Kobaren informazio iturria ez da agortu

Kobaren informazio iturria ez da agortu

N. S. O.

Ustekabeko aurkikuntza izan zen, arkeologian sarri gertatu ohi den bezala. Jolasean ari ziren ume batzuk haitzuloko santutegian sartu ziren, eta han aurkitutakoen berri eman zieten gurasoei eta udalari. [Joxe Miel] Barandiaranen taldeak aztertu zituen margolanak, eta egiazkoak zirela ebatzi zuen”: hala gogorarazi du Iñaki Garcia Camino Bilboko Arkeologia museoko zuzendariak Santimamiñeko aurkikuntza.

Pinturak 1916an aurkitu zituzten, eta bi urte geroago ekin zieten indusketei. “Orduan hasi zuen Barandiaranek arkeologian egin zuen jarduera zientifikoa, Santimamiñerekin. Euskal Herriko arkeologiaren historian mugarri bat dela esan genezake”.

Ia bost hamarkadaren ostean hasi zen haitzuloa turistikoki ustiatzeko prozesua. “Garai hartan turismoa lehenesten zen kultur ondarearen gainetik”. Beraz, 1960ko hamarkadan hasi eta 2006ko azarora arte ugariak izan ziren bisitarien joan-etorriak. 1997an debekatu zuten labar margoen ganberara sartzea; bederatzi urte geroago itxi zuten kobazuloaren zatirik handiena bisitarientzako, joan-etorriok egiten zizkioten kalteengatik. Orain, hall-era sar daiteke. Pandemiak uzten duenean, ondoko ermitan egiten zituzten bisita birtualei ekingo diete berriz.

Urte luzeetako ikerketek gaur egun ere jarraitzen dute. Bada zer aztertu, duela 14.000 urte inguru Santimamiñen bizi ziren gizakien egunerokotasunari buruz informazio gehiago argitzeko. “Teknika modernoekin egindako azken indusketetan, etxolen arrastoak aurkitu dira. Haitzulo barrua egokitu egiten zuten, eta etxolak egin. Eremu bakoitza jarduera batera bideratuta zutela ebatzi da. Arlo horiek gehiago ikertzen ari dira”, Garciaren arabera.

Teknika berrien emaitzak

Ehiza, arrantza eta landareak bilduta bizirauten zuten gizaki haiek. “Batzuetan ehiza selektiboa egiten zuten. Landare bilketarena betidanik onartu da, baina ez da hain ezaguna. Barandiaranek egindako indusketetan ez zen argi aitortu, ez zegoelako lurrean ikus daitezkeen polenak eta haziak identifikatzerik”. Egungo teknikekin posible da jakitea haragiak, arrainak eta landareek zenbateko pisua zuten euren elikaduran.

Ikerketek egungo aurreiritziak eta zabaldutako estereotipoak hankaz gora jartzeko ondoriorik ere ekarri dute: generoen gainetik espezializazioak zeudela ebatzi dute. “Emakumeak zein gizonak, biak izan zitezkeen ehizara ateratzen zirenak. XIX. mendean finkatutako estereotipoak ditugunez oinarri, uste izan dugu gizonezkoak zirela, eta hala irudikatu da”. Gauza bera gertatzen da hormetan margolanak egin zituztenekin: “Beste haitzulo batzuetako ikerketek frogatu dute margolanak egin zituenetako bateren bat emakumea zela”.