Naturak emandako indarraren sortzaile

Naturak emandako indarraren sortzaile

Zihara Jainaga Larrinaga

Errotek, historian zehar izandako gorabeherengatik, informazio asko ematen dute. Gertakari horien ondorioz, esaterako, ezin izaten zituzten errentak ordaindu, eta jabeek maizterrak salatzen zituzten eta epaituak izaten ziren. Askotarikoa da errotek ematen duten informazioa. Hala esan du Alberto Diez Saiz historialariak. Hain zuzen ere, Los molinos de viento y marea vizcainos liburuan (Bizkaiko haize eta marea errotak), Bizkaian dokumentatu diren mota horietako errotak bildu ditu. Historialariaren esanetan, liburuaren helburu nagusia da ahalik eta modu zehatzenean Bizkaiko marea eta haize errota zenbaiten berri ematea. Dioenez, hasiera-hasieratik, nagusiki, aleak ehotzeko erabili ziren errotak.

Liburua bi ataletan bereizi du Diezek, errota motak bereiziz. Lehenengo atalean marea errotak aurki daitezke. Orotara, 23. Eta horietatik zaharrena 1506. urtean Plentzian eraikitako Gazteluondo errota zen. Hain zuzen ere, duela gutxi eraitsi zuten. Diezek harriturik eta etsita jaso zuen albistea: “Plentziako Udalak hori egiteko zer arrazoi zituen alde batera utzita, historialari moduan dudan ikuspuntutik esan beharra daukat nire ustez basatia izan zela eraitsi izana. Gaur egun arte kontserbaturiko onena zen, bakarra ez bazen ere. Gorde izan balitz, bizkaitarrok harro egoteko harribitxi bat izango genuke”. Marea errotarik gazteena, bestetik, Ondarroan dago: Iturribarri errota, 1818an eraikia.

Guztira 23 izan ziren Bizkaiko lurretan eraiki ziren marea errotak, eta horietako askoren aztarna argigarriak lortu dira. Haietatik zazpiz, baina, dirudienez, ez da historialaririk arduratu. Marea errotak paduretan zeuden Bizkaiko kostaldean barrena. Diezek dokumentatutako 23 errotetatik zazpi Bilboko itsasadarrean eraiki ziren; Butroe ibaiaren bokalean, hiru, eta Gernikako itsasadarrean, 11. Beste bat Lea ibaiaren azken zatian egon zen, Lekeition: 1986an desagertu zen, baina 2019an berreraiki zuten.

Natura INFO

Marea erroten artean bi orain arte ezezagunak zirela nabarmendu du Diezek: Sestaoko Arbinaga errota eta Deustuko Larrauri. Bestalde, idazleak azpimarratu duenez, zenbait daturen arabera, marea errotak egon ziren Barbadun eta Asua ibaien inguruetan, eta baita Santurtzin ere. Bizkaiko beste hainbeste tokitan bezala. “Herri guztiek zeukaten errotaren bat eta gehiago; Berangon, adibidez, zortzi zeuden”, zehaztu du historialariak.

Marea errotak alea ehotzeko erabili ziren, itsasgoren eta itsasbeheren arteko ur malda aprobetxatuz. Itsasgoran, ura biltegi baten, esparru baten eta presa baten barruan atxikitzen zen, eta, itsasoko ur maila jaisten zenean, errotaren gurpilak libre utzi arte, errotariak atxikitako ura itsasora itzultzen zuen, hodi batzuetatik igaroaraziz. Hodi horietatik ateratzen zen urak gurpilen alabeak jotzen zituen, eta, horrela, biratu eta aldi berean birarazi egiten zituzten harri moldekatzaileak.

Duela gutxi arte, Gautegiz Arteagako Ozollo errotak bakarrik gordetzen zuen, 23 marea errota horietatik, makineriaren zati bat, baldintza onetan zegoen errota etxearen eraikinaz gain. Errotabarriko, Mallukizako eta duela urte gutxi batzuetatik hona Lekeitio eta Mendexa artean kokatutako Marierrotako errota etxea ere egoera onean daude, eta horiekin batera ehotzeko harri batzuk ere bai, jarduera gogorarazten dutenak. Era berean, Orue eta Ikoako errota etxeak ikusgai daude gaur egun, nahiz eta hondatuta dauden; haien hondakinen artean, ehotzeko harri batzuk ikus daitezke. Azkenik, Atxandiaga errotan, nahikoa egoera onean dago haren presa edo antapara; ez, ordea, Ardanza eta Errotabarrikoak, oso desitxuratuta baitaude.

HAIZE ERROTA

Gurpilak eta harriak

Errota baten makineriaren elementu guztiak ondo funtzionatzeko ezinbestekoak badira ere, funtsezko bi pieza daude: gurpilak eta harriak. Marea errotetako gurpil eragileek biratzeko funtzioa dute errotariak txifoia irekitzen duenean, aurrean bildutako ura indarrez atera dadin. Eta urak, paleten aurka talka egitean, gurpila birarazten du. Bestalde, gurpila errotaren funtsezko elementuetako bat da, alea ehotzeko ardura zuzena baitu. Errota bakoitzak bi harri izan behar ditu nahitaez: finko geratzen dena bat, normalean azpiko harria esaten zaiona, eta haren gainean biratzen dena bestea, gaineko harria. Oro har, 1,25 eta 1,40 metro arteko diametroa eta 800 kiloko pisua izaten zuten.

Haizezkoak, gutxiengoa

Liburuaren bigarrengo atalean, aldiz, haize errotak bildu ditu Diezek. Bigarrengo horiek gutxiago dira: 11. Eta horietan zaharrenak 1725. urtekoak dira. Artxandan eta Aixerrotan (Getxo) daude, zehazki. Gazteenak, aldiz, Sestaoko Abatxolo —1874an eraikia— eta Getxoko Esazerrota dira —1854. urtekoa—.

Haize errotetan, energia eolikoa erabiltzen zen haien hegalak biratzea lortzeko eta, engranaje berezi batzuen bidez, alea eho behar zuten harriak ere biratzea lortzeko. Bizkaian, harrizko eraikinak izan ziren, zilindro formakoak, tronkonikoak eta zirkulu formakoak. Harrizko dorreen teilatuak mugigarriak izan ohi ziren, errotarien irizpidearen arabera haien zeinuak orientatzeko, haizearen norabidearen arabera.

UR ERROTA

Lau dira oraindik Bizkaian tente dauden haize errotak: Artxanda, Aixerrota, Aixeder eta Azpazar. Eta beste bi, hondatuta ikus daitezke: Arnabarre eta Kosnoaga. Marea errotekin bezala, nahiz eta desagertuta egon, bi haize errotek, dokumentazio idatzia ez ezik, grafikoa ere badute. Nabarmentzekoa da, era berean, aspaldi desagertu zen arren, Bizkaiko marea errota guztietatik lortu diren daturik zaharrenak Itsaserrota errotarenak direla: 1722koa da, eta ez da ohikoa orduko datuak gaur egunera iristea.

Lehen haize errotak Afganistanen, Pakistanen eta Iranen eraiki ziren, IX. mendean. Hala ere, egile batzuen arabera, I. eta II. mendeetako greziarrek dagoeneko erabiltzen zituzten. Ezagutzen den aipamenik zaharrena X. mendearen lehen erdikoa da. Diezen esanetan, flandriarrek eraiki zuten kono moztuaren formako lehen dorre errota. Hain zuzen ere, Bizkaian eraiki ziren errotak mota horretakoak izan dira gehienbat. Euskal Herrian, XIV. mendean azaldu ziren lehen haize errotak.