Getxoko musika eskolak hasiera emango dio bihar Neguko Bidaiari

Getxoko musika eskolak hasiera emango dio bihar Neguko Bidaiari

Peru Azpillaga Diez

“Zalantzaz” josita abiatuko dute bihar Neguko Bidaia kontzertu zikloa Getxon. Eremu gorrian sartzeko arriskuan dago udalerria, eta horrek ekar ditzakeen neurri berriek egitasmoa baldintzatzeko arriskua dagoela adierazi dute antolatzaileek. “Atzamarrak gurutzatuta dauzkagu; ikusiko da dena antolatu bezala mantendu dezakegun edo azken uneko aldaketarik egin behar den”, aitortu du Mario Clavell Neguko Bidaia zikloaren antolatzaile eta sustatzaileak.

Aurten, osasun larrialdiak ekarritako edukiera mugatzeko neurrien ondorioz, larunbatero talde bakoitzaren bina kontzertu antolatu dituzte zikloan: 18:15ean bat eta 20:00etan bestea. Hain zuzen ere, bigarren emanaldi horren egingarritasuna da Clavellen kezka nagusia: “Bi emanaldi egiten saiatuko gara, baina batek daki; etxeratze agindua aldatzen baldin badago, bigarrena bertan behera utzi beharko dugu. Ikusi beharko da zer-nolako bilakaera dagoen aste hauetan”.

Egoera “berezia” dela azpimarratu du, eta egunerokoa zalantzaz beterik dagoela deritzo Clavellek. “Egunetik egunera asko aldatzen dira gauzak; beraz, zaila da ezer aurreikustea”. Hala ere, ziur dago egitasmoa aurrera aterako dela: “Seguru nago kontzertu guztiak egin, egingo ditugula. Hori bai, ikusi beharko da bi saio horiei eusterik izango den edota formatuan aldaketak egin behar diren, baina kontzertuak egin egingo dira, ziur”.

Izan ere, Neguko Bidaia zikloaren berezitasunetako bat kontzertu soil batetik harago doan formatua da. Clavellek nabarmendu duenez, emanaldien ostean solasaldi bat antolatzen dute musikagileen eta publikoaren artean; hala, bide ematen diote bi norabideko hartu-eman bati: “Publikoari parte hartzeko aukera ematen diogu beti, galderak zuzenean egin eta artisten erantzuna jasotzeko”. Horren bidez musikarien eta publikoaren artean “beste giro bat” sortzen dela deritzo.

Egitaraua osatzeko, estilo aniztasunaren aldeko apustua egin dutela azaldu du Clavellek: “Klasikoa, rocka, folka… Pixka bat denetarik egotea; hori oso inportantea da guretzat”. Baldintzak beste urte batzuetako berdinak izan ez arren zikloaren esentzia mantentzen saiatu direla esan du. Aurtengoa 13. zikloa da, eta estilo desberdineko sei talde ariko dira astero, bihartik otsailaren 27ra arte.

“Lehenengo taldea hemengo seikote bat izango da, Marmara izenekoa”, esanez hasi da esplikatzen Clavell. “Jazz tradizionala jotzen dute, New Orleans original estilokoa”. Hurrengo astean Mario Lerenaren pianoak musika erromantikoa eskainiko duela gehitu du: “Schubert, Beethoven eta Chopinen doinuekin gozatzeko aukera egongo da, besteak beste”. Hirugarren astean, Irundik (Gipuzkoa) helduko diren Botxo Boogies taldekoak ariko dira, swing eta boogie erritmo dantzagarriekin. Laugarren astean “zikloko izarrak” izango direla esan du: Los Parranderos de Mexico mariatxi taldea. “Zikloa amaitzeko, berriz, bosgarren astean, Granadatik [Espainia] etorriko den Esther Crisol flamenko dantzaria izango dugu, eta, amaitzeko, otsailaren 27an, Cuarteto Ilustracion, gitarrarekin ganbera musika jotzen duen laukote bat”.

Kontzertu guztiak Areetako Andres Isasi musika eskolako entzunaretoan izango dira. Hirurehun pertsona ingururentzako tokia du aretoak, eta, koronabirusa dela eta, edukiera %50era mugatuta egongo da. Sarrerek bost euroko prezioa izango dute, eta kontzertuaren astean zein egunean bertan erosi ahal izango dira, musika eskolan.

Botxo boogie

Bultzada kulturari

Neguko Bidaia kontzertu zikloa Clavellek berak proposatutako egitasmo bat da. “Dirua zegoen, eta hau antolatzen hasi nintzen. Izena ere nik hautatu nuen, eta Schuberti egindako omenaldia da”. Hasieratik arrakasta izan duela esan du. “Normalean tabernetan egiten da, eta ia beti bete egiten dira. Aurten, aretoan egin beharko dugu, baina espero dut arrakasta bera izatea”, dio antolatzaileak.

Pandemia garaian ere, Clavellek “ezinbestekotzat” jo du halako kultur egitasmoak antolatzen jarraitzea: “Oso inportantea da; oso zaila izan da hau antolatzea, baina egin beharra dagoela uste dut”. Kontzertuak, antzerkiak… kultura, oro har itxita dagoela dio, eta “beltz” dagoela etorkizuna: “Garrantzitsua da kultura gizartearen ongizaterako, baina, antza, agintariek ez dute ikusten hori”.

Artistek ere asko eskertu dutela gaineratu du, gaur egun oso kontzertu gutxi daudelako. “Haiek ere poztu egiten dira, eta prest daude betekizun guztietara egokitzeko. Badakite nola dagoen egoera, eta sufritzen ari dira; beraz, haientzat ere haize freskoa da hau”.

Egitaraua

Bihartik otsailaren 27ra arte iraungo du Getxoko Neguko Bidaia musika zikloak. Larunbatero kontzertu bat izango da, eta Areetako Andres Isasi musika eskolako entzunaretoan izango dira. Osasun baldintzek ahalbidetuz gero, bi emanaldi eskainiko ditu artista bakoitzak: 18:15ean bat eta 20:00etan bestea.

Emanaldiak:

Bihar. Marmara, jazza.
Urtarrilak 30. Mario Lerena, pianoa.
Otsailak 6. Botxo Boogies, swing & boogie.
Otsailak 13. Los Parranderos de Mexico, mariatxiak.
Otsailak 20. Esther Crisol, flamenkoa.
Otsailak 27. Cuarteto Ilustracion, ganbera musika (gitarra eta sokak).