Elur panpina

Albistegietan ez dago beste berririk, tenperaturaren jaitsiera bortitza eta elurte latza dator. Hiriko bazterrean dagoen txabola auzoaz gogoratu naiz. Argindarrik gabe utzi zuen enpresa hidroelektrikoak aspalditxoan, eta erakunde publikoek ez dute zirkinik ere egin arazoa konpontzeko, interes ekonomiko ilunengatik.

Egoera gordinetan pertsonaia interesgarriak azaltzen direlakoan bertaratu naiz goizeko lehen orduan. Iritsi naizenerako aldauria kazetariz josita zegoen, argazki kamerak lepoan, karroñero zikinak, elurtea noiz hasiko zain, etxe epeleko sofan eroso eseritako irakurleari argazki melodramatiko bat eskaintzeko prest. Neu ere horixe egitera etorri naizela pentsatuko duzue, agian. Ez da gauza bera, joder. Pertsonaia bat ehizatu behar dut bai ala bai, biziraupen kontua da. Eta ez badidazue sinisten, zoazte pikutara.

Kazetari baino biztanle gehiago inguruotan, eta zaila izango da inorekin solasean hastea. Mesfidantza eta beldurra nagusi dira hemen. Kanpotar gutxi azaltzen da inguruotan, eta azaltzen diren apurrak sirena ozenen zaratarekin agertu ohi dira. Sarekadak errutina dira, borrak eta eskuburdinak lengoaia bakarra.

Mutiko bat dago bazter batean, harri batean eserita, zerura begira, eskuetan plastikozko poltsa bat. Hurbildu naiz ea zertan dabilen. Elurraren zain dagoela. Eta poltsakoa erakutsi dit: azenario bat, bi botoi eta tela zati urratu bat, elur panpinaren sudurra, begiak eta bufanda egiteko. Bakean utzi dut.

Alferrik ibili naiz pertsonaia bila. Kazetari sarraskijaleek bahituta daude hitz egiteko prest dauden bakarrak. Eguerdirako oraindik elurraren zantzurik ez, eta putre batzuk joan dira, argazki morbosorik gabe erreportajeak axolarik ez duelakoan. Bertan geratu naiz ni, zorteak nire alde joko duen esperantzarekin.

Gaua heldu denean oskarbi dago, eta izarrak pizten hasi dira zeruan. Hotz ikaragarria dago, baina bistan da elurrik ez duela botako. Azkeneko sarraskijaleak joan dira jada. Nik ere alde egin beharko dut, azkeneko autobusa ez badut galdu nahi. Harrapakinik gabe. Kaka zaharra.

Auzotarrak haien etxoletan sartu dira, elurteaz libratzeagatik kontsolaturik. Teilatuetan baldar irekitako zuloetatik ageri diren latoizko tutuek, badaezpadako erregaiak sortutako ke zikina botatzen dute. Haizerik ez, eta kea artez doa gorantza.

Autobusera bidean, mutikoa topatu dut, goizean utzitako toki berean. Eta pentsatu dut bera izango dela, auzokoen artean, elurraren hutsak samindu duen bakarra. Ez naiz batere sentibera, baina une honetan sentitu dut mutila kontsolatu beharra. “Beste batean izango da”, edo antzeko zerbait esan diot. “Beste batean, zer?”, berak. “Elurrezko panpina”, nik, “beste batean egingo duzu”. “Egin dut, ba!”, berak. Ez diot ulertu. Lurrean botata dauden azenarioa, botoiak eta tela zatia seinalatu ditu.

“Zer da hori?”, galdetu dit. Ez naiz erantzuteko gauza izan. Barre egin dit. “Polizia izateko ez duzu balio! Bestela, erraz jakingo zenuke hemen elurrezko panpina baten gorpua dagoela! Elurra urtu denean, sudurra, begiak eta bufanda besterik ez dira geratu. Aztarnak aztertzera eramaten dutenean frogatuta geratuko da panpinaren izena eta heriotzaren arrazoia”. Begietara begiratu diot. Ez nuke jakingo zer esan nahi duen haien distirak. Txarra naiz, oso, umeen begiradak aztertzen. Hura oraindik umea baldin bada.