Lehen Mundu Birako bizkaitarren memoria

Lehen Mundu Birako bizkaitarren memoria

Zihara Jainaga Larrinaga

Historia liburuek kontatzen dutenez, Lehen Mundu Bira Fernando Magallaesen agintepean hasi eta Juan Sebastian Elkanok amaitutako bidaia izan zen. Lurra alderik alde itsasontziz zeharkatzea zen xedea, eta, hain zuzen, Elkano izan zen Lurraren lehen zirkumnabigazioa egin zuen marinel taldearen buru, 1519 eta 1522 bitartean. Besteak beste, ekaitzak, gosea… jasan behar izan zituzten hiru urte luzez. Bost itsasontzi abiatu ziren Sevillatik (Espainia), eta batek soilik lortu zuen itzultzea. Baina historia liburuek ez dute dena kontatzen, eta askotan hainbat pertsona eta jardunbide itzaletan gelditzen dira. Hain zuzen ere, itsasontzi horietan Magallaesez eta Elkanoz gain hainbat marinel ezezagun ere itsasoratu ziren. Horietako 33 euskal herritarrak izan ziren; tartean hamalau bizkaitar, eta, zehazki, zazpi bermeotar. Haiek dira Lehen Mundu Biraren alderdi ezezagunetako bat, eta haien memoria berreskuratu asmoz, Bermeoko Arrantzale Museoan Akurio eta Elkano 1519-1522 Bizkaitarrak Lehen Mundu Biran erakusketa dago ikusgai, datorren urrira arte.

Xabier Armendariz historialari eta marinela da erakusketaren komisarioa. “Erakusketa hau Lehen Mundu Biran egon ziren eta funtsezko postua izan zuten bizkaitarren memoria berreskuratzeko ahalegina da”, azaldu du. “Nolabait, harro sentitu beharko genuke horrelako balentria bat egiteko gai izan ziren herritarrez, balioa eman behar zaio egindako lanari”, gaineratu du. Dioenez, Elkanori buruz asko hitz egin da, eta berari gehiago interesatzen zitzaion espedizioko beste jende bati buruz hitz egitea. Hain zuzen, Bizkaiko hainbat tokitako herritarrek, zenbait nafarrek eta Ezpeletakoren (Lapurdi) batek parte hartu zuten espedizio ezagun hartan. Eta, Armendarizen esanetan, jende horri “dena” zor zaio, are gehiago, espedizio horretan egon izan ez baziren, espedizioa ez zela egingo nabarmendu du. “Elkano eta Magallaes ziren agintzen zutenak, baina azpian tripulazio onik ez bazuten, itsasbidaia ez zen aurrera aterako”.

Lehen2

Marinel horietako bat Juan Akurio deitzen zen, bermeotarra. Zehazki, kontramaisua zen, itsas heziketa garrantzitsua jasotakoa. “Ez dugu askoz gehiago ezagutzen, baina itsas ikuspuntutik oso pertsonaia garrantzitsua izan zen espedizioan”, zehaztu du Armendarizek. Beste sei bermeotarrek ere parte hartu zuten. Horietatik bost Concepcion ontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren —Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga eta Pedro Mugertegi—, bestea San Antonio itsasontzian itzuli zen —Pedro Sautua—, eta azkenak Juan Pedro Txindarza morroi edo txoak munduari bira eman zion Akuriorekin batera.

Bermeoko erakusketak nolabaiteko eragina du Bizkaiko historian, munduari bira eman izanaren ospakizun handietan normalean aipatzen ez den jendearen oroimena berreskuratzen delako. Bestela, marinel horien izenak zerrenda bakar batean izendatzen dira soilik. “Denok genekien nor ziren munduari bira eman zioten euskal herritar eta bizkaitarrak, baina lau datu eskas zituen zerrenda triste bat geneukan soilik”, adierazi du Armendarizek. Horregatik, erakusketaren bidez komisarioa marinelen eguneroko gauzez hitz egiten saiatu da, hala nola nortzuk ziren itsasgizon horiek, norantz zihoazen, zer lanbide zuten, nola bizi ziren itsasontzian, zer jaten zuten, nola izan ziren gai XVI. mendean ontzi bat mantentzeko, zein ziren beraien beldurrak, beraien itxaropenak, diruarekin etorriko ziren ala ez uste zuten, bizia arriskuan zergatik jartzen zuten… jakin daiteke erakusketa bisitatuta, besteak beste. Armendarizek azpimarratu du gaiaren inguruko datu askorik ez dela ezagutzen, eta erakusketa ontzeko aurrez argitaratuta dauden datuez baliatu dela.

Lehen3

Parte hartzaileen begietatik

Espedizioaren alderik gizatiarrena, eta ez “suziri eta ospakizunena” islatu du Armendarizek Arrantzaleen Museoko hirugarren solairuan ikus daitekeen erakusketan. Komisarioaren arabera, Lehen Munduari Biraren historian murgiltzeko sarrera bat da Akurio-Elkano 1519-1522 Bizkaitarrak Lehen Mundu Biran erakusketa, eta, are gehiago, datu guztiak eskura ditu bisitariak. “Ikusleak Lehen Mundu Biran alderdirik hotsandikoenean bakarrik jartzen badu arreta, alderdi gizatiarra galduko du, eta atentzioa alde gizatiarrean jarriz, aldiz, askoz hobeto ulertuko du zergartik egin zen”. Armendarizek argi utzi nahi izan du Lehen Mundu Biraren historia askoz hobeto ulertzen dela erakusketaren testuinguru osoa aintzat hartuz gero.

Tripulazioko jendeari buruz hitz egitea da erakusketaren helburua; batez ere, eguneroko bizimoduari buruz eta itsasontzietan zihoazen marinelek zuten asmoei buruz. “Kontuan izan behar da gehienek beldur handia zutela itsasontzi batera igotzeko, ezezagunerako bidaia hasteko”, esan du Armendarizek. “Zerbait oso indartsua egon behar da, egitera bultzatzen zaituena”. Marinelen gogo eta arrazoi horiek Elkanori munduari bira emateagatik bizi osorako pentsioa ematea baino gehiago interesatzen zaizkio erakusketako komisarioari. “Niri marinelen eguneroko bizitza interesatzen zait, eta ez handikeriak edo itxurakeriak. Historia liburuetara pasatzen ez ziren pertsonak ditut gustuko”.

Lehen4

Denetariko helburuak

Lehen Mundu Biran itsasoratu ziren marinelek helburu desberdinak zituzten. Horietako askok herrian edo lurraldean ospea izan nahi zuten, munduari bira eman ziotela esateko soilik egiten zutenak ere bazeuden, edo beste zenbait diruarekin itzuli eta gizartean estatusa igotzeko ahaleginean zebiltzan. Funtsean, dirua eta ohorea ziren haien helburuak. Bigarren maila batean zegoen abentura. “Bakoitzak bere motibazioa zuen, baina garai harekin guztiz bat zetozen motibazioak ziren. Orain ulertuko ez genituzkeen motibazioak”, azaldu du Armendarizek. Argi-ilunak izan zituen espedizo hura lorpen handia izan zen, historikoa.

Bisita gidatuak antolatu dituzte Bermeoko Arrantzale Museoko erakusketa Armendarizen azalpenek lagunduta ikusteko. Hil honen 23an 12:00etan eta 28an 19:00etan egongo da, oraingoz, horretarako aukera. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea.