Iraunkortasunaren mugak

Iraunkortasunaren mugak

I. Maruri Bilbao

Europako Arrantzako Ministroen Kontseiluak Batasuneko kide den estatu bakoitzari dagozkion arrantza kuoten banaketa egiten du. Joan den abenduaren 15etik 16ra bildu ziren Bruselan, aurtengo banaketa egiteko. Horretarako zientzialariek egindako biomasa txostenak erabiltzen dituzte. Euskal flotarentzat, alturako ontzientzat batez ere, legatza da espezierik garrantzitsuena. Europako Batasunak %12,8 txikitu gura zuen kuota, baina azkenean %5ekoa izango da jaitsiera. Albiste txarra, bai, baina espero baino hobea Ondarroako alturako arrantzaleentzat. Dena den, haserre daude; haien esanetan, inork ez die frogatu espeziearen biomasa egoera txarrean dagoenik.

Erresuma Batuko arrantzaleekin ustiatzen diren uretako kuotak zehaztu barik daude, Brexitaren akordioaren menpe. Hala ere, behin-behineko kuota batzuk ezarri dituzte urteko lehen hiruhilerako: iaz urte osorako ezarri zituzten kuoten %25 harrapatu ahal izango dute. Salbuespena izango dira berdela eta txitxarroa: iazko kuotaren %65 harrapatu ahal izango dituzte, urteko lehen hilabeteetan egiten baita bi espezie horien kanpaina.

Hegaluzea, antxoa eta berdela dira sektorearen beste zutabeak, baina badira kopuru txikiagoetan lehorreratzen diren espezie gehiago. Europako Arrantza ministroek adostu dute antxoaren harrapaketa muga iaz baino %3,5 handiagoa izatea; hau da, 29.700 tona arrantzatzeko baimena dute. 2005etik 2010era, antxoa arrantzatzea debekatu zen Bizkaiko golkoan, desagertzeko arriskuan zegoelako. Etenaldiaren bukaeran arrantzaleek eta zientzialarik urteko gehienezko kuota 33.000 tonatan adostu zuten, eta hala izan da azken urteetan. 2020an jaitsi egin zuten; baina zientzialariek iaz egindako ikerketek emaitza onak eman dituztela eta, berriro igo da. “Biomasak ondo daude, antxoa asko dago. Baina txikia da, eta merke saltzen da. Handia hobeto saltzen da kontserba fabriketara”, esan du Eusebio Aranzamendi Ondarroako Santa Klara Arrantzaleen Kofradiako presidenteak. Bizkaiko Kofradien Federazioko burua ere bada, behin-behinean.

“Txitxarroa daukagu txarto. Zientzialariek esaten dute txarto dagoela espeziea. Sardina hobeto dagoela ere esan dute”. Baxurako arrantzaleei, gutxi gorabehera, kuotak iazko antzera geratu zaizkie. “Ez da aldaketa handirik egon”, dio Aranzamendik. 2020a oso arraroa izan dela kexatu da. “Arraina mendebaldetik egon da, eta oso gutxi sartu da Ondarroako portura. Aspaldian ez dugu izan hain urte txarrik”. Ez daki zer gertatu den, baina badu susmorik: “Ontziak portuan egon ziren hiru asteetan arraina mendebaldera joan zela uste dugu”.

Urruneko itsasoetan

Europako Batasunaren esku dago bere mugetatik kanpo arrantzatzeko hitzarmenak adostea ere. Berbarako, Seychelleetako Errepublikarekin hitzartutakoari esker, Bermeoko hogei bat atunontzi izoztaile Indiako ozeanoan ibiltzen dira arrantzan.

Diru truke egiten diren akordioak dira, sarri bioaniztasuna kontuan hartu gabe. Eta horrek arriskuan jar dezake espeziea. Hala, Indiako ozeanoan bizi den atun tropikala babesteko nazioarteko ekimen bat sortu dute Europako Batasunak eta IOTC Indiako Ozeanoko Atunaren Batzordeak. Azti ikerketa zentroa izango da proiektuaren buru. “Otolitoen, gonaden eta atunen gorputzeko beste atal batzuen laginak biltzeko plan bat egingo dugu, gero horiek aztertu eta aurreko ikerketetan jasotako laginekin konbinatzeko”, azaldu du Gorka Merino AZTIko tunidoen arrantzaren kudeaketan adituak.

Lagin horiek aztertu ondoren, atunen adinari, hazkundeari eta ugalketari buruzko kalkuluak egingo dituzte; baita ezpata arrainaren, tintoleten eta batzuenak ere. Era horretan, atunaren iraunkortasuna bermatzeko datuak lortu gura dituzte, inguru hartan arrantzarako kuota jasangarriak ezarri ahal izateko.