Dani Lara: “Egiten duen hori jendearen aurrean erakustea nahi du musikariak”

Dani Lara: “Egiten duen hori jendearen aurrean erakustea nahi du musikariak”

P. Azpillaga Diez

Neguko Bidaia zikloari hasiera emango dio bihar Marmara taldeak. New Orleanseko jazz estilo tradizionala jotzen duen seikote horretarako kidea da Dani Lara tronboi jotzailea (Galdakao, 1972). “Pozik” azaldu da jotzeko aukera izango dutelako, baina benetan kezkatuta dago kulturaren egoeragatik. Izan ere, musikaria izateaz gain, soinu teknikaria ere bada Lara. “Hainbeste trabaren aurrean, oztopo lasterketa bat bihurtu da hau. Kultura egoera larrian dago, eta aspalditik datorren arazo bat da”.

Talde moduan, zelan ari zarete bizitzen osasun larrialdia?

Erabat geldirik gaude. Guk kanpoko saio asko egiten genituen, badugu kalejira antzeko formatu bat, jazz tradizionalaren errepertorio berdinarekin, baina kalean egiten zen guztia bertan behera geratu da. Orain dela asko, gainera; ia urtebete. Gero, jaiak ere bertan behera geratu dira, eta, urte honetan, dirudienez, gauzak ez dira asko aldatuko.

Zaila da, beraz, proiektuari eustea, ezta?

Noski. Zuk mantendu ahal duzu motibazio bat, entseatzen jarraitzeko eta. Baina, azkenean, honetatik bizi nahi duzu, musikari moduan ere egiten duzun hori erakutsi nahi duzu, eta ezer gabe entseatzen jarraitzea oso zaila da, ikusten duzulako ez zoazela inora. Lan nahikorik ez baduzu, jendearen lehentasunak aldatuz joaten dira, beste proiektu batzuk bilatzen dituzte, eta, azkenean, emanaldi bat lortzen duzunerako, zailena berriz batzea izaten da… Oso gogaikarria da.

Hortaz, egoera ez da samurra musikarientzat.

Ez bakarrik musikarientzat. Edozein adierazpen artistikorentzat ere egoera oso zaila da. Eta baita inguruan ibiltzen garenontzat ere. Kulturarentzat, oro har. Ni, musikari izateaz gain, soinu teknikaria ere banaiz, eta hori ere guztiz geldituta dago.

Nola sortu zen Marmara?

Guk urte asko daramatzagu musikaren munduan murgilduta. Hainbat taldetan aritutakoak gara, eta horien batuketa bat izan zen Marmara. Gu hirukote bat ginen, berbenetan-eta jotzen zuena, eta beste hiru musikarirekin harremanetan jarri ginen jazz estiloko musika talde hau lortzeko.

Nolakoa izan da zuen ibilbidea?

Hasieran oso indartsu hasi ginen. Benetan oso ondo. Gero, 2007ko krisiarekin batera, izugarri jaitsi zen dena, eta, gerora, ez zen inoiz lehengora itzuli. Orain, osasun larrialdiak are egoera okerragoan utzi gaitu. Oso gutxi programatzen zen jada lehen, eta, orain, udako jaiak galduta, are gutxiago. Eskari gutxi eta eskaintza asko dago.

Nola jaso duzue Neguko Bidaia zikloan jotzeko proposamena?

Ilusioz, egia esan. Lagunekin batzea eta entseatzea ondo dago, hobetu egiten duzu… Baina, azkenean, musikariak zera nahi du: egiten duen hori jendearen aurrean erakustea. Bestela, zaila da proiektuari eustea.

Baduzue beste kontzerturen bat iragarria?

Aurten ez daukagu kontzertu gehiagorik lotuta; beraz, aurrera begira ez dakigu zer gertatuko den. Hau atera zen, orain dela hiru hilabete, eta pozgarria da. Horregatik espero dugu egoera ez gaiztotzea eta arazorik gabe aritu ahal izatea. Egoera dagoen moduan egonda, badakizu edonoiz bertan behera geratu daitekeela. Eta, tira, ulertu egiten duzu, baina kulturarentzat oso zaila izaten ari da.