Artoteka, artelanak mailegatzeko beta

Artoteka, artelanak mailegatzeko beta

Zihara Jainaga Larrinaga

Ezaguna da liburutegien mekanika: gustukoa den liburu bat aukeratu eta maileguan hartzen da denbora batez, etxean edo nahi den tokian irakurtzeko. Europako zenbait herrialdetan, Frantzian esaterako, artearekin ere gauza bera egiten dute. Hain zuzen, artelanak mailegatzeko modua ematen duten artoteka deituriko plataformak dituzte. Hau da, normalean museo eta erakusketetan ikus daitezkeen obrak norbere etxe edota lantokian jartzeko aukera eskaintzen dute artotekek. Hala, egitasmoa Bizkaira ere iritsi da. Joan den zapatuaz geroztik, martxan da Artoteka plataforma. Alde batetik, Bilboko Azkuna zentroan dago egitasmoaren erakusketa. Bestetik, maileguak www.artoteka.org webgunean egin daitezke.

Proiektuaren xede nagusia arte garaikidea eguneroko espazioetara eramatea da, eta horretarako sortu duten bitartekaritza artistikorako Artoteka plataforma hamar artistak osatzen dute egun: Belen Cerezok, Helena Goñik, Juana Garcia-Pozuelok, Mawatresek, Raisa Alavak, Raquel Asensik, Raquel Meyersek, Saioa Olmok, Tunipaneak eta Victoria Ascasok. Guztiaren gidari aritu dira Irantzu Guijarro, Marina Urrutikoetxea eta Laura Diez koordinatzaileak. Hain zuzen, 30 obraz osatutako bilduma bat osatu dute. Obra horien aukeraketa bat Azkuna zentroan dago ikusgai, apirilaren 11ra bitartean.

Bildumaren lagina mediatekan jarri dute, mediatekek eta artotekek izan dezaketen antzekotasunari keinu eginez. Bilduma “oso aberatsa” dela adierazi du Guijarrok, diziplina ezberdinak batzen dituena. Hainbat dira lantzen diren gaiak ere.

Artelanen mailegu prozesuak aktibatzeko, bitartekotza jarduerak ere antolatzen ditu Artoteka proiektuak; gaur egun, hiru ekintza daude martxan. Jarduera hauetan parte hartuz, herritarrek proiektuaren parte diren artistengandik ikasten dute, esperimentatuz eta gozatuz.

Kuota bat hilero

Artotekan eskuragai dagoen obra bat maileguan hartu edo alokatu nahi duenak formulario bat bete behar du webgunearen bitartez, eta bertan zehaztuko du zertarako alokatu nahi duen artelana; hots, non jarri nahi duen. Hori jakinik, Artotekako lantaldea harremanetan jarriko da pertsonarekin, eta bisita tekniko bat egingo dute artelana jarriko den espaziora. Guijarrok azaldu duenez, artelanaren instalazioa egiterakoan, artistak ere parte hartuko du prozesuan. Hala, herritarren eta artisten arteko harremana “estua eta arina” izatea lortu nahi dute. Gero, kontratu bat sinatuko da.

“Asegurua, garraioa eta instalazioa Artotekaren kontu doa”, esan du Guijarrok. Alokairuak, berriz, prezio bat izango du, eta, momentuz, proba fasean ordainketa bakarra egingo da, hiru hilabeteko kuotaren baliokide izango dena. Hain zuzen ere, banakoek 50 euro ordaindu beharko dituzte bi artelan hiru hilabetez etxean izatearen truke. Enpresen kasuan, aldiz, kuota 150 eurokoa da, eta hiru dira eraman ditzaketen artelanak. Guijarrok azaldu duenez, etorkizunean hileroko kuota bat izatea da asmoa: banakoentzat 10 eurokoa eta erakundeentzat 50ekoa.

Artoteken ideia XX. mendearen hasieran sortu zen, Alemanian. Frantzian indar handiz ezarri zen 1980ko hamarkadan. Hori dela eta, Frantzian artotekak oso ezagunak dira, liburutegiak beste. Euskal Herrian ere ez da berria proiektua. Baionan, adibidez, halako egitasmoak egin izan dituzte. Bilboren kasuan, Guijarrok azaldu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako artoteka bat egitea zen hasierako xedea. Baina, koronabirusaren pandemia direla eta, momentuz proiektuaren prototipoa Bilbon aktibatzera mugatu behar izan dute. Hori hala, aurrerantzean hiru aldundiekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu nahiko lukete egitasmoa hedatzeko. Halaber, gaur egun formatu hori herrialde askotan aurki daiteke: Italian, Finlandian, Errumanian, Austrian, Herbehereetan eta Mexikon.

Leku esanguratsua

Etorkizunera begira, Guijarrok aitortu du ideala litzatekeela espazio propioa izatea. “Frantzian, adibidez, artotekak oso lotuta daude kultur etxeetara. Gure ideia da artotekek beren tokia izatea, artelanak mailegatzeko erreferentziazko espazio bat”, adierazi du. Horrez gain, aurreratu du asmoa dutela Artoteka plataforma herri txikietan ere zabaltzeko. “Arte garaikidearen elitismoa jaitsi nahi dugu, gizartean artearen inguruan normal hitz egitea lortu”. Hala, gaur egungo gaiak artisten ikuspuntutik gizartera eraman nahi dituzte, eta, horretarako, elkarrizketarako leku bat sortzea da beraien nahia. Proiektuaren etorkizuneko beste helburu bat litzateke bilduma publikoak biltegietatik atera eta herritarrei gerturatzea.

Artisten ikuspuntutik orain arteko balorazioa “oso positiboa” dela azpimarratu du Guijarrok: “Oro har, proiektua oso baliogarritzat dute, eta ideia ona iruditzen zaie herritarrekin nolabaiteko harreman bat sortzea, artelanei buruz adituak ez diren pertsonekin hitz egitea”. Azken finean, Artotekaren xedea artea hedatzea da, artisten ekonomia hobetuz. Herritarren aldetik ere balorazio onak jasotzen ari direla esan du Guijarrok. “Proiektuarekiko interesa dago”.