateko eta gainerakoan hobariak ezartzeko plataforma sortu dute Bizkaia eta Araba lotzen dituen errepide inguruko herritarrek. Kepa Alaña (Ondarroa, 1957) da horietako bat. Laudion (Araba) bizi da.

AP-68 ordainpeko autobidea doan izan beharko litzatekeela diozue zuek. Zergatik?

Ez dugu eskatzen osorik doan izatea. Autobidearen lehen hamabi kilometroak doan izan daitezen eskatzen dugu: hain zuzen, Bilbotik Laudiora arteko bidea. Hamabi kilometro horietatik hamar, gutxi gorabehera, Bizkaikoak dira. Bizkaian, AP-8 errepidean ere, hamabi kilometro daude Bilbotik Galdakaoko ospitalera arte, eta horiek doan dira. Bizkaiko Foru Aldundiak AP-68an aukera bera ezar dezala eskatzen dugu.

Bilbotik Orozkoko irteerara arteko zatiaren doakotasunaz gain, Altubera arteko zatirako hobariak eskatu dituzue.

Bai. Eskatzen dugu egun bateko joan-etorriak ordainleku berean sartuta eta aterata egiten dituzten langileentzat bidaia doan izatea. Uste dugu segurtasuna ez dela ordaindu behar den luxu bat, langileen eskubide bat baizik. Lanbideren arabera, 13.000 bizkaitar joaten dira lanera Arabara, eta 9.000 arabar etortzen dira Bizkaira. Sindikatuen babes handia lortu dugu. Istripu gehiago gertatzen baitira lanerako joan-etorrietan enpresan bertan baino.

Gainerako erabiltzaileentzat %50eko beherapena eskatzen dugu, Espainiako Estatuko laugarren ordainpeko autobiderik garestiena baita hau. Bilbotik Orozkora doan zatia 2,10 euro ordaindu behar da —kilometroa 0,21 euro—. Beherapena eginda ere, patronalak berak eskatzen duena baino gehiago ordainduko genuke. Izan ere, SEOPAN azpiegitura eta ordainpeko autobideen patronaleko presidenteak duela gutxi esan zuen nahikoa litzatekeela kilometroa 0,09 euro ordaintzea.

Hobari eskari gehiagorik bai?

Bai. %75eko beherapena eskatzen dugu hiru ardatzetik gora dituzten garraio arriskutsuentzat, errepide nagusitik garraio astun eta arriskutsu guztia desagerraraz dadin. Aragoiko eta Errioxako [Espainia] gobernuek hala egiten dute. Horri esker, lortuko genuke kamioi arriskutsuak ez pasatzea auzo eta etxe artetik, ez ditzatela gurutzatu Arakaldo, Arrankudiaga edota Ugaoko herriak. Txirrindularientzat ere arrisku handia sortzen du. Neurri horren bidez lortu nahi duguna da errepide nagusi horretatik pasatu beharrean garraio mota hori AP-68tik joatea.

2019ko abenduaz geroztik dago errepidearen kudeaketa Arabako eta Bizkaiko aldundien esku. Zergatik sortu duzue orain plataforma?

Ordainpeko autobideen emakida epe jakin baterako izaten da. Errepide honen Bilbotik Orozkorako zati hau 1978an inauguratu zuten. Kontzesioa 2011n amaitu behar zen. 2002an, ordea, [Jose Maria] Aznarrek luzatu egin zuen 2026ra arte. Autobidea kupo bidez ordaintzen ari ginen. 2019ko azaroan, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari transferitu zion kontzesioa. Jaurlaritzak aldundiei eman zien, eta ordutik, azken horiek aukera izan dute hobariak ezartzen hasteko. Ramiro Gonzalezek [Arabako ahaldun nagusia] 2019ko maiatzean agindu zuen hobariak ezarriko zituztela. Ia urte eta erdi pasatu da, eta ez dituzte ezarri. Horregatik osatu dugu plataforma hau. Arabako Batzar Nagusietan batzorde bat bide azkarren finantzaketa aztertzen ari da. Bertan parte hartzera gonbidatu gaituzte, baina uko egin diogu. Gainera, esan dute urtebete baino gehiago iraungo duela, eta, bien bitartean, herritarrek ordaintzen jarraitu behar dute, edo arriskuan jartzen dira errepide nagusietatik ibili behar dutelako, nahiz eta euskal herritar guztiona den autobide hau dugun. Konponbidea oso azkarra izan daiteke: aldundiek badakite zenbat herritarrek erabiltzen dugun errepidea, eta berehala konpon dezakete. Ez dugu ulertzen batzordea egin beharra.

