Bilboko garbiketa enpresa bateko “gehiegikeriak” salatu dituzte

Bilboko garbiketa enpresa bateko “gehiegikeriak” salatu dituzte

Peru Azpillaga Diez

Bere lan baldintzak “etengabe urratuak” izaten zirela ikusita, Uribarriko (Bilbo) Limpiezas Arana Fernandez Aguilar garbiketa enpresako langile batek pairatzen zituen “gehiegikeriak” salatzea erabaki zuen. Horretarako, Bilboko Langile Autodefentsa Sarearekin harremanetan jarri zen. Geroztik, sareko kideen laguntzarekin batera, lan gatazka gainditzeko helburuarekin dabil lanean. Enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik iritzita, mobilizazioetara jo dute azkeneko asteetan.

“Langilea gurekin jarri zen harremanetan, horretarako ditugun bitartekoen bidez, eta, bere kasua azalduta eta pairatzen zituen gehiegikeriak kontuan izanda, lan gatazka abiatzea erabaki genuen”, azaldu du Asier Praderak, Bilboko Langile Autodefentsa Sareko kideak. Jakin ahal izan zutenez, langilearen egoera “benetan larria” da: “Behin baino gehiagotan ukatu diote kontratu bat izateko aukera, zeina, gainera, beharrezkoa duen bere egoera erregularizatzeko. Ez dira hasiera batean azaldu zitzaizkion lan baldintzak bete, ordutegiari dagokionez eta lan kargari dagokionez: edozein ordutan eta ia aurretiaz abisatu gabe ezarri dizkiote garbitu behar dituen pisuak. Gaixorik egonda ere, lanera joateko presionatu dute. Eta, horretaz gain, zigor ekonomikoak ezarri dizkio enpresaburuak, langileak bere lana behar bezala egiten ez zuela uste bazuen, inongo irizpiderik erabili gabe”, azaldu du Praderak.

Langileak 2019tik egiten zuen lan garbiketa enpresan. Pisu turistikoak eta partikularrak garbitzen zituen, eta askotan horretarako Bilbotik kanpora mugitzen zen. Bere eskubideak betetzen ez zirela ikusita, autodefentsa sarearekin jarri zen harremanetan, azaroan. “Halako kasuetan protokolo bera erabiltzen dugu beti, eta oraingoan ere horri eutsi diogu”, jakinarazi du Praderak.

Autodefentsa antolatuz

Azaldu duenez, lehenik eta behin langilearekin adostu zituzten aurrera begira egin beharreko urrats guztiak. Behin hori eginda, aldarrikapen zerrenda bat osatu zuten eta Limpiezas Arana Fernandez Aguilar enpresako jabearekin jarri ziren harremanetan. “Egindako eskubide abusuen ondorioz langilearen aldarrikapenen berri eman genion ugazabari, eta, salaketa kanpaina abiatu baino lehen, akordio batera heltzeko epea eman genion”. Praderak kontatu duenez, ordea, adostasunera heltzeko aukera gutxi izan dituzte. Izan ere, jabeak langilea kaleratu eta “jarrera bortitza” agertu du hasieratik edozein elkarrizketarako aukera bertan behera utziz.

Praderaren arabera, jabeari hurrengo eskakizunak egin zizkioten: langileari isunen bidez “lapurtutako” dirua bueltatzea; langileari kaleratu aurreko azken soldata ordaintzea; ordaindu gabeko oporren dirua ematea; garbitzaileen lan hitzarmenean zehaztuta dagoen garraioaren kostua eta bertan igarotako orduak ordaintzea; eta, azkenik, lan harremanaren beraren errekonozimendua, bere egoera erregularizatu ahal izateko.

Negoziatu ez eta langilea kalean geratu zela ikusita, mobilizatzeari ekin dio sareak abendutik. Horrekin batera, gatazkaren nondik norakoen informazio kanpaina bat ere jarri dute martxan. “Esan behar da, lehenengo elkarretaratzea egin genuenetik, langileak presio handia jasan duela ugazabaren partetik, mehatxatzeko egin dizkion deien bidez. Horretaz gain, bere lankide batzuk zein lan egiten zuen etxeetako jabe batzuk ere presionatu ditu”, adierazi du Praderak. Gainera, jakin ahal izan dutenez, ugazabak langileari salaketa bat ere jarri dio. “Baina ez dakigu zertan oinarrituta, egia esan”.

Langile “zaurgarriak”

Ugazabaren jarreraren aurrean, kanpainarekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi du Praderak. Izan ere, haren esanetan, langile horrek salatu dituen “gehiegikeriak” enpresan “ohikoak” direlako. “Ez dugu lortu beste langilerik batzea protestetara, haietako asko beldurtuta daudelako ugazabaren mehatxuen ondorioz. Hala ere, badakigu 30 bat langile aritzen direla eta gehiengoa emakume migranteak direla”. Izan ere, nabarmendu duenez, Limpiezas Arana Fernandez Aguilar enpresa, “beste hainbat bezala”, egoera “zaurgarrian eta babesgabean” dauden pertsonetaz baliatzen da, “tamalgarriak” diren lan baldintzak inposatzeko. “Behar larrian dauden langileak dira, erregularizatzeko arazoak dituztenak”.

Akordiorik lortu ez duten arren, Praderak esan du lortu dutela langileak lehen garbitzen zituen etxeetako batzuetan lanean jarraitzea, enpresaren bitartekaritza kenduta. Beraz, langileari gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzea lortu dute. Halere, oraindik bide luzea dutela esan du. “Ez badago borrokarik, ez badago lan baldintzen aldeko antolakuntza egonkorrik. Langileak babesgabe geratzen dira. Lan gatazka irabazi arte, lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu, klase independentzia printzipio bezala hartuta, langileen interes propioen defentsan eta berehalako baldintzen hobekuntzan sakontzen”.