Hasi berri den urte hau

Aste hasieran elurrari atera zenizkion argazkiak bidali dituzu etxekoen WhatsApp taldera, eta begien lekuan bihotz gorri bi dituen emotikonoarekin erantzun dizu amak. Sare sozialetan ere jarri dituzu elurtzaren argazkiak, eta, jendearen erantzunaren zain, aldiro hartzen duzu sakelakoa eskuetan. Astelehenean bueltatu zinen lanera eta ahaztu duzu dagoeneko Gabon egunetan izandako astebete luzeko oporraldia. Beste urte batzuetan ez bezala, lasaia izan da aurtengoa: konpromiso gutxiago eta lo egiteko denbora gehiago.

Egutegiari begira, urteko bigarren ostirala dela ohartu zara. Aspalditxoan bezala, asteburu honetarako ere ez daukazu planik, eta, beste garai batean ez bezala, orain horrek lasaitu egiten zaitu. Urtea amaitu orduko 37 urte beteko dituzula pentsatu duzu, eta balkoira atera zara etxean egoteko arropa epelarekin. Kalean hotz egiten du, baina gustatzen zaizu kanpokoaren eta barrukoaren arteko kontrastea.

Azalarentzat ona ei da hotza. Lagun bati entzun zenion ur beroarekin dutxatzeak ere ez dakarrela ezer onik. Baina ur hotzarekin dutxatzea, gaur lako egun hotz batean balkoian biluztea bezain gogorra iruditu zaizu, eta arin uxatu duzu ideia burutik. Izango da aurten aldatu beharrekoen zerrendan gauza errazagorik. Gozo gutxiago jan beharko zenukeela errepikatu diozu zeure buruari, eta kirol gehiago egin. Derrepente akordatu zara pisukideak ekarritako polboroi eta mazapanez betetako poltsarekin, eta goserik behar ez lukeen sabelak irribarre egin dizu.

Zure bikotekide den edo ez den ez dakizun horrek mezu bat bidali dizu. Ilusioa egin dizu mezuaren jakinarazpenak; mezuak, ez horrenbeste. Zure ustez sinplea den galdera zuzen bati erantzun lauso eta poetikoa eman dio. Ez duzu ezer ulertzen, edo ez du ezer ulertu nahi. Beharbada horrelakoa da zuen artekoa: lausoa eta poetikoa. Sofan etzan zara, eta udazkenaz geroztik hasitako bernetako ileei begiratu diezu. Ez zenituzke gorrotatu nahi, baina gorroto dituzu. Eta, gorroto dituzun arren, ez dituzu kentzen. Hori ere lausoa eta poetikoa iruditu zaizu, eta irribarre egin duzu.

Neguko ostiral iluntzeak eguerdi ostean hasten direla iruditzen zaizu. Sofan erlaxatzea arratsaldeko plan bihurtzeko zorian zegoenean, pisukidearen giltza hotsa entzun duzu. Etxeko atea itxi, sukaldean sartu, eta berehala esan dizu: “Zinemara joango naiz laster, etorri nahi duzu nirekin?”. Ez dakizu zer film emango duten, eta ez dakizu joan gura duzun, baina baietz erantzun diozu. Dutxa azkar bat, loredun alkandora eta jertse horia. Espero baino koloretsuago ikusi duzu zeure burua ispiluan.

Zinemara bidean, urte berri honetarako nahi duzuenaz eta errepikatzerik gurako ez zenuketenaz aritu zarete: lanaz, diruaz, maitasunaz, neurri murriztaileez, borrokez, ametsez… Unibertsoak eskatzen diozuena ulertu eta jaso izana espero duela esan dizu pisukideak, erdi serio eta erdi brometan. Zineman sartu eta eseri zarenean konturatu zara ez dakizula zein den ikusiko duzuen filma, hasi den urte berri honekin gertatzen zaizun bezalaxe.