Iraide Urriz: “Pertsonak erabat utzita daude. Langileek ez dute astirik”

Iraide Urriz: “Pertsonak erabat utzita daude. Langileek ez dute astirik”

N. S. O.

Babestu Bizkaia egoiliarren zaintza hobetzeko lanean aritu da 2016an sortu zenetik. Horko kide da Iraide Urriz (Bilbo, 1971).

Kalitatezko zaintza eskatzen ari zarete. Nagusiek ez dute kalitatezko zaintzarik egoitzetan?

Ez. Gaur egun, egoitza sistemak ez du funtzionatzen. Lehentasuna irabazi ekonomikoak dira. Besteak beste, ratioak ez dituzte igo nahi. Esaten dute oso garestia dela langile gehiago kontratatzea, eta Eusko Jaurlaritzak onartutako ratioak betetzen dituzte. Pandemia baino lehen ere zaintza ez zen kalitatezkoa; hainbat arlo bermatu gabe zeuden. Zaintza emozionalik ez da ematen. Leku askotan, egoiliarrek jan eta lo besterik ez dute egiten; eserita egoten dira, inolako motibaziorik gabe. Askok oinez egiteko edo hitz egiteko gaitasuna galdu dute bakartuta egonda. Badirudi eurentzako hamar urte pasatu direla azken hileotan. Sistema aldatu behar da; politikariek ere onartu dute. Ez du bermatzen ongizatea, baizik eta irabaziak.

Zer gabezia antzeman dituzue egoitzetan?

Pandemian oso nabaria izan da jende gutxi dagoela lanean, eta gauza asko ez direla egin. Premiazkoa da langile gehiago egotea; ratioak dira gabezia handiena. Langile gehiagorekin, posible da zaintza duina ematea; ez bakarrik egunez, baita gauez ere. Gauez oso langile gutxi daude. Ardura handia da. Medikuen eta erizainen lanpostuak ere ez dira betetzen. Babestuk eskatzen du Osakidetzak bere aurrekontuaren zati bat egoitzetara bideratzea, horietara pertsona kualifikatuak eramateko. Horrela, bermatuta izango genuke osasun zaintza. Gainera, zaintza emozionala ez da zaintzen; pertsonak erabat utzita daude. Langileek ez dute astirik luzaroan egoteko egoiliarrekin, bakoitzak 11 egoiliar dituelako altxatzeko, janzteko eta behar dituen gauza guztiak egiteko. Egunez, sarri sofa batean egoten dira, bazkaltzeko eta afaltzeko ordura arte. Bizimodu hori oso tristea eta gogorra da.

Kutsatzeek gora egin dute berriz. Zuek uste duzue ez dela normaltzat hartu behar hainbeste jende kutsatzea, eta konponbide bat eskatu diozue aldundiari.

Bederatzi hilabete daramatzagu jada pandemiarekin, eta behin eta berriro eskatzen ari gatzaizkio aldundiari azaltzeko zer neurri jarri dituzten. Jakin badakigu txertoa ez dela miraria, eta txertoa jarrita ere kutsatzeak gertatuko direla. Guk jakin nahiko genuke aldundiak zer inbertsio egin dituen hilabeteotan, eta hemendik aurrera zer protokolo jarriko duten edo zer egingo duten. Txertoa ez da konponbide bakarra; zerbait gehiago behar da. Konponbidea da langile gehiago sartzea. Ez da posible pertsona batek 11 egoiliar artatzea NBEa [norbera babesteko ekipamendua] jantzita; NBEarekin ezin dira ondo mugitu. Pertsona bakar batek ezin du garabia erabili egoiliarrak fardela zikin badu. Langile hori urduri egongo da, gainera, eta presio handia izango du. Horrela ezin da lan egin. Orain dugun ratioarekin ez da nahikoa, nahiz eta [Sergio] Murillo foru diputatuak baietz esan. Nik eman izan diot bazkaltzen nire amari, eta ordu erdi bat behar zuen purea jateko. Janari asko ez dute jaten denbora faltagatik, eta azkenekoek hotza jaten dute. Ez dute astirik behar bezala zaintzeko eta haiekin egoteko.

Egoiliarrek zer-nola bizi dute egoera hau?

Gehienek ez dute ulertzen zer gertatzen ari den: ez dakite zergatik egon behar diren maskararekin bisitetan; ez dute ulertzen zergatik ezin diegun eman eskurik. Bisitak ere ez dira oso atseginak haientzat. Ordu asko ematen dituzte bakarrik. Azkeneko urteak duintasunez bizi ditzaten nahi dugu. Kalitatezko zaintza duina eta publikoa behar dugu.