Bertako kulturari hauspoa

Bertako kulturari hauspoa

Natalia Salazar Orbe

Txumuluxueta elkartearen sorrera ulertzeko, 25 urte egin behar da atzera. 1995a zen; kultur jarduerak egiten ziren garai hartako Diman. Hala ere, Gotzon Aurrekoetxea elkarteko kideak azaldu duenez, norbanakoek antolatzen zituzten, ez zegoelako elkarterik. “Horrek sor litzakeen arazoak kontuan izanda sortu zen elkartea, aurrerantzean egingo ziren kultur ekitaldien estalpe izateko; alegia, aurrerantzean egingo ziren jarduera kulturalak elkarte baten babesean egiteko, eta ez norbanakoen izenean”.

Erantzukizun hori modu kolektiboan hartzeko sortu zuten Txumuluxueta, eta era horretan ospatu dute mende laurdena ere: herrian kulturak duen egoerari buruzko hausnarketa egin dute, mahai inguru batean.

Urte bukaeran herriko hamalau elkarte elkartu ziren. Mahai inguru hori baliatu zuten kulturak herrian duen egoerari buruzko hausnarketa egiteko. “Elkarteak bizirik irauteko jarduerak antolatu behar horrek elkartearen zergatiak eta zertarakoak ahanztera eraman gaitzake, neurri batean. Noizean behin, hausnarketa egin behar izaten da, zertan ari garen eta daramagun bidea egokiena ote den aztertzeko eta eztabaidatzeko; geldialdiak egin behar dira, alegia”.

Kultura lokalari garrantzi handia ematen diote: “Bera da, batetik, kultura nazionalaren harrobia, eta, bestetik, balizko kontsumitzaile onena. Zenbat eta kultura lokal indartsuagoa izan, orduan eta kalitate handiagokoa izango da kultura nazionala. Eta, aldi berean, ikusle gehiago izango da bertan egiten diren kultur jardueretan”, esan du Aurrekoetxeak. “Kultura lokalak baldintza hobeak ditu parte hartzailea izateko, eta kultura parte hartzaile honek handitu egiten dio eragina”.

Ikuspegi zabala

Kulturari buruzko ikuspegia hasiera hasieratik zabala izan dela kontatu du Txumuluxuetako kideak: “Gizakiak bizitza antolatzeko dituen usteak eta sortzen dituen egiturak eta lanabesak hartzen ditugu kulturatzat. Gainera, kultura modu aktiboan, parte hartzailean ulertzen genuen, eta hala egin dugu gaurdaino”.

Ibilbidea hasi zutenez geroztik, denetariko jarduerak antolatu dituzte: hitzaldiak, mendi irteerak, ikastaroak, herriko txokoak ezagutzeko txangoak eta lehiaketak, besteak beste. Azkenaldian, bereziki, memoria historikoaren lanketan eta Jentilak Diman egitasmoan jarri dituzte indarrak.

Mitologia sozializatzea eta belaunaldi gazteei transmititzea du helburu Jentilak Diman egitasmoak. 2015ean abiatu zutenetik, urtero jarduera berriak aurkezten dituzte. Jarduera nagusi bat eta beste txikiago batzuek osatu ohi dute elkartearen eskaintza. Jarduera nagusi hori ere aldatu egiten dute urte batetik bestera: “Urte batean, mendi ibilbide mitologikoa antolatzen dugu Jentilzubira, Baltzolako kobara eta inguruetara; beste urte batean, berriz, ikuskizun bat herriko pilotalekuan”.

Hiruzpalau orduko mendiko ibilbidean ipuin mitologiko bat kontatzen dute, antzezpen txiki bat eginez, eta dantzak eta kantuak ere izaten dira. “Izaki mitologikoak ere agertzen dira —lamiak, jentilak, Gizotso eta Basandere, besteak beste —, eta euren mezua helarazten diote bertaratutakoei”.

Dimako pilotalekuko ikuskizuna, berriz, kalejira koloretsu baten ostean egiten dute. Ipuin mitologiko bat antzeztu, eta haren inguruan dantzak eta abestiak interpretatzen dituzte. “Ikuskizunean 100 pertsona inguruk hartzen dute parte; denak ala denak dira herritarrak: helduak, gazteak, umeak eta erretiratuak”. Jarduera nagusi horien ondoan, eta Mitologia astearen barruan, hitzaldiak, ipuin kontalariak, tailerrak — adarra jotzen ikastekoak edota irrintzi tailerrak, besteak beste —, eskola umeen marrazki eta ipuin mitologikoen txapelketak, eta bestelakoak antolatzen dituzte.

Gainera, Dimako Memoria Historikoaren helburua da 1936ko gerrak herrian eta herritarrengan izandako eragina eta ondorioak ezagutaraztea. “Sano garrantzitsua da herriko historia ezagutzea eta gerra herrian zer-nola bizi izan zen eta zer eragin izan zuen —heriotzak, zigorrak… — jakitea justizia egiteko bide bat da”. 2015ean hasi zuen ibilbidea egitasmo horrek ere, berbaldi baten bidez. “Gaur egun, udalaren eta EHUren artean oroigarri artistiko bat lantzen ari dira”.

Bi jarduera horiek bertan behera geratu ziren 2020an, COVID-19ak baldintzatuta. Jentilak Diman aurten ere ez dute egingo. Aurrera begira, horiei berriz heltzeko gogoa du elkarteak, eta, egin berri duten hausnarketaren ostean, euren ardatzak berriz eztabaidatuko dituzte.