Erabilera, klimak baldintzatuta

Erabilera, klimak baldintzatuta

Ibai Maruri Bilbao

Arrantza indarra galduz doan sektore bat da, baina ez itsaso bidezko merkataritza. Horregatik, portuak azpiegitura estrategikoak izango dira gerora ere. Eta zaurgarriak ere bai. Klima aldaketaren inguruko ikerketek sarritan ohartarazi dute kostaldean izango dituen ondorioez. Kantabriako Unibertsitateko (Espainia) Ingurumen Hidrologia Institutuak, AEBetako Atmosferaren Ikerketarako Zentro Nazionalarekin elkarlanean, ikertu du zenbat sufrituko duten mundu osoko 2.000 portu garrantzitsuenek. Iberiar penintsula osoan, mende bukaeran Bilbokoa eta Bermeokoa dira muturreko arriskuan egongo diren bakarrak Parisko Hitzarmena bete ezean.

Mundu osoan, ikertutako 2.000 portu horietatik %14 egongo dira muturreko arriskuan. Bereziki, Ozeano Barean, Indiako ozeanoan eta Karibeko itsasoan dauden portuak izango dira zaurgarrienak. Ikerketa horretan ez dituzte soilik azpiegituretan eragingo dituzten kalteak neurtu. Denboraleek portuen erabilgarritasunean izango dituzten ondorioei ere erreparatu diete. Berbarako, haize gogorrek edo itsaso zakarrak itsasontziak porturatzea eragotziko duen edo muturreko tenperaturengatik moiletan lan egiteko zailtasunak egongo diren.

“Klima aldaketa baretu ezean, baliteke munduko portu sistemaren zati handi batek erabilgarritasuna galtzea, kalte ekonomiko zuzenak eta zeharkakoak eginez”, ohartarazi du ikerketa taldearen buru Iñigo Losadak. Haren esanetan, arrisku handienak dikeak gaindituko dituzten denboraleak eta uholdeak dira. Bermeoko eta Bilboko portuetan, itsas mailaren igoerak egingo ditu kalte gehien. Ohartarazi du iragarri baino gehiago igoko dela, poloetako izotz masa handiak urtzearen ondorioz. Izan ere, aurretik kalkulatu zuten baino handiagoa izaten ari da urtze prozesu hori dagoeneko. NBE Nazio Batuen Erakundearen IPCC Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeko kidea da Losada, eta azken txostenetan parte hartu du.

Obrak eta proiektuak

Jakitun dira zer etor daitekeen Bizkaiko portuetara klima aldaketaren ondorioz. Bermeoko portuak, berbarako, kalte gogorrak sufritu ditu azken hamarkadan. Larrienak 2014ko neguan izan ziren: hainbat itsas denboralek Frantxuen haitzetako horma eta olatu horma apurtu zituzten, baita moilan zuloak eragin ere. Bizkaiko kostalde osoan nabaritu zen itsasoaren indarra: Ondarroan, Mendexan, Bakion, Plentzian eta beste hainbat herritan.

Losadaren arabera, konponbide bakarra klima aldaketaren aurkako politikak serio hartu eta Parisko Hitzarmena betetzea da. Bizkaiko Hitza-k ikerketa taldearen arabera Bizkaian egoera zaurgarrienean leudeken portu bien kudeatzaileengana jo du, eurek zer egingo duten galdetzeko. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du Bermeokoa, eta Portu Agintaritzak Bilbokoa. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurugiro Sailetik esan dute klima aldaketaren aurkako eta ingurumen zaintzaren aldeko irizpideak politika guztietan aplikatzen dituztela, baita portuen kudeaketan ere: “Portu zuzendaritzari eta Euskadiko Kirol Portuak erakundeari dagokionean ere hala da, eta euskal administrazioak kudeatzen dituen portuetan sustatuko diren lan gehienek irizpide klimatikoa jasotzen dute bere baitan”.

Horrez gainera, dagoeneko egin diren eta egingo diren lanen berri eman dute. 2016an, Eusko Jaurlaritzak babes dikea konpontzeko eta indartzeko larrialdi lanak hasi zituen Bermeoko portuan: 2017an bukatu zen obra horren lehen fasea, eta bigarrena falta da egiteko. Horrez gain, Erroxape eta Xixili moilak konpontzeko lanak ere egin dira. Erroxapen, zoladura berriro ipintzeaz gain, kaltetutako zerbitzuak berrezartzea da helburua, eta merkataritzako kaien drainatze sare berria ere egin da. Amilburuaren gailurra metro erdi altxatuko da.

Bestalde, Bilboko Portu Agintaritzaren komunikazio bulegotik erantzun dute Europa mailako proiektu bitan sartzeko zain daudela. Bereziki klima aldaketak portuetan izango dituen ondorioak aztertuko dituzte, prebentzio neurriak hartu ahal izateko. Bilboko Udala eta Bilboko Portu Agintaritza AIVP Munduko Portu Hirien Sareko kide dira. Erakunde honek 2030 Agenda ipini du martxan. Bilboko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzak iazko urrian sinatu zuten agenda horrek jasotako hamar helburuak betetzeko konpromisoa. Besteak beste, klima aldaketaren ondorioei egokitzeko konpromisoa hartu dute, eta baita klima larrialdiari aurre egiteko trantsizio energetikoaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua ere. Era berean, mugikortasun iraunkorraren aldeko politikak ezarriko dituztela eta bioaniztasuna zaintzeko neurriak hartuko dituztela hitzeman dute biek.