Raisa Alava: “Artoteka erreferentzia gune bat izatea gustatuko litzaidake”

Raisa Alava: “Artoteka erreferentzia gune bat izatea gustatuko litzaidake”

Z.J.L

Artotekako koordinatzaileek bultzatuta erabaki zuen Raisa Alava (Aiara, Araba, 1990) artistak egitasmoan parte hartzea. Aurrez ezagutu gabe, uste du proiektua oso aberatsa dela alde guztietatik. Dioenez, herritarrek, oro har, oso urruti ikusten dute artea, eta Artotekak aukera eskaintzen du erosi gabe, denbora batez artelanak alokatu ahal izateko. “Gustatuko litzaidake herritarrei galdetzea ea noizbait pentsatu duten artelan bat ukitzea”, aipatu du. Halaber, interesgarria iruditzen zaio proiektuaren hedapenari esker ezin irudikatzea nori ailegatuko zaizkion bere artelanak. Alavaren marrazki bat eta zeramikazko obra bi mailegatuta ikus daitezke Azkuna zentroan.

Zer iruditu zitzaizun proiektua?

Sormen arloan lan egiten dugunok arazo bat dugu: gure estudioak denborarekin gordeleku bihurtzen dira, eta Artoteka artelanak bertatik ateratzeko konponbidea izan daiteke. Beste alde batetik, jendeak, oro har, artea gauza garestitzat dauka, urrunekotzat, eta Artotekak problematika horri konponbidea jar diezaioke. Halako proiektuak oso indartsuak eta beharrezkoak dira artea gizarteratzeko.

Zer artelan aurkeztu duzu?

Normalean, oso formatu txikian egiten dut lan. Artistok, oro har, ez dugu formatu handietan lan egiten, etxean edo estudioan espazio gabe gelditzen garelako. Aukera hau baliatu nuen marrazki handi bat eta zeramikazko bi artelan handi sortzeko.

Non gustatuko litzaizuke zure artelanak ikustea?

Adibidez, zinemagile batek alokatu dezake film bat ekoizten ari delako eta egongela bat apaintzeko behar duelako. Ikaragarria litzake, baina ez dakit non gustatuko litzaidakeen nire obra ikustea. Halako proiektuetan, publikoak harritzen gaitu gu; horregatik, gogotsu nago ikusteko ea zer gertatzen den. Ziur norbaitek harrituko nauela proposamenarekin.

Nolako harremana sortu nahi zenuke obra alokatzen duen pertsonarekin?

Gerta daiteke norbaitek zerbaitetarako alokatzea artelana eta zuk, aldiz, buruan justu kontrako ideia izatea. Elkartruke horretan beti sortzen dira harremanak, eta beti izaten dira positiboak.

Zer espero duzu Artotekatik etorkizunerako?

Niri gustatuko litzaidake Artoteka erreferentzia gune bat izatea ikus-entzunezkoen alorrean, adibidez: filmetan alor artistikoan lan egiten dutenek Artoteka eskura izatea edota telebistarako zein kontzertuetarako erabiltzea. Oholtzak datozkit burura Artotekaz gogoratzen naizenean. Bestalde, oso polita izango litzateke Euskal Herriko artista guztiek beren piezak eduki ahal izateko gune handi bat izatea. Niri, adibidez, izugarri gustatuko litzaidake artista famatu baten obra bat etxean izatea, hiru hilabetez bada ere.