“Aukera paregabea galdu dugu”

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Hiri Antolaketarako Plan Orokor berria atzeratzeko eskatu zuen iaz, Ekologistak Martxan elkartearekin, Biziz Bizi taldearekin eta Abando Habitable mugimenduarekin batera. COVID-19aren pandemiak agerian utzi ditu hiriak bertan bizi ahal izateko dituen gabezia eta premia batzuk, eta horien inguruko gogoeta bat egin gura zuten. Udalak ez zien kasurik egin, eta, espero bezala, urtea bukatu aurretik onartu du plana. “Badakigu nolako hiria dugun. Herritarrentzat espazioak sortzeko aukerak mugatuak dira, baina aztertuta asko egin zitekeen Bilbo bizigarriago baten alde. Aukera aparta galdu dugu”, penatu da Iñaki Llano Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko kidea.

Azken hilabeteetan gertatutakoa ipini du adibide gisa, pandemia dela-eta norbere udalerritik irteteko debekua egon den asteetan jazotakoa. “Kritikatu da Pagasarri eta itsasadar ertzeko pasealekuak Kale Nagusia merkealdi garaian baino beteago egon direla, kritika egiteko asmoz. Eta zer egingo dute bilbotarrek, udalerri barruan egoteko beste lekurik ez badute?”. Llanoren ustez, Bilbon, ibilgailuek lehentasuna galdu behar dute, eta txirrindulari eta oinekoentzako espazioa irabazi.

Aitortu du hiriak babes ofizialeko etxebizitzak behar dituela, baina horiek eraikitzeko modua gaitzetsi du. Izan ere, esan du urbanizazio prozesuetan eremu guztia erabiltzen dela, espazio librerik utzi gabe. “Artxandan eta hiriaren eraztun berdean erosi dira lursailak, hiriaren erdigunean dugun berdegune falta orekatzeko. Baina hori ez da konponbidea”. Hirian bertan herritarrentzako lekua behar dela azpimarratu du. Basurturen kasua aipatu du. Auzoko bizilagunen artean kezka eragin du EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Medikuntza Fakultate berriak zortzi solairu izango dituela jakiteak. “Ez daude fakultatearen aurka. Baina fakultate hori Basurtun eraikitzekoak ziren lehen proiektua zen, eta atzeratzen joan da. Bien bitartean, inguru guztia urbanizatu dute: Ingeniaritza Fakultatearen inguruak, San Mames berria, autobus geltoki intermodala, Garellanoko dorreak… Auzoa espazio libre gabe geratu da, eta orain, zortzi solairuko fakultate berria etorriko da”.

Osakidetzak berak eskatu du etorkizunean planean sartzeko Basurtuko Ospitalea handitzeko proiektua, eta Llanok esan du horrek ere ezinegona eragin duela: “Ez daude ospitalea handitzearen aurka, baina ezta egin nahi den lursailetan egitearen alde ere. Hiriaren beharrak eta auzoko bizilagunenak talka egiten dute”. Uste du ingurua antolatzeko orduan herritarren beharrizanak eta iritzia kontuan hartu behar izan direla, parte hartzea erraztu behar izan dela. Izan ere, kexatu da herritarrek, oro har, esku hartze mugatua dutela, eta, bereziki, HAPO berria taxutzean igarri dela. Udalak azpimarratu du 4.000 bilbotarrek parte hartu dutela plana osatzeko prozesuan. “Ni izan naiz euretako bat, baina prozesu guztia oso gidatuta zegoen. Aurreidazketan galdetegi bat erantzuten genuen, eta galdera guztiak udalak proposatzen zuenari baietz erantzuteko moduan idatzita zeuden. Hori ez da prozesu parte hartzaile bat”. Esan du ez dutela ia batere aukerarik izan beren ekarpenak egin ahal izateko, eta egiten dituztenak “alderdi politikoen arteko gehiengoen mende” geratu direla ondoren.

Berrerabilera

Esan du antzeko zerbait jazo dela Zingira kaleko 8. zenbakian dagoen orubearekin. Udaletxetik gertu dago, Areatzako aterpeen parean. Eraikina bota egin zuten, Etxebarria parkera igotzeko igogailua egiteko asmoz. Gero, udalak bulegoak egin gura izan ditu, etxebizitza eraikinen segida osatzeko. Zazpikaleetako eta Gas plazaren inguruko bizilagunek espazio libre moduan uzteko eskatu izan dute planaren parte hartze prozesuan. Mila sinaduratik gora aurkeztu dituzte, baina alferrik aritu dira. Azkenean, PPk eroan du herritarrek egindako proposamena osoko bilkurara, eta udal gobernuarekin egindako akordioari esker, espazio libre moduan jarraituko du, Etxebarria parkearen jarraipen modura.

Beste erabaki “oker” bat ere azaldu du: Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusa handitzeko eremua erdira txikitu du plan berriak. “Baina espazio librea okupatzen duzu oraindik ere”. Hiriak behar dituen ekipamenduetarako lekua topatu behar dela adierazi du, espazio librean eraiki gabe. “Bertan behera utzitako industria pabiloiak berrerabil daitezke, alternatiba modura”. Azaldu du halako ugari dela Iralan, Errekalden, Zorrotzan, Zorrotzaurren… “Dagoeneko eraikita ditugu. Orain beste erabilera bat eman behar zaie, dagoeneko eraikita duguna aprobetxatu”.