Deustuko osasun zentroa gauez itxi egingo dute otsailetik aurrera

Deustuko osasun zentroa gauez itxi egingo dute otsailetik aurrera

Peru Azpillaga Diez

“Beste murrizketa bat gehiago da, baina, oraingoan, oinarrizko zerbitzu bat da bertan behera uzten ari dira”. Deustuko EAG Etengabeko Arreta Guneko langileak haserre daude osasun zerbitzu publikoko arduradunek “aldebakartasunez” hartu duten erabakiarekin. “Birkolokazio” baten aitzakiapean, osasun zerbitzua “murrizten” ari direla ohartarazi dute. Bizkaiko Hitza-k haietako batekin hitz egin du; lanean arazoak izatea ekiditeko, ez du izen-abizenik eman nahi izan.

“Ulertezina egiten zaigu erabaki hau, eta, are gutxiago, osasun krisi batean gauden testuinguru honetan”, azaldu du, minduta, langileak. Adierazi duenez, Deustuko EAG Bilbon gauerditik goizeko zortziak bitarte irekita egoten den osasun zentro bakarra da. Hortaz, itxierarekin Basurtuko ospitaleko larrialdi zerbitzua izango litzateke gauez martxan dagoen osasun zerbitzu publiko bakarra hiriburuan.

“Azaroaren amaieran eman ziguten erabakiaren berri, eta jakinarazi ziguten gure lantokia otsailaren 1etik aurrera gauez itxi egingo zutela. Langileak itxiera horren aurka gaude, uste dutelako beste murrizketa bat baino ez dela”. Langileak aipatu duenez, Osakidetzako agintariek argudiatu dute ordutegi horretan paziente “gutxi” daudela, eta horregatik erabaki dutela zentroa ixtea.

Zerbitzua izatearen zentzua

“Oinarrizko zerbitzu bat da gurea”, kexatu da langilea. “Gurea bezalako zerbitzu batekin ezin da batez besteko bat egin”, erantsi du. Izan ere, azaldu duenez, batez beste bost paziente izaten dituzten arren, baliteke egun batean bakarra izatea, eta beste batean, berriz, hamabi. “Zer esan nahi du horrek? Guk hamabi ditugun egunean, Basurtu ere goraino egongo dela; eskari altuko egunetan, pandemia aurreko larunbatak kasu, guztiak gaudelako goraino. Hortaz, intzidentzia baxua dagoenean, baliteke Basurtuk hemengo kasuak ere artatu ahal izatea, baina intzidentzia altua dagoenean, argi dago ezinezkoa izango dela”.

Horren ondorioz, langileak uste du hil edo bizikoak ez diren larrialdiak artatzeko denbora asko beharko dutela, Basurtun amaierarako utziko dituztelako. “Azkenean, asistentziaren kalitateak behera egingo du nabarmen”. Gainera, osasun krisi baten erdian, jende gehiago toki berean pilatzea “are ulergaitzagoa” dela iruditzen zaio. Bestalde, azken bost urteetako estatistikei erreparatuz, langileak esan du gaueko ordutegian kasu kopurua igo egin dela, pixkanaka bada ere. “Beraz, zerbitzuak lehen zentzua bazuen, orain zergatik ez?”, galdetu du.

Osakidetzaren arabera, langileak kontratatzeko zailtasunak daude. Horregatik, gaueko langile horiek beste ordu batzuetan egon ahal izateko erabaki du gaueko zerbitzua bertan behera uztea. “Arazoa da aldaketa hauekin bete behar diren lanpostuak ez direla hain erakargarriak, eta langile askok alde egiten dutela beste EAG batzuetara. Azkenean, zirkulu zikoitza da: ez ditut profesionalak zaintzen, lanpostuak murrizten ditut, ez dira hain erakargarriak, eta, gainera, profesionalik gabe nago oraindik ere”.

Horregatik, Osakidetzak “birkolokazio” deitzen badio ere, “murrizketak” direla salatu du Deustuko EAG Etengabeko Arreta Guneko langileak. “Gizarteari eskaintzen zaion zerbitzu publiko bat murrizten ari dira, eta langileontzat ere kaltegarria da. Honek osasun pribatuari baino ez dio on egiten, jendeak publikoan behar bezalako zerbitzu bat eskaintzen ez diotela ikusten badu, bertara joko duelako”. Izan ere, langileak azken datu bat eman nahi izan du Deustuko EAGren gaueko zerbitzuaren inguruan: “Bi langile izaten dira lanean, eta horrek are ulergaitzagoa egiten du erabakia. Azpiegitura dago, materiala dago, zortzi orduko mediku eta erizain baten soldata baino ez dute ordaindu behar, oinarrizko zerbitzu bat mantentzeko. Honek ez du ez hankarik eta ez bururik”.

Sarean elkarlanean

Itxieraren berri izatean, langileak dio elkartasun sareekin harremanetan jarri zirela, asteazkenero zentroaren aurrean elkarretaratzeak egiten ari zirelako “kalitatezko” osasun sistema bat eskatzeko. “Haiekin, Bilboko auzo elkarteen federazioarekin, sindikatuekin, pentsiodunekin, alkatearekin…; jende askorekin jarri gara harremanetan, eta denak azaldu dira gure alde, baina Osakidetzak ez du inongo momentuan inorekin hitz egin nahi izan”.

Mobilizazioak egin dituzte, eta sinadura bilketa bat ere jarri dute martxan, Eusko Legebiltzarrean mozio bat aurkeztu ahal izateko. Atzo, Osakidetzako langileen greban hartu zuten parte, eta, otsailaren 6an manifestazio handi bat egingo dute auzoko eragile sozial eta sindikalekin batera. “Denak daude itxieraren aurka, eta babesa helarazi digute. Zerbitzuak indartu behar direla inoiz baino argiago geratu den garai honetan, ez du zentzurik sistema publikoa murrizten jarraitzea”.

Langileak azpimarratu duenez, azken urteetan “sekulako murrizketa” egon da Bilboko osasun eskaintzan. “Lau osasun zentro geratzen dira. Azken urteetan hainbat itxi dituzte: Zazpikaleak, Basurtu, Zorrotza, Txurdinaga… Besteak indartzeko ixten dituztela diote, baina ez da egia, gero profesionalen falta izaten dugulako nonahi”. Langileak aitortu du ez direla protesta egiteko garairik onenak: “Baina isilik geratuz gero, nahi dutena egingo dute”.