“Sormena ez da soilik arkatza hartzea: arkatz horretatik bizitzea da”

“Sormena ez da soilik arkatza hartzea: arkatz horretatik bizitzea da”

June Prieto

Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta, Irudigileak (1974-2019) liburua idatzi dute Kike Infame eta Alex Oviedo bilbotarrek. Infame irudigilea da; Oviedok hainbat urtez inprenta batean lan egin du, eta orain idazlea da. Bien artean laburbildu dute 1975. urtetik Bizkaiko irudigileek egindako ibilbidea. Oviedoren esanetan, mila ilustratzaile inguru agertzen dira liburuan, eta ikerketa lana izan da nagusi. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz dago, eta Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX): Odisea grafikoa (Bizkaiko Foru Aldundia, 2011) liburuak hasitako zikloa itxi nahi izan dute azkeneko argitalpen honekin.

Ilustrazioa ikertzen duten liburuak ez dira asko, ezta?

ALEX OVIEDO: Gaia lantzen hasi ginenean, konturatu ginen oso gutxi zegoela idatzita, ez bakarrik ilustrazioari buruz, baizik eta diseinu grafikokoari buruz ere bai. Gai hori oso presente dago gure eguneroko bizitzan, baina inork ez du idazten horri buruz.

Hamarkadaka egitea erabaki duzu. Zer nabarmenduko zenukete bakoitzeko?

OVIEDO: 1960ko eta 1970eko hamarkadak aztertzen hasi ginenean, konturatu ginen garai hartan Euskadi irudiz, kartelez, diskoz, itsasgarriz… beteta zegoela. Politikoki oso aktiboa izan zen garai hura. Hori dela eta, hamarkadaz hamarkada ikusi genuen bakoitzak nortasun berezi bat zuela; izan ere, azkenean, garai bakoitzeko gizarte baldintzek eta aurrerapen teknologikoek asko markatu zuten historia.

Zuek aztertu dituzuen hamarkada guztiak bizi izan dituzue. Balio izan dizue ikerketa lana egiten hasteko?

OVIEDO: Gure karpetak itsasgarriz beteta zeuden, eta ikusten hasi ginen itsasgarri eta kartel horiek egile batzuk dituztela. Aurkikuntza handienetako bat izan zen. Hasieran autodidaktak ziren; talde grafikoetako eta inprimategietako kide ere baziren, eta ez zuten sinatzen. Autodidaktismo horren ondorioz, eskura zutena erabiltzen zuten.

KIKE INFAME: Francoren heriotzatik aurrera, euskararen normalizazioa ere hasi zen, eta horrek ikastolak behartu egin zituen edukiak sortzera. Irakasle asko idazle bihurtu ziren, eta irudiak ere behar zituzten. Denborak aurrera egin ahala, egokitu egin zen jarduteko modua: lehen, ez zen ikasten; orain, belaunaldi berriek Arte Ederretako ikasketak dauzkate, arte grafikoetako eskolak ere badaude, bekak jaso dituzte…

Emakumezkoen presentzia ere nabarmena da. Denbora aurrera joan ahala, gero eta leku esanguratsuagoak joan dira betetzen.

OVIEDO: Emakumezko ilustratzaileen ehunekoa izugarria da. Hasieran, beharbada, gizonek kulturaren mundua pixka bat gehiago kontrolatzen zutela esan daiteke, baina, gaur egun, askoz andre sortzaile gehiago agertzen dira: Requel Alzate, Elena Ciordia, Ane Pikaza, Irati Eguren. Liburuan aipatzen den lehen ilustratzailea 1980ko hamarkadakoa da: Asun Balzola.

INFAME: Ilustrazioaren historia emakumeen istorio bat da, hamarkada guztietan autore asko agertzen baitira. Proposamen aurreratuen bidez, Balzolak oso kontzeptu berriak lantzen ditu. Orain, emakume askok album ilustratuaren alde egiten dute.

Bizkaira mugatu behar izan duzue zuen ikerketa. Badauka herrialde honek estilo berezirik?

INFAME: Hasieran, liburuak patchwork bat zirudien, eta zalantzak genituen horren guztiaren atzean kontakizun bat izango ote genuen. Dokumentazioan parte hartzea eta protagonistak ezagutzea gustatzen zait niri, eta Alexek, idazlea den heinean, hori guztia batzen jardun du.

OVIEDO: Euskal argitalpen lanaren zatirik handiena Gipuzkoatik dator: Elkar, Erein… Baina guk argi utzi dugu Bizkaian ilustratzaile sorta handi bat dagoela. Agian, ez dago Gipuzkoan bezalako argitaletxe indartsurik, baina ilustratzaileen mundu indartsu bat dago. Ni naiz pixka bat ikerketa zentratu zuena, baina ez dakit estilo bat dagoen, autore bakoitzak bere estiloa baitu.

Zelan ikusten duzue hemendik aurrera ilustrazioaren lana?

INFAME: Sormena ez da soilik arkatza hartzea: arkatz horretatik bizitzea da. Azken kapituluan, internazionalizazioaren gaia landu dugu. Etapa lokal batetik abiatu dugu liburua, baina hori aldatuz joan da: azken urteotan, Balzateren moduko autoreak Berlinen daude munduko gainerako herrialdeentzat argitaratzen. Marraztea ez da liburu bat egitea soilik, hitzaldi batean marrazki bat egin dezakezu hitz egiten duzun bitartean, eta hori ilustrazioa da. Ilustrazioa da, halaber, dokumentu irakurtezin bat sinpleago bihurtzea grafikoen bidez. Beraz, bakoitza bere bidearen bila dabil.