Saioa Olmo: “Herritarrek artelanari bilatzen dioten lekua ikusteko gogotsu nago”

Saioa Olmo: “Herritarrek artelanari bilatzen dioten lekua ikusteko gogotsu nago”

Z. Jainaga Larrinaga

Hasieran koordinazio taldean hasi zen, baina Saioa Olmo (Bilbo, 1976) artista gisa parte hartzen ari da orain Artotekan. Hain zuzen, Landare xuxurlariak obra jarri du maileguan. Ilusioa egingo lioke etxe ezezagunen batean norbaiti konpainia egiten ari dela jakiteak. Proiektua aurrez beste herrialde batzuetan ezagutu zuen. Dioenez, pena emango lioke prototipo hutsean gelditzeak. “Horretarako, finantzaketa eta babesa behar ditu”. Zerbitzu publiko gisa ulertu du Olmok Artoteka.

Ezagutzen zenuen dinamika?

Austrian ezagutu nuen. Egun, arte garaikidearekin erlazionatzeko dugun modua soilik da erakusketa bidezkoa, eta artotekek aukera eskaintzen dute modu herrikoiago batean artelan batez gozatzeko. Ideia polita da, batik bat artea beste modu batera hurbiltzen zaiolako gizarteari. Era berean, sare bat osatzea interesgarria litzateke, artelanak mailegatzen dituztenek horiei buruz hitz egin eta sentsazioak partekatzeko.

Zer eskaintzen dizu?

Nire proiektua formalizatzea; erakusketa batera joaten den pertsona batean pentsatzeaz gain, edozein etxetan egon daitekeen artelan bat sortzea.

Zer artelan aukeratu duzu?

Pieza hau Geroa Xuxurlatzen proiektuaren parte da. Landare liburu bat da zehazki, xuxurlatzeko landare bat. Etxean erraz edukitzeko moduko artelana da, berezia. Egitasmoari lotuta, badu berezitasun bat; hain zuzen, landareari egindako xuxurlak erreproduzitzailearen barruan uzten dira, eta, hala, artelanari norbere ekarpena egiten zaio.

Zuk zer ekarpen egiten duzu?

Proposamen honekin, edonor proiektu handi honen parte sentitzeko modua ematen dut. Bestalde, proiektu honetan herritarrei eskatzen diet xuxurla bat etorkizuneko belaunaldiei uzteko.

Non gustatuko litzaizuke zure artelana ikustea?

Asko gustatuko litzaidake edozein herritarren etxean ikustea; are gehiago, landare liburuari bilatzen dioten lekua ikusteko gogotsu nago. Erakusketa hau, adibidez, Bilbo Arten ari naiz eskaintzen, eta kasu horretan formalizazioa guztiz ezberdina da. Artelana leku bakoitzera egokitzen saiatzen naiz.

Artelana mailegatuko duenarekin zer harreman sor daiteke?

Gustatuko litzaidake Artotekaren bidez arte garaikidearekin erlazionatzeko beste modu bat piztea. Modu gertuagokoa, egunerokotasuneko erlazio bat. Iruzkinekin proiektua aberastu daiteke, eta nolabaiteko interrelazio bat sortzea interesgarria litzake.

Zer-nolako artelanak dira egokiak dinamika honetarako?

Artistei ahal duten neurrian gomendatuko nieke bilduman edozein artelan ez jartzeko, baizik eta egoerara egokitutako artelanak bilatzeko. Pentsatuz artelan horrek zer-nolako bizitza izango duen eskuz esku igarotzerakoan.