Batzordean lanak finantzatzeko hiru bide aztertzen ari dira. Bata, aurrekontuen bidez; bestea, tasen bidez: autoa dugunok zerga bat ordainduta; eta hirugarrena, erabiltzen duenak ordain dezala. Gure ustez, hobariak ezarri behar dituzte, eta gero, erabakitzen dutenean zer-nola ordaindu, aplika diezazkietela denei.

Zuen ustez, zer-nola ordaindu beharko litzateke mantenua?

Askok esaten didate dena ezin daitekeela izan doan. Noski ezetz. Ezin dena onartu da hain garestia izatea eta horrenbeste ordaintzea. Gure ustez, konponbide logikoa da EAEko azpiegitura guztien kostua kalkulatzea eta kopurua bertan matrikulatuta dauden ibilgailuen artean zatitzea. Ibilgailuaren arabera zirkulazio zergan sartu eta ViaT bat egin bertako herritar guztientzat. Laudio, Amurrio, Urduña, Orozko eta AP-68aren ondoan dauden herri guztiak diskriminatuta daude, herritarrek lanera joateko diru asko gastatzen dutelako. Bilbotik Gasteizera edo Gasteiztik Bilbora lanera doanak 250 euro gastatu behar ditu hilean bidesarietan. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, euskal herritarrek, batez beste, 25.000 euro irabazten dute. Bidesariaren %10 autobideak ordaintzera bideratzen dute. Hobariak egon behar dira.

Arabako Aldundiak %60ko hobariak ezartzen ditu hamabost bidaiatik gora, ibilbide guztiak Araba barruan egiten direnetan. Era horretako hobarien eta ordainpeko autobideen kontra gaude. Baina ordainpeko autobide hau eginda dago jada, eta ordaindu dugu denon artean; beraz, erabil dezagun, seguruagoa delako.

Zergatik zaudete hobarion kontra?

Laudiotik Gasteizera hamar bidaia eginez gero, 37,5 euro ordaindu behar dira. Hogei eginez gero, ordea, hobariari esker, 30 euro ordaindu behar dira. Neurri horrek ibilgailua erabiltzea sustatzen du. Gu kontra gaude.

Nortzuk osatzen duzue plataforma?

Bost lagun ari gara buru-belarri. Horrez gain, Amurrioko, Laudioko eta Urduñako txirrindulari taldeek babesa erakutsi digute. Sindikatu askok ere bai. Hainbat alderdik babestuko dituzte udaletako mozioak. Zenbait alderdi politikok aurkeztutako mozioak —gure ustez, logikoak— atzera bota dira alderdi politiko jakin batek aurkeztu dituelako. Horregatik eratu dugu plataforma. Alderdi politikoetatik bereizita egin nahi dugu lan. Hala ere, aurkezpena egiten dugunean, denak gure atzean egon daitezen nahi dugu, babesa ager diezaguten.

Aurrera begira, zer pauso emango duzue?

Enpresa batzorde batzuekin hitz egiten ari gara, eta sindikatuekin. Batzar nagusietako ordezkariekin ere batzartzen ari gara. Eragileekin hitz egin eta martxoan udaletako osoko bilkuretan aurkeztu nahi dugu. Laudion, Amurrion, Orozkon eta Aiaraldean aurkeztuko ditugu mozioak.