Txorierriko lasterbidean abiadura muga txikitzea nahi dute

I. Maruri Bilbao

Datozen egun edo asteetan, Lezama Bizirik taldeak idatzi bat aurkeztuko du Lezamako udaletxean eta eskualdeko gainontzekoetan, osoko bilkuretan euren eskaera babes dezaten. “Txorierriko lasterbideko abiadura muga orduko 80 kilometrora jaistea nahi dugu”, azaldu du Txema Pico taldeko kideak. Ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusietara joan gura dute. Izan ere, eskumena Bizkaiko Foru Aldundiarena da, eta hark aldatu beharko luke abiadura muga errepide horretan.

Picoren esanetan, Lezaman aspalditik aztertu duten gaia da. Bilbo hegoaldeko saihesbidearen lehen zatia ireki zutenean, Malmasingo tuneletatik garraio arriskutsua pasatzea debekatu zuten. “Harrezkero, Bilboko portura doazen garraio astun eta arriskutsu guztiak Txorierriko lasterbidetik igarotzen dira, garraiolariek hegoaldeko saihesbideko ordainsaria aurrezteko”. Haren esanetan, A-8aren Ezkerraldeko zatia kenduta, Bizkaian ibilgailuen joan-etorririk handiena duen errepide zatia Txorierriko lasterbidea da, Erletxeetatik (Galdakao) Arrondegiko zubira (Barakaldo) arte. “Diputazioak emandako datuen arabera, egunero 60.000 ibilgailu igarotzen dira Txorierritik, eta horietatik %15 inguru ibilgailu astunak dira, portu aldera doazen kamioiak”.

Istripuak eta kutsadura

Bilboko metropolian, gaitasun handieneko errepide guztiek abiadura mugatuta dutela esan du Picok. “Txorierriko lasterbideak izan ezik, gainontzeko guztietan ezin daiteke orduko 80 kilometroko abiadura baino azkarrago ibili”. Zentzuzko neurria iruditzen zaio beste errepideetan jarritakoa, eta hori nahi dute eurenerako ere. “Abiadura murriztea ez da apeta bat. Diputazioak berak ikerketa piloa egin ditu horren inguruan. Zenbat eta motelago joan, orduan eta gehiago gutxitzen dira istripuak”. Kamioiek portura joateko lasterbidea erabiltzen dutenetik, istripuek gora egin dutela esan du. Eta hori oso arriskutsua dela esan du, garraiatzen dituzten produktu asko arriskutsuak direlako.

Abiadura motelagoan kutsadurak ere behera egiten dutela nabarmendu du; eta ez soilik ibilgailuek botatzen duten kean isuri daitekeena. “Pneumatikoek ere errepidea igurtzean partikulak askatzen dituzte. Zenbat eta azkarrago joan, partikula gehiago askatzen dira. Eta gure eskualdeak berez ere badu nahikoa kutsadura: aireportua, industria…”.