Sozietatea utzita, mankomunitatera

Sozietatea utzita, mankomunitatera

Ibai Maruri Bilbao

Hego Uribe da Bizkaiko eskualdeetan mankomunitaterik ez duen bakarra. Arakaldok, Arrankudiagak eta Zollok, Etxebarrik, Orozkok, Ugaok, Urduñak, Zaratamok eta Zeberiok Udaltalde 21 merkataritza sozietatea sortu zuten bere garaian, eskualdeko hondakinen bilketa eta kudeaketa bateratu bat egiteko. “Orain, hondakinen bilketa zerbitzua berriro lizitatzeko garaia iritsi da. Baina kontratu administratiboen legea aldatu egin da, eta orain ezin dugu zerbitzu publiko bat merkataritza sozietate bidez lizitatu. Modu honetan, eskualdeko herri txikiek eta ertainek aspalditik buruan genuen ametsa, mankomunitate bat sortzekoa, martxan jartzeko unea iritsi zaigu”, azaldu du Txutxi Ariznabarreta Arrankudiaga-Zolloko alkateak. Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea sortzeko estatutuak idatziko dituen batzordea sortu zuten udazkenean bederatzi udalek. Batzorde horretako presidentea ere bada Ariznabarreta. Oraintxe, bada, sozietatetik mankomunitaterako trantsizio prozesuan daude Hego Uriben.

Estatutuak behin-behinean onartuta dituzte, bai bederatzi udalek bai Bizkaiko Foru Aldundiak. Bizkaiko Buletin Ofizialean ere egon da argitaratuta, eta ezarritako epean ez du helegiterik jaso. Baina diputazioak forma zuzenketa batzuk eskatu ditu. Atzoko bilkuran egin zizkioten. Orain, bada, udalek behin betiko oniritzia eman beharko diote testuari. Era berean, mankomunitate berriaren osoko bilkuran izango dituzten ordezkariak ere izendatu beharko dituzte, azken udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta. Gainera, osoko bilkuran izango dituzten ordezkari horien artetik mankomunitatearen gobernu kontseiluan udalak izango dituen ordezkariak hautatu beharko dituzte. Izendapen horiek guztiak egindakoan, mankomunitatearen osoko bilkurak mankomunitatearen lehendakaria hautatuko du, gobernu kontseiluko kideen artean, eta lanean hasteko prest leudeke.

Zertan jardungo du mankomunitate berriak? Oraingoz, Udaltalde 21 sozietateak izandako lan ildo berak izango ditu: hondakinen kudeaketa eta jasangarritasun politikak. “Gerora, jarduera gehiago komunean jartzea da asmoa. Argi dugu gizarte zerbitzuak horietako lehenak izango direla, baita berdintasun politikak eta euskara ere”, esan du Ariznabarretak. Zehaztu du udal bakoitzak nahi dituen zerbitzuetara gehitzeko aukera izango duela; posible izango du mankomunitateak eskaini arren batzuk berak bere kasa eskaintzea. Era berean, erakunde irekia dela azpimarratu du, eta, besteak beste, Basauri eta Galdakao eurenera batzea gustatuko litzaieke.

Mankomunitateak

Zatitutako eskualdea

“Udal txikioi zerbitzuak hobetzeko eta zabaltzeko aukera ematen digute mankomunitateek”, adierazi du. Dagoeneko Ugaok, Arrankudiaga-Zollok, Arakaldok eta Zeberiok bateratuta dituzte gizarte zerbitzuak: “Ugaok kontratatzen ditu, handiena delako, eta guri eskaintzen dizkigu gero azpikontratazio moduan. Adabakiak baino ez dira”. Mankomunitatean udal handien ekarpen ekonomikoek asko laguntzen diete txikiei, baina Arrankudiaga-Zolloko alkateak nabarmendu du batzuen eta besteen beharrak ez direla igualak izaten. “Oreka bat lortu beharko dugu”.

Oreka, zentzu askotan. Ariznabarretak azaldu du eskualde berezia dela haiena. Nerbioi ibaiaren arroa Bizkaia eta Araba artean banatuta dago, eta Bizkaiko aldeko herri batzuek harreman gehiago dute Arabako Aiaraldeko herriekin. “Lotura gutxi dago egun Etxebarri eta Urduña artean, esaterako: bata Bilbori lotua metroarekin eta bestea Arabako herriek inguratuta”. Horregatik, Aiaraldeko herriekin ere elkarlana bultzatu beharko dela esan du.

Hain zuzen, ekonomikoki polo bi bereizi ditu: Etxebarri eta Basauri inguruko siderurgia eta goi arroko herriak Amurrioko (Araba) industrialdeari lotuta. Bi muturren erdian, badira landa inguruko herri txikiak, bestelako errealitate eta beharrizan batzuekin. “Kohesio lan handia egin beharko du mankomunitateak, bai arlo ekonomikoan bai identitarioan”.