“Enkarterri egokia da bizikletaz egiteko jarduerak antolatzeko”

Enkartur agentziarekin Enkarterri Open Challenge erronka antolatu du BizkaiRoute aholkularitzak. Bizikletaz, oinez edo lasterka eskualdea norberak bakarrik ezagutzeko proposamen bat dela esan du Lezamak.

Ibai Maruri Bilbao

BizkaiRoute aholkularitza enpresak Bizkai osoko naturan egiteko ekintzak jasotzen dituzten produktuak eskaintzen ditu. Euren bezero gehienak kanpokoak izaten dira, bereziki penintsulako kostalde mediterranearrekoak. “COVID-19aren pandemia dela eta, ia ezin dugu ezer egin, bidaiak debekatuta daudelako. Buruari eragiten hasi ginen zer egin genezakeen, eta horrela bururatu zitzaigun Enkarterri Open Challenge izeneko erronka”, azaldu du Iker Lezama (Zalla, 1980) enpresako kideak. Enkarterrin turismoa sustatzeaz arduratzen den Enkartur agentzia publikoari proposatu zioten, eta “berehala” onartu zuten. Urtarriletik ekainera bitartean parte hartu daiteke.

Zer da, zehazki, Enkarterri Open Challenge?

Outdoor esperientzia delako bat da. Banaka egiteko erronka bat eratu dugu. Enkarterrin egin daitezkeen gune batzuk sortu ditugu eta horietarako ibilbideak prestatu ditugu. Guztira, sei dira. Horietako bakoitza hilabete batean egitea da asmoa, bakoitzak nahi duen eran: mendiko bizikletan, lasterka edo oinez. Nahi diren guneak egin daitezke, edo guztiak, bakoitzaren gaitasunen edo horretarako duen denboraren arabera. Kirola eginez, mendiaz eta naturaz gozatzeko eta Enkarterrik gordetzen duen ondarea ezagutzeko proposamen bat da.

Aplikazio bat sortu duzue parte hartzaileentat.

Kirol arloko I+G deritzona eskainiko diogu parte hartzaileari. Horri esker, beste pertsona batzuekin hartu-emana izan beharra saihesten dugu, egungo osasun larrialdiaren testuinguruan erabat segurua den jarduera eskainiz. Aplikazioan osatu nahi den ibilbidea deskargatu ondoren, hilabete inguru izango du osatzeko. Zirkuitu bakoitzak nahitaez igaro beharreko zenbait leku izango ditu. Gainera, tarte berezi kronometratuak egongo dira mendiko bizikleta eta trail modalitateetan, parte hartzaileen izan dezaketen lehiarako sena asetzeko.

Beraz, parte hartzaileek banaka osatu behar dute ibilbidea?

Arauetan hala dago jasota, helburua ekintza segurua izatea delako. Parte hartzeko, izena ere banaka eman behar da ezinbestean Baina, adibidez, familia bateko kideek elkarrekin egin nahi badute, ez dago arazorik. Hori bai, maskara erabili eta bestelako neurriak hartu beharko dituzte.

Urtarrilean lehen gunearen ibilbidea egiteko aukera dago, Gueñes eta Gordexola artekoa.

Ibilbidea Sodupetik abiatzen da da eta Sodupen bertan du helmuga. Naturak eskaintzen duen ikuspegiaz ez ezik, bidean topatuko dituzten jauregi, dorre, eliza eta Gordexolan hain ugariak diren indianoen etxe dotoreak ere eskaintzen ditu tarte honek. Hasiera batean, gune bakoitza hilabete jakin batean egitea pentsatu genuen, baina pandemiaren bilakaera ikusita aldatu egin dugu. Lehengo asmoa zen Gueñes eta Gordexola arteko tartea urtarrilean egitea, otsailean, Zallakoa… Baina orain honela izango da: urtarriletik aurrera lehena; otsailetik aurrera, lehena eta bigarrena… Hilabetero gune berria gehituko dugu, aurrekoak egiteko aukera kendu gabe. Hartara, mugikortasun arazoak dituztenek ere parte hartzeko aukera izango dute, orain ez bada, geroago. Izan ere, dagoeneko 400 partaide inguruk eman dute izena, eta horietako askok une honetan debekatuta dute Enkarterrira etortzea euren herrietako egoera epidemiologikoagatik. Dagoeneko izena eman dutenen artean badira beste herrialde historiko batzuetakoak eta baita Euskal Herritik kanpokoak ere.

Oraindik badago izena emateko aukera, ezta?

Guneetan dagokion hilabeteetan eman daiteke izena, soilik horietako bat edo batzuk egin nahi dituztenentzat. Erronka osorik egiteko, hau da, sei guneak osatzeko, izena emateko epea joan den domekan bukatzeakoa zen, baina luzatzea erabaki dugu, urtarrilaren 31ra arte. Erronka osoa egingo duen parte hartzaile bakoitzari kamiseta pertsonalizatu bat edo maillot bat emango dizkiogu, eta horiek eskatzeko denbora behar genuelako. Baina, orain, parte hartzea ere malgutu dugunez, izen ematea ere luzatu egin dugu.

Gueñes-Gordexola, urtarrilekoa; Zalla, otsailekoa. Zein dira beste guneak? Zenbateko luzera dute?

Ibilbide luzea edo laburra egin daitezke, eta egiteko moduaren arabera, bizikletaz, oinez edo lasterka, halako distantzia du. Lehenean, adibidez, 39 kilometrokoa da bizikletaz egiteko luzea eta 28koa laburra. Lasterka edo oinez egiteko ibilbideak, berriz, 19 eta 13 kilometrokak dira, luzea eta laburra. Hirugarrena Balmaseda eta Artzetales artekoa da; laugarrena, Sopuertatik Galdameserakoa; bosgarrenak Meatzaldea zeharkatzen du, Gallartatik, Zierbenatik eta Muskiztik igarota; eta, azkena Karrantzan izango da.

Edizio gehiago izango ditu edo pandemia urte honetarako baino ez duzue sortu?

Berez, pandemia giroan sortutakoa da, baina Enkarturrek eskualdeko beste gune batzuk ezagutzera emateko interesa du, beste kirol batzuekin. Beraz, ikusiko dugu. Guk ere, agian, Bizkaiko beste eskualde batzuetara zabaldu dezakegu. Egia esan, Enkarterri oso egokia da horrelako ekimen baterako. Kantauri itsasoko ertz guztian Enkarterri da bikefriendy ziurtagiria duen eskualde bakarra. Txirrindulari zalekuekiko lagunkoia dela esan nahi du horrek, hau da, ibilbide bereziak dituela, zerbitzu bereziak eta txirrindularientzako ostatu egokiak.

Pandemiak asko mugatu dizue laneko jarduna, ezta?

Mendi martxak eta lasterketak bertan behera geratu dira. Natura lekurik seguruenetakoa den arren, gaur egun ia ezinezkoa da taldeko jarduerarik antolatzea.