Burdin Arotik Erdi Arora

Burdin Arotik Erdi Arora

N. S. O.

Burdin Aroan, Bizkaia mendietan eraikitako herrixka gotortuek osatzen zuten. Harresiek eta eremu malkartsuek babestu egiten zituzten herriotako bizilagunak. Bolunburu Zallako herrixka eratu zuten garai berean, handik 60 kilometro ingurura sortu zuten Arrolako oppidum-a ere. Gastiburu mendikatearen gailurrean ezarri zuten Kantauri itsasoaren ekialdean dagoen erromatarren garaiaren aurreko herrixkarik handienetako bat. Kristo aurreko IV. mendean eraiki zuten, eta Kristo osteko I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen gune nagusia izan zen.

Gaur egungo Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean kokatu zuten. Hamasei hektareako eremua hartzen du gotorlekuak. Garai hartan era horretako eraikuntzak oso ohikoak izan arren, Bizkaia osoan egoerarik onenean dagoena da Arrolakoa.

Kastroaren hedaduraz gain, Arrola hainbat elementuk egiten dute garrantzitsu: ate gotortuek, harresiek eta lubakiek herrixka babestu eta defendatzeko baliabideak eskaintzen zituzten. Labirinto bilakatutako korridore eran eraiki zuten sarrera, erasotzaileak sartuz gero, hegal guztietatik aurre egin ahal izateko.

berdin2

Foruma, Foruan

Erromatarren helduerarekin, mendi gailurrak utzi eta erreka bazterrak eta kostaldea hartu zituzten bizitoki hango bizilagunek. Erromatarren presentziaren adierazgarri da Foruko herri erromatarra. Ordura arte ipar isurialdean erromatarrik finkatu ez zela uste zen; aurkikuntza horrek bertan behera utzi zuen uste hori. 2003ko uztailean, Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuen.

Herrixka K.o. I. mendean sortu zuten. Hain zuzen, K. o. 48 eta 68 bitartean iritsi ziren lehen erromatarrak. Handik aurrera, etengabe garatu zen V. mendera arte. Hasieran, kokaleku militar bat izan zen. Apurka, handituz joan zen, eta jarduera ekonomiko garrantzitsua garatu zuen. Baiduridi Busturialdeko herriari forum berbatik datorkiola izena. Herrixka foru bat izango zelako. Inperioko forum-ak merkataritza guneak ziren. Inportaziorako eta esportaziorako lekuak eta jarduera politikorako eta ekonomikorako guneak ere bai.

ARGIÑETAKO GOI ERDI AROKO HERRIXKAREN AZTARNAK

Argiñetako kokalekua

Elorrion, Zenita auzoan kokatutako Argiñeta nekropoliaren azpian, ikerlariek ezusteko aurkikuntza bat egin zuten 2012an. 600 metro koadroko lurreko indusketa egin zuten Bilboko Arkeologia museoko arkeologoek, eta, besteak beste, egurrezko herrixka baten aztarnak aurkitu zituzten.

Aurkitutakoek agerian utzi dute duela 1.200 urte baino gehiago herri txiki bat zegoela eremu hartan. Eraikin gutxi batzuk besterik ez ziren: etxebizitzak, jakitokiak, ukuiluak, tailerrak eta sutegiak. Argiñetako herritarrak nekazariak eta abeltzainak ziren. Hala ondorioztatu dute adituek garia gordetzeko silo baten hondoan aurkitutako igitaiak eta animalia hezurrengatik. Behi, ardi, ahuntz eta txerri hezurrak azaldu dira. Eremua herrixka eraiki aurretik okupatu zutela erakusten dute, berriz, bertan aurkitutako beirazko ontziak, gerriko baten belarriak eta disko formako hilarri handiak. VI. eta VII. mende artean kokatu dituzte aztarnok